Herriari emakumeen* ikuspegitik begiratzeko proposamena

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 8a, 15:26

aSUnak neska* gazteen taldeak antolatutako Non daude emakumeak*? erakusketak Okendo plaza hartu du goizean. Bi aldeetatik edukiz betetako zazpi panelen inguruan antolatutako ibilbideak, Lasarte-Oriako zenbait txoko ekarri ditu plazara, gogoeta sustatzeko xedez. 

Ekimen xumea izanagatik, edukiz betea ere bada. Batetik, herriko zenbait puntu beltzen irudiak bildu dituzte. Gaizki argiztatutakoak, errepide azpiko pasabideak, tunelak, bide bakartiak... Atsobakarren, Sasoetan, Zumaburun, Zabaletan, Hipodromoan  eta Erdigunean atzemandako hogei bat leku. Guztiek komunean dute "neskei* eta emakumeoi* ezinegona sortzen diguten guneak" direla.

Bestetik, emakumeen ikusgarritasun falta Lasarte-Oria osatzen duten kale eta txokoetan. Izendegian emakume izenik ez dela salatu dute, gizonezkoren baten omenez bataiatuak izan ziren dozena erdiri emakumezko izenarekin sortutako aldaera jarrita. Era berean, herrian barreiatuta dauden estatuak nahiz arte lanak ere gizonezkoek eginak direla gaitzetsi dute. 

Goizak aurrera joan ahala, herritarrak erakusketa ikustera animatu dira eta bere helburua bete badu, eztabaidaren bat piztu edo zer pentsatua emango zuen.