Neurriak betez laguntzeko eskatu diete ostalariek herritarrei

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 26a, 18:38

Ostalaritza zaindu eta errespetatu lelopean herriko ostalariek sentsibilizazio kanpaina bat abian jarri dute. Herritarrei eskatu diete arauak bete ditzatela taberna nahiz jatetxeetan daudenean, arazo sanitario edo ekonomikoa saihestu eta herriaren irudi negatiboa ez sortzeko. 

Lasarte-Oriako Udalak herriari pandemiaren neurriak eta murrizketak ez betetzearen inguruan pasa den astean egin zuen adierazpenaren harira, Ostalaritza Lasarte-Oria elkarteko kideek sentsibilizazio kanpaina bat abian jartzea erabaki dute. Haren nondik norakoen berri arratsaldean Okendo plazan egindako prentsaurrekoan eman dute. Iñigo Encinas eta Ruben Amenabar irakurri dute prestatutako idatzia euskaraz zein gaztelaniaz, sektoreko beste profesional batzuk eta kideetako batek egindako panpinak lagun zituztela.  

Elkarteko bazkide diren taberna eta terrazetako mahaietan bete beharreko neurrien berri ematen duten afixak jarriko dituzte:

  • Ez bazara jaten edo edaten ari, musukoa jantzi.
  • 1,5 metroko distantzia mantendu
  • Mahaiak eta aulkiak ez mugitu
  • Gehienez 4 pertsona eserita mahai bakoitzeko.

"Kartel hauek  ostalariak arauak betetzen egindako lan onaren berme dira" eta bezeroei eskatu diete jarrera bera izateko, "denok bat eginda joateko". Arauren bat betetzen ez bada, ostalariek nahiz bezeroek zigorrak jaso ditzaketela ohartarazi dute, hortaz, lasarteoriatar denek zeregin horretan parte hartzeak" berebiziko garrantzia" du, "arazo ekonomiko edo sanitarioak eta herriaren irudi negatiboa ez sortzeko".

Agintariek izurritearen kudeaketan hartutako erabakiak pairatu dituen sektoreetako bat da ostalaritza eta horregatik "oso kontzientziatuta" daude, "gure jarduera neurri horiek baldintzatzen dutelako". Gogoratu dutenez, iaz, lau hilabeteko itxiera izan zuten, edukiera mugatuak, ordutegi murriztuak... eta aurtengoa bide beretik doala dirudi. Hori dela eta, beraien lokal eta terrazetan arauak betetzen laguntzeko eskatu diete lasarteoriatarrei, "guztiok senideekin eta lagunekin aisialdi momentu horiez gozatzeko aukera izan dezagun". Hala, gainera, lan egiteko aukera izango baitute, "nahiz eta baldintzak egokiak ez izan". 

Erlazionatuak

Ostalarien kanpainaren aurkezpena

Txintxarri Aldizkaria 2021 ots 26 Ekonomia