Jasaten ari diren kriminalizazioaren aurka protesta egin dute ostalariek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 24a, 21:01

Herriko hainbat ostalari elkartu dira larunbat arratsaldean, bezperan Donostian egindako protesta ekintzan poliziak ostalari batzuk jipoitu eta atxilotu zituela gaitzesteko. "Langileak gara, ez gaizkileak" aldarrikatu dute Okendo plazan egon diren hogei bat minutuetan. Ondoren, adierazpen adostua egin dute, elebitan.

2KN tabernako Aitor Salegik euskaraz irakurri du idatzia. Bertan esandakoaren arabera, ostiralean  Aldundiaren egoitza aurrean gertatutakoari "onartu ezinezkoa" deritzote. Jasaten ari diren kriminalizazioarekin batera, salatu dituzte poliziaren jarrera, EAEko nahiz Espainiako gobernuen "pasibotasuna" eta ezarri dizkieten neurriak. 

Hori guztia euren negozioak itxi eta familia askoren hondamena eragiten ari da. Gogoratu  dutenez, urtebete daramate egoera honi ahal bezala aurre egiten eta etorkizunari dagokionez ez dira batere baikor. 

Beste behin berretsi dute ostalaritza ez dela "birusa" ezta "gizartearen aurrean hori guztia justifikatzeko aitzakia" ere; eta horren aurrean eskaera egin dute: diru laguntzak, erruduntzat ez erabiltzea eta baldintza duinetan lan egiten uztea.