"Ataka estutik" ateratzeko, ostalariek laguntza eskatu diote Lasarte-Oriako Udalari

Iñigo Gonzalez Sarobe 2021ko mai. 17a, 17:41
Pandemia piztu zenetik, ostalariek makina bat ekintza burutu dituzte; manifestazioak, esate baterako.

Udal-tasak ordaindu behar ez izatea, zenbait gasturi aurre egin ahal izateko dirulaguntzak, eta herriko kontsumoa indartzeko kanpaina martxan jartzea. Ostalaritza Lasarte-Oriak hori eskatu dio Udalari, sektorea bizitzen ari den egoera ekonomiko estuari aurre egiten laguntzeko. "Oso urte zaila izaten ari da, eta badirudi epe motzean ez dela ezer aldatuko".

Lasarte-Oriako ostalariak gainezka eginda daude, COVID-19ak eragindako egoera tarteko. "Gure negozioei ezin diegu errentagarritasuna atera, indarrean dauden neurriengatik". Hori dela eta, sektorean lan egiten duten profesionalen diru-sarrerak "nabarmen" urritu dira 2020ko martxotik hona, baina gastuak, aldiz, ez. "Familia ugari ataka estuan daude, eta zenbait tabernek ateak itxi behar izan dituzte". 

Testuinguru horretan, erakunde publikoei laguntza eskatu die Ostalaritza Lasarte-Oria elkarteak, tartean, Udalari. Honako proposamen hau luzatu diote:

  1. Udal-tasak (ura, zaborrak, OHZ Ondasun Higiezinen gaineko Zerga...) ordaindu behar izatea, "ekonomikoki indarberritu ahal izateko".
  2. Ostalariek haien jardunari euste aldera, dirulaguntzak ematea, zenbait ordainketa egiteko: argindarra, ura, gasa, gestoriak, eta abar. "2021. urtean murrizketak eta itxierak pairatu ditu gure sektoreak".
  3. Tokiko kontsumoa sustatzeko ekintzak burutzea: erosketa-bonuak, marketing kanpainak eta bestelakoak.

Jarduera ekonomiko "garrantzitsua"

Ostalaritza Lasarte-Oriak azpimarratu du sektore horrek "lanpostu asko" sortzen dituela herrian, eta horiek mantentzeko "borrokatzen" ari direla tabernariak, "nahiz eta erakundeek laguntza gutxi ematen duten". "Gaur-gaurkoz, familia ugariren etxeetara sartzen den dirua negozio horietatik dator".

Ekonomikoki ez ezik, sozialki eta kulturalki pisu handiko sektorea dela nabarmendu du elkarteak: "Lasarte-Oriako eragile asko babestu izan ditugu". Zentzu horretan ere "garai gogorrak" izaten ari direla adierazi du Ostalaritza Lasarte-Oriak, eta epe motzean "ezer gutxi" aldatuko dela. "San Pedro Jaiak ez dira ohi bezala ospatuko aurten ere; kolpe gogorra izango da hori ostalariontzat".

"Une hauetan, herritarren eta erakundeen beharra dugu egoerari aurre egiteko", gehitu du elkarteak.