"Eskualde honetako zaintza erregimena bidegabea da, baina txostena egin bitartean ikusi dugu borondatea badagoela udalerri batzuetan egoera aldatzeko", azpimarratu du Emagineko kide Maite Arangurenek, Beterri Buruntzaldeako zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena lana ondu duen pertsonetako batek. Duela bi urte ekin zioten gaia lantzeari, udal ordezkari, eragile eta elkarteekin foro bat osatuz. Aztertu dute, batez ere, adineko pertsonak zaintzen dituzten pertsonen errealitatea: "Sektorea feminizatua, arrazializatua eta prekarizatua dago: egoera oso zaurgarrian daude langileak, erabat diskriminatuta". Zaintza lan horiek egiten dituzten protagonisten hitzak ekarri ditu Antonio Mercero aretora Elisak, Maitelaneko kideetako batek. Azaldu duenez, kooperatiba hori sortu dute euren ogibidea duintzeko, zerbitzua hobetzeko eta langileen egoera legala erregularizatzeko.
Bi gonbidatuak aurkeztu ditu Lasarte-Oriako EH Bilduko zinegotzi Uxue Loinazek, eta, nabarmendu duenez, Lasarte-Oriako Udala izan da eskualde mailako lanketan parte hartu ez duen bakarra. Emagin eta Maitelaneko kideei eman die hitza gero.
Zaintza, "krisian"
Azken bi urteetan ondutako txostenaren inguruko zertzeladak mahaigaineratu zituen Maite Arangurenek. Aipatu zituenen artean egon zen, jakina, COVID-19aren pandemia, baina ez zaintza erregimena "krisian" egotearen erantzule izateagatik: "Hankaz gora zegoen sistema lehendik ere; birusa errematea izan da, azaleratuz sekulako oztopoak daudela bizitzak zaintzeko". Koronabirusak eragindako egoerak agerian utzi du gizakiak ez direla autonomoak, interdependenteak baizik: "Bizitzeko, besteen beharra daukagu".
"Hankaz gora zegoen sistema lehendik ere; birusa errematea izan da"
Ekonomia feministaren markotik landu dituzte eskualde mailako diagnostikoa eta ekintza plana. Nabarmendu dute, besteak beste, sistema heteropatriarkal kapitalistak jendartea bitan zatitu duela: arlo publikoa, plaza, gizonei eman die eta, pribatua, berriz, emakumeei. "Botere asimetria dago, garrantzi gehiago daukalako gizartean eremu publikoak, pribatuak baino". Azken horretan sartzen dira zaintza-lanak ere.
Lan horiek egiten dituztenak emakumeak dira nagusiki, eta zaintza erregimena "familista" da, Arangurenek zehaztu duenez. "Iruditeria oso zehatz bat eraiki dugu: familiako kideek zainduko gaituztela edo oso gertuko lagunek, maitasunarekin ere lotzen dugu, konfiantzarekin...". Horrek, beste arrazoi batzuen artean, ekarri du pertsona bati eman beharreko arta hori esternalizatzea. "Familiako kideek euren gain hartu beharrean lan hori, beste emakume batzuk kontratatzen dituzte, atzerritik eta batez ere Erdialdeko zein Hego Amerikatik datozenak, baldintza prekarioetan, guk eraikia dugun iruditeria familista horrengana ahalik eta gehien gerturatu nahian".
Egoera demografikoa aintzat hartuta, biztanleria gero eta gehiago zahartzen ari da, eta jaiotza-tasa gero eta baxuagoa da. "Gero eta pertsona gehiagok behar dute zainduak izatea, eta gero eta jende gutxiago dago horiek zaintzeko. Lan hori egiten dutenen artean, emakumeak dira gehienak, eta "orotariko lanak" egin behar izaten dituzte, familiekin hasieran adostutakoez gain.
Diagnostikotik ekintzara igarotzeko bidean, hiru gako eman ditu Arangurenek: lehenik, zaintza lanak politikoki eta sozialki aitortzea; bigarrenik, zeregin horiek "era justuago batean" banatzea; eta, hirugarrenik, zaintza ogibide duten beharginen bizi- eta lan-baldintzak duintzea.
Bizitakoa partekatzen
Maitelan Zaintza Kooperatibaren helburua da zaintza lanetan dihardutenen ogibidea duintzea, zerbitzua hobetzea eta langileen egoera legala erregularizatzea. Kideetako bat da Elisa, eta Antonio Mercero aretora etorri da, berak bizitakoa eta lankide batzuek kontatu diotena ikus-entzuleekin plazaratzera. "Gure jaioterrietatik hona zorpetuta iristen gara".
Zaintzan lan egiten duten pertsonen baldintzak ez dira batere duinak, Elisak azpimarratu duenez. Sekulako egoerak jasan behar izaten dituzte: "Etxeetan entzuten ditugunak oso gogorrak dira: sexua eskatzera ere iritsi izan zaizkigu". Aipatu ditu baita ere txanda batetik bestera egin beharreko korrika saioak eta denbora falta horrek beharginengan eragiten duen estresa: "10:00etan amaitzen duzu txanda bat, eta ordu berean hasten da bestea. Esaten diozu zure buruari: 'Tira, saiatuko naiz lehenago ateratzen'... Baina nola egingo duzu? Lanez gainezka egoten gara beti".
Aldarrikatu du zaintzaileek ez dutela lan egiten objektuekin, pertsonekin baizik, eta beharrezkoa dela erantzukizun sozial zabalagoarekin jorratzea gaia, instituzioen aldetik batez ere, "elkarrekin" lan eginez, zainduak diren pertsonen eta horiek artatzen dituzten langileen bizitzak "duinak" izan daitezen.
