Dokumental-emanaldia eta solasaldia antolatu ditu Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oriak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 17a, 12:12

Ostiral honetan, maiatzaren 21ean, emanaldia eta hitzaldia antolatu ditu Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeak, Antonio Mercero gunean, 19:00etatik aurrera. 'Ocupacion SA' dokumentala proiektatuko dute, eta amaitzean, Juan Soroeta katedradunak solasaldia eskainiko du. Sarrera doakoa izango da, aforoa bete arte.

Duela 45 urte, ordura arte Espainiako “53. probintzia” izan zena monarkia alauiak anexionatu zuen Espainiaren, Mauritaniaren eta Marokoren arteko hiruko akordioaren bidez. 45 urte geroago, XXI. mendean ongi sartuta, deskolonizazio-egoera horrek bere horretan dirau. Mundubat euskal GGKEaren eta Brasilgo Forward Films ekoiztetxearen Ocupación S. A. proiektuak "traizio historiko" baten kontakizuna aurkezten du, eta izen-abizen espainiarrak jartzen dizkio nazioarteko legeak urratzen dituen eta Afrikako azken koloniaren (Mendebaldeko Sahararen) harrapaketa eragin duen espoliazio isilarazi bati.

Film labur dokumentalak Espainiako enpresek Mendebaldeko Saharan duten irabazizko egitura desestaltzen eta erakusten du ikus-entzunezko formatuan lehen aldiz. Egitura hori, nolanahi ere, Espainiako historiaren alderdirik estali eta isilarazienetako bat da. Nazioarteko legeen edo estraktibismoaren arloko adituek, ekintzaile sahararrek, kazetariek eta ordezkari politikoek Espainiako botere politikoen eta IBEX35 boteretsu eta ukiezineko enpresen arteko maite-jokoen berri ematen dute. Harreman hori frankismoaren garaian errotu zen, eta hainbat hamarkadatan luzatu da nazioarteko legeak urratzen dituen, lurraldearen okupazioa bideragarri egiten duen eta Marokoko Erresumak saharar herriaren oinarrizko eskubideak urratzea dakarren sistema bidegabe eta opaku batean.

Juan Soroetaren hitzaldia

UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbide Publikoko irakaslea eta AIODHko (Giza Eskubideak Behatzeko Nazioarteko Elkartea) presidentea da Juan Soroeta. Donostiako Giza Eskubideei buruzko Ikastaroetako zuzendaria 1997. urteaz geroztik, eta Gasteizko Nazioarteko Zuzenbideari eta Nazioarteko Harremanei buruzko Ikastaroetako zuzendaria 2012. urteaz geroztik. Unibertsitatean eman dituen 30 urte baino gehiagotan egindako ikerketak Mendebaldeko Saharako gatazka eta hari lotutako alderdi juridiko guztiak izan ditu ardatz. Dozenaka artikulu eta bi monografia argitaratu ditu. Fronte Polisarioaren aholkulari juridikoen taldeko kidea da.