Talde berotasunean eta feminismotik borrokan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 5a, 12:00

Antolatuta, elkarrekin, indartsu eta borrokarako gogoz elkartu dira Lasarte-Oriako neska* gazteak, "feminismoak dakarren  goxotasun eta babesaren bueltan". aSUnak izeneko taldea osatu, eta herri feministago bat lortzeko bidean urratsak ematen ari dira; elkarrekin. Zehaztuta dituzte helburuak, eta, noski etorkizuneko erronkak ere bai. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira ere antolatu dituzte ekintza bat baino gehiago. Guzti horren berri eman dio taldeak TXINTXARRI-ri

Nola sortu zen taldea?

Hasiera batean, Buruntzaldeako udaleku feministak antolatzeko asmotan bildu ginen herriko hainbat emakume*. Baina pandemia egoera zela eta, genituen mugekin horrelako ekintza bat burutzea ezinezkoa zela ikusita, herrietara mugatutako egitarau bat osatu genuen, Harrotu eta erein lelo bateratuarekin. Ondoren, herriko emakumeen* artean talde feminista bat osatu eta gure artean saretzeko zegoen gogoa ikusita, indarrak batu eta herri feministago baten alde era kolektiboan borrokatzeko taldea sortzeko prozesuari hasiera eman genion, azkenean, aSUnak neska* gazteon talde feminista bihurtu dena. 

Nola antolatzen zarete?

Orain arte blokeka funtzionatu dugu. Bloke bakoitzean gai zentral bat erabakitzen dugu, herriko behar eta gure interesetatik abiatuta. Bloke bakoitzean, hiru lantalde bereizten dira, zehazki, formakuntza, aisia eta amaierako ekintza. Formakuntzarekin ematen diogu hasiera blokeari, aukeratutako gaiaren inguruan lanketa sakon eta aberasgarriak eginez. Behin blokean murgilduta, hasieratik ikusi genuen talde harremanak sendotzeko aisiari tarte bat egitea ere ezinbestekoa zela, nahiz eta zati hau pandemiak ezarritako mugek asko baldintzatu duten. Azkenik, amaierako ekintza herriari zuzendurik egoten da, blokean zehar egindako lanketa Lasarte-Orian plazaratzeko.

Bestalde, talde antolaketari dagokionez, alde batetik, esandako bloke hauek eta horien barruan egin nahi diren ekintzak antolatzeko talde eragile bat dago eta bestetik, ekintzetan parte hartzeko aukera zabaldu eta ahalik eta pertsona gehiengana iristeko asmoz, difusio talde bat dugu, herritar orori zabalik dagoena.

Zenbat neskek* osatzen duzue aSUnak taldea?

Zaila da zenbaki bat esatea, bloke edo egunaren arabera kopurua asko aldatzen baita. Baina, esan behar dugu, oso gustura gaudela hasieratik izan duen harrerarekin, oso gogotsu gaudela, eta interesa duen edonorentzat ateak beti zabalik daudela.

Zergatik aSUnak izena?

Hasieratik izan genuen argi, taldea neska* gazteon artean saretu, babestu eta ahalduntzeko elkargunea izatea nahi genuela. Lehen emakumeak suaren inguruan elkartzen ziren bezala, guk ere, geure suaren inguruan elkartu nahi genuen, feminismoak dakarren goxotasun eta babesaren bueltan, taldearen izenean suak duen indarraren bitartez islatu nahi izan genuena. Gainera, feminismoari loturiko balioen transmisioak eta belaunaldien arteko saretzeak duen garrantzia adierazi nahi genuen.

Bestalde, zisheteropatriarkatuak eragiten dituen zapalkuntzak ezagutaraztearekin batera, guregan sortzen duen sumina eta erredura erakutsi eta sistema hau arrakalatzeko eta eraldatzeko dugun gogoa adierazi nahi genuen osin, eta beste era batera esanda, aSUn hitzarekin, sistema honek bezala mina eragiten duen landarea izateaz gain, aSUn hitzak dioen bezala, indarra, ausardia eta kemena eman ditzakeen sendabelarra da, suak bezalaxe, neska* gazteon barnean feminismoaren alde elkartzeko grina sortzen duena.

Gainera, kolektibotasuna eta aniztasuna aSUnak-en oinarri direnez, ezinbestekoa iruditu zitzaigun, hitzaren –k atzizkiaren bitartez, taldeak duen pluraltasuna islatzea. Hau da, feminismoa erdigunean jarriz, sisteman eragitea helburu duten pertsona ezberdin asko biltzen dituen taldea izan nahi dugula adieraztea, oraindik ere, gurekin elkartu nahi duten pertsonei zabaldua dagoena.

Zeintzuk dira taldearen aldarrikapenak?

Ugariak dira aSUnak taldeko kideok egiten ditugun aldarrikapenak. Hasteko, genero parekidetasunaren alde dihardugu borrokan, ulertzen baitugu emakumeok* eta gure kasuan, nexka* gazteok, sistema honen baita zapalkuntza ezberdinak jasaten ditugula eta antolakuntza kolektiboaren bitartez borrokatu nahi dugula, feminismoa ardatz gisa izanik. Bide horretan, saretze feminista sustatzea ere bada gure aldarrikapenetako bat, aSUnak bezalako, hausnarketarako, ezagutzarako, ahalduntzerako, saretzeko, aldarrikapenerako eta borrokarako espazioak beharrezkoak direla ikusten baitugu, zeinak, identitate kolektibo eta indibiduala garatzen laguntzen duten. Gainera, funtsezkoa deritzogu sistema zisheteropatriarkalari aurre egitea eta horretarako, eredu politiko, sozial, ekonomiko eta kultural berriak sustatzea, zeinak feminismoa erdigunean jartzen duten.

Eta helburuak? Herri mailakoak dira soilik?

aSUnaken helburuak nagusiki herri mailara mugatu arren, Buruntzaldea mailan ere beste neska* gazte taldeen arteko saretzea bada gure xedeetako bat. Hala ere, esan bezala, gure helburu nagusiak dira herriko neska* gazteen arteko saretzea eta ahalduntzea, feminismoaren inguruan formatzea, ezagutza horiek herrian zabaltzea, dauden beharrak identifikatzea eta sistema zisheteropatriarkatu honetan neska* eta gazte izateak dituen ondorioak identifikatu eta era kolektiboan aurre egitea.

Erakundeetatik feminismoan oinarritutako erantzun faltatik sumatzen duzue?

Hein batean horretarako sortu dugu taldea, horren hutsune bat ikusten dugulako, eta pixkanaka horretan ere eragin nahi dugulako.

Sare sozialetan egin dituzuen argitalpenetan ikusi ahal izan dugu herriko txoko ezberdinak ezagutzen aritu zaretela. Horietan puntu beltzak eta emakumeen ikusgarritasun falta identifikatu dituzue. Zerekin egin duzue topo?

Azken bloke honetan, emakumeok* herrian dugun agerikotasuna lantzen aritu gara. Horretarako, mapa batean puntu beltzak identifikatzeaz gain, emakumeek* herrian duten presentzia eza azaleratzeko eta gizon eta emakumeen* arteko ikusgarritasun desorekaren inguruan hausnartzeko, genero bateko eta besteko kale izen eta eskultoreak bilatu genituen, eta gizonezko izenez betetako mapa baten aurrean aurkitu ginen. Beraz, berretsi dugu emakumeak* ikusezin direla Lasarte-Oriako kaleetan ere. Jakitun gara herrian dauden puntu beltzez, eta horren aurrean dagoen esku-hartze faltaz. Behin paperaren gainean guneak identifikatuta, aisialdi giroan, herrian ibilbide bat egin genuen puntu horiek aurrez aurre ikusi eta emakumeon* presentzia ikusarazteko.

Etorkizunera begira zein dira taldearen erronkak?

Gure etorkizuneko erronkak dira taldean neska* gehiago elkartu eta saretzea, hazten jarraituz, geroz eta talde anitzago bat osatzea, feminismoaren inguruko ezagutza handitzen jarraitzea eta Lasarte-Oria feministago bat eraikitzeko bidean aurrerapausoak ematen jarraitzea.

Eta etorkizun laburrera begira jarrita, Martxoaren 8a ate joka daukagu.

Martxoaren 8a, egun berezi eta garrantzitsua izanik, neska* gazte taldeaz gain, beste eragile feminista eta norbanakoekin elkartu gara egitarau bateratu bat sortzeko asmoz. Hori horrela, martxoak 7an, igandean, goizeko hamar eta erditan, tailer bat prestatu dugu Antonio Mercero gunean, feminismoaren subjektu politikoaren inguruko hausnarketaren ingurukoa izango dena. Astelehenean, martxoaren 8an, Oriarte institutuan ekintza ezberdinak burutuko dira goizean zehar. Hala nola, aSUnak taldearen aurkezpena, tailerrak, murala eta kontzentrazioa. Arratsaldean berriz, 19etan manifestazioa izango da Okendo plazatik abiatuta “Dena aldatu, sistema arrakalatu” lelopean.