"Egoera gogor honetan ere sahararrekin bat egingo dugu; ez ditugu bakarrik utziko"

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 19a, 10:54

Herritar batzuek Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldea sortu dute berriki, herri horretan pairatzen ari diren egoeraren aurrean elkartasuna adierazteko. Lanean hasi dira honezkero, eta bi deialdi egin dituzte datozen egunetarako: elkarretaratzea egingo dute Okendo plazan bihar, azaroak 20, 19:30ean Okendo plazan. Lasarteoriatarrak animatu dituzte euren negozio, denda, etxe eta bestelakoetan SEAD Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren banderak jartzera, elkartasun keinu gisa.

Marokoko erreinuko armada Guerguerat eskualde desmilitarizatuan –Mendebaldeko Sahararen eta Mauritaniaren arteko mugan dago– sartu zen iragan astean, saharararrak egiten ari ziren protesta bat desegiteko; eskualde horretan dagoen errepidea trabatzen ari ziren manifestariak. Herrialde okupatzailearen eta okupatuaren arteko tentsio militarrak gora egin du, eta gerra hotsak gero eta ozenagoak dira.

Testuinguru horretan, lasarteoriatar batzuek Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Orian taldea sortu dute, sahararrak pairatzen ari diren egoeraren aurrean elkartasuna adierazteko. "45 urte pasa dira Marokoko erreinuak suz eta errepresioz Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik Espainiako gobernuak beste aldera begiratzen zuen bitartean. Urte guzti hauetan eguneroko ogia izan dira sahararrentzat eskubide zibilen urraketak, torturak, errepresioa eta erailketak", adierazi dute taldeko kideek aurkezpen prentsaurrekoan.

Elkartasun ekintzak herrian

Taldea sortu berria izanagatik, buru-belarri lanean ari dira eta antolatu dituzte aurreneko elkartasun ekintzak herri mailan. Bihar, hilak 20, elkarretaratzea egingo dute Okendo plazan, 19:30ean. Beste deialdi bat egin diete herritarrei: jar ditzatela Mendebaldeko Sahararen banderak euren negozio, denda eta etxeetako balkoietan. "Egoera gogor honetan ere beraiekin bat egingo dugu; ez ditugu bakarrik utziko", azpimarratu dute. Lasarte-Oria eta Mendebaldeko Sahararen arteko harremana sendoa dela gogoratu dute, urte luzez herritarrak hara joan baitira, eta sahararrak hona etorri dira, haurrak batez ere, udako oporraldia igarotzera. "Haur horietako batzuek frontean izena eman dute gerrara joateko". 

Facebook orrialde bat sortu du taldeak, herritarren batek haien berri izan eta beraiekin lan egin nahiko balu. "Mendebaldeko Saharan gertatzen ari dena herrian zabaldu nahi dugu eta datozen aste eta hilabeteetan sahararrek izan ditzakeen beharrak asetzen lagundu". 

Iristen ez den erreferendum baten zain

Europako potentzia nagusiek hainbat kolonia banatu zituzten euren artean 1884. urtean. Espainiako Gobernuari, besteak beste, Mendebaldeko Sahara eman zioten. NBE Nazio Batuen Erakundeak deskolonializazio prozesu bat abiatu zuen batzorde berezi bat sortuz, eta Espainiak konpromisoa hartu zuen herrialde hori bertako biztanleei itzultzeko. Ez zuen bere hitza bete, ordea: 1976. urtean Maroko eta Mauritaniari lurralde hori entregatzeko akordioa sinatu zuen.

Okupazio berri horren aurrean, sahararrek erantzun egin zuten. Fronte Polisarioa, Mendebaldeko Sahararen nazio askapenerako mugimendua, 1973an sortu zen. Handik hiru urtera, SEAD Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa. Urte ugari eman zituzten gerran Mauritania eta Marokorekin. 1979an eta 1991n sinatu zituzten su-etenak bi herrialde inbaditzaileekin, hurrenez hurren. Hori baino lehen, 1987an, Marokok 2.700 kilometroko horma bat eraikitzeko lanak bukatu zituen Mendebaldeko Saharan, lurralde okupatuak besteengandik bereizi eta errefuxiatuen itzulera saihesteko. 

Mauritania erretiratu egin zen lurralde okupatutik, baina Maroko ez; Mendebaldeko Sahara okupatzen eta zapaltzen jarraitu dute gaur egunera arte. 1991n, Mendebaldeko Saharak eta Marokok su-etena sinatu eta gutxira, herrialde okupatuan autodeterminazio-erreferendum bat antolatzeko konpromisoa hartu zuen NBEk, baina ia hiru hamarkada igaro direnean, hitza ez du bete oraindik, eta iristen ez den galdeketa baten zain jarraitzen dute sahararrek.