Badatoz 'Herrigintzen' ekimeneko mahai-inguruak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 14a, 15:00

"Komunitatea elikatzeko eta Lasarte-Oria aberasteko", 'Herrigintzen' egitasmoko solasaldietan parte hartu ahalko dute lasarteoriatarrek datozen egunetan. Pandemia dela-eta, aforoa mugatua izango denez, parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da  

Lasarte-Oriako EH Bilduk  Jarduera fisikoa, hezkuntza, sozioekonomia eta kudeaketa-ereduaren inguruko lau mahai-inguru iragarri zituen iragan otsailerako, baina pandemiaren ondorioz, Herrigintzen izeneko ekimen hura atzeratzea erabaki zuen. Orain, egitasmoari berriz ere heldu, eta hilabete honetan solasaldiak egingo dituztela iragarri dute.

Datorren asteartean izango da lehena, sozioekonomia arlokoa. Antonio Mercero aretoan egingo dute Ekonomia jendarte baten beharrei erantzuteko tresna gisa mahai-ingurua, eta bertan parte hartuko dute Estitxu Eizagirre, Argia Kazetaritza Independienteako zuzendariak; Xabier Lertxundi, Hernaniko alkateak; eta Karmele Salsamendi, Lasarte-Oriako Kool Studioko jabeak.

Maiatzaren 20an, berriz,  Jarduera fisiko inklusiboak mahai-ingurua izango da eta kirolaren arloa jorratuko dute. Hori ere Mercero aretoan izango da, eta bertan parte hartuko dute Joxan Unsain, Gorputz Hezkuntzako irakasleak; Izar Agirretxe, Hezkuntza eta Kirol Fakultatean graduatuak; eta, Beñat Larrañaga, Usurbilgo Udaleko Jarduera fisiko eta kiroletako zinegotziak eta Eskola Kiroleko arduradunak.

Maiatzaren 26an, asteazkena, hezkuntzaren arloari helduko diote, eta Udaletik, eskolatik, herrigintzatik...herri hezitzaileak sortzen solasaldia izango da. Udal euskaltegian egingo dute eta Itziar Ostolaza, Errenteriako Udaleko Hezkuntza zinegotziak; Nora Salbotx, Amaiur Herri eskolako zuzendariak; eta Maite Azpiazu, Oinherri herri hezitzaileen elkarteko koordinatzaileak parte hartuko dute.  

Hurrengo egunean izango da azken saioa, maiatzaren 27an, hori ere Mercero aretoan: Herritarren parte-hartzea politika  publikoetan: zertaz ari gara, nola eta zertarako?. Kudeaketa ereduaren inguruan solastuko dira Nerea Zubia, Oñatiko zinegotzi ohia; Asier Etxenike, Aztikerreko ikerketa eta berrikuntza zuzendaria; eta Gorka Lizarraga, Lasarte-Oriako zinegotzi ohia.  

Aipatutako saio guztiak 18:00etan izango dira, eta, pandemiaren eraginez, aforoa mugatua izango da. Horregatik, horietan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute, 683 31 98 21 telefonora deituta edota lasarte@ehbildu.eus helbide elektronikora idatzita.