Hitzartutako erreferenduma noiz helduko zain

Maitane Aldanondo 2021ko ots. 26a, 13:00

Ahaztutako gatazkaren gaineko arreta mantendu eta sahararrei babesa emateko xedez abiarazi dute zenbat herritarrek Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldea. Bihar 45 urte beteko dira sahararrek independentzia aldarrikatu zutenetik, beste behin gerran murgilduta

Aurten hiru hamarkada osatuko zituen Fronte Polisarioak eta Marokok sinatutako su-etenak. Halakorik ez da gertatuko, azaroaren 13an bertan behera utzi baitzuten gerra-hotsak berriz ere bueltatuz. Mendebaldeko Sahara eta Mauritania arteko Guerguerat eskualde desmilitarizatuan amaitzen da marokoarrek eraikitako harresia, eta handik igarotzen den errepidea erabili behar dute merkantzia-kamioiek. Errepidea trabatzen ari ziren manifestarien protesta desegiteko sartu zen Marokoko armada, eta Fronte Polisarioak –Mendebaldeko Sahararen askapen nazionalerako mugimenduak– 1991ean sinatutako akordioa eten zuen, militarrek zibilak erasotu zituztelako.

Aspaldiko gatazka baten azken atala da. 40 urte labur azaltzeak dakartzan ñabardura faltak onartuta, bilakaera honakoa da: Nazioarteko presioak eta Fronte Polisarioaren borroka armatuak bultzatuta, Espainiak onartu zuen deskolonizazio prozesua hasi eta 1975ean autodeterminazio erreferenduma egitea. Maroko aurka zegoen eta Martxa Berdea delakoan Espainiaren kontrolpeko zenbait lur okupatu zituen. Egun batzuk geroago, Espainiak, Marokok eta Mauritaniak akordio bat sinatu zuten, bi herrialde afrikarrei Sahararen gaineko aldi baterako administrazioa emanez, galdeketa egin artean. Nazioarteko Zuzenbidearen ikuspegitik, horrek ez du inolako baliorik eta egun Espainiak jarraitzen du potentzia  administratzaile izaten. 1976ko otsailaren 26an Espainiak Saharako lurrak utzi zituen eta Marokok ipar-mendebaldea okupatu zuen. Fronte Polisarioak, berriz, otsailaren 27an aldarrikatu zuten Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) eta Aljeriaren babesarekin Maroko eta Mauritaniaren kontrako gerra hasi zuen. 1979an Mauritaniak, garaituta, bake akordioa sinatu zuen Fronte Polisarioarekin, aldi berean, ordea, Marokok okupatu egin zuen Mendebaldeko Sahara eta saharar askok erbestera bidea hartu zuten. 1991n su etena sinatu zuten bi alderdiek NBEn bitartekaritzarekin eta 1992ko otsailean erreferenduma egingo zela ezarri. Halakorik ez da izan.

Mendebaldeko Sahara 270.000 kilometro karratuko herrialdea da, milioi erdi bat pasatxo biztanle dituena. Basamortua da nagusi, babesgabea izanagatik, ordea, lehengaietan ugaria ere bada, bereziki, ongarrietarako erabiltzen den fosfatoa du
–Marokoren esportazioen % 20 inguru– eta arrantza aberatseko 1.000 bat kilometroko kostaldea. Herrialdea Marokok altxatako harresiak erdibitzen du, kilometro askotan pertsonen aurkako minez josia dagoena –zazpi bat milioi, munduan mina gehien dituen zonaldeetako bat da biztanleria hirutan zatituz: Fronte Polisarioaren kontrolpeko lur askeak, lurralde okupatua eta Tindufeko kanpalekuak (Aljeria).

Nahiz eta gerrak jarraitzen duen, berriro komunikabideetatik ia desagertu da gatazka. Horren berri eman eta ahal duten neurrian laguntzeko asmoz duela hiru hilabete Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldea sortu zuten zenbait herritarrek. Horretarako zergatiez eta sahararrek bizi duten egoeraz mintzatu da TXINTXARRI Tomax Arruti kidearekin, Lasarte-Orian bizi diren hamabost bat sahararretako bat den Salec Mohamedekin eta guda frontean izan den Mustafa Sid Bashir kazetariarekin.

Azaroan erabaki zenuten Sahararekin elkartasuna Lasarte-Oria taldea sortzea. Zerk bultzatu zintuzten?

Tomax Arruti:Su-etenaren amaierak. Herri sahararraren alde lan egin duten elkarte eta mugimenduetan ibilitako jendea gara: Oporrak Bakean, Euskal Herriko Lagunak Mendebaldeko Saharakoekin bat... Hamasei-hemezortzi lagun batu gara, bakoitzak gure jarduna alor desberdinetan egin dugu, baina azaroaren 13ko gertakarien ondoren elkartzea erabaki genuen  eta Mendebaldeko Saharan bizi den egoera salatzea; gatazka bera, gerran baitaude. Babesa beti eman diegu sahararrei, baina, orain, % 100ean egon behar dugu beraiekin. Gainera, komunikabideetan ez dago informaziorik. Facebooken gaude eta iturri ofizialetatik iristen zaigun informazioa bertatik zabaltzen dugu.

Lasarte-Oria eta SEAD arteko harremana aspalditik dator, beraz.

Salec Mohamed: 20 urte baino gehiago dira. 1988an Donostiako aterpetxean egindako argazkiak ikusi ditut eta Lasarte-Orian egondako bi haur daude.

Inor batu al zaizue?

T. A.: Hiruzpalau lagunek hasi genuen zerbait egin behar zela ikusita. Herrian babesa ematen gabiltzanok elkar ezagutzen dugu eta sare bat sortu dugu, interesa duen edonori zabalik dagoena, noski. Jendea apuntatu da informazioa izateko.

Zerbait egin behar zenutela esan duzu, zein da zuen helburua?

T. A.: Ni parte izan naizen taldea beti gatazkaren alde politikoan aritu da. Uste dut oso ondo dagoela eta beharrezkoa dela elikagaiak Mendebaldeko Saharara bidaltzea, baina arazoak oinarri politikoa du, aitortu behar den gatazka politiko bat dago. Hori salatzen dugu eta Estatu espainiarra aldagai giltzarria dela. Gu erroetara goaz: erantzun politikoa eman behar zaio, erreferenduma egin behar dute eta sahararrek erabaki dezatela zer nahi duten. Gure helburua erabakitzeko eskubidea izan dezatela da.

Hamarkadatan luzatzen ari den egoeraren inguruan gizarteak tentsioa mantentzea ez da erraza izango...

T. A.: Ez, baina azaroan egin genuen elkarretaratzea orain artekoan jende gehien bildu duena da. Sahararen aldeko taldeetan gabiltzanez gain, lasarteoriatarrak eta sahararrak mobilizatzeko gaitasuna izan genuen. Izugarria izan zen.

Bihar SEADaren aldarrikapenaren 45. urteurrena da. Urtero bezala, udalak zuen mozioa onartu du eta bandera jarriko du udaletxean. Horrez gain, zer prestatu duzue?

T. A.: Elkarretaratzea egingo dugu 20:00etan Okendon, Maroko Saharatik at. Independentzia lelopean. Herritar guztiak gonbidatzen ditugu parte hartzera. Horrez gain, multinazional espainiarrak Mendebaldeko Saharan egiten ari diren espoliazioa kontatzen duen Ocupacion S.A. dokumentalaren emanaldia egin nahi genuen otsailaren 27ko egitarauaren barruan, baina agenda kontuengatik eta Juan Soroeta zuzendaria bertan egotea nahi dugulako, apirilerako utzi dugu. Halaber, lasarteoriatarrei eta ostalariei deia egiten diegu balkoietan Mendebaldeko Sahararen bandera jartzeko. Norbaitek behar badu, Furia Beltza tabernan salgai egongo dira 10 eurotan. Gauza gehiago egin nahi genituen, baina pandemiak mugatu egin du. Pena da.

 

Tomax Arruti: "Erreferenduma egin behar dute eta sahararrek erabaki dezatela zer nahi duten"

 

Ia 30 urteko su etenaren ondoren, gerra piztu zen azaroan. Lehen asteen ondoren, komunikabideetan agertutako informazioa oso urria da. Zer dakizue hango egoeraz?

Mustafa Sid Bashir: Saharako gudarosteak eta Marokoko armada okupatzailea borrokan ari dira azaroaren 13tik. Aldi berean, giza-eskubideen urraketa latzak egiten ari dira okupatutako lurretan. Adibidez, etxe barruko arrastatzean dute Sultana Khaya ekintzailea –Giza Eskubideen Aldeko Liga Sahararraren lehendakaria– eta berriro erasotu dute. 2006an begi bat galdu zuen jipoien ondorioz, eta orain bestea galtzeko arriskua du.

S. M.: Hiru hilabetez etxean itxita dute poliziek eta militarrek.

T. A.: Mendebaldeko Sahara okupatuan mendekurako erabiltzen ari dira biztanle sahararrak. Beraien kontra egiten ari dira, atxilotu, torturatu... Garrantzitsua da hori esatea.

M.S.B.: Preso politikoak ere oso egoera zailean daude, askok gose-greba hasi dute. Okupatutako zonaldean dauden sahararrak ezin dira etxetik irten protesta egitera, ezin diote munduari esan sahararrak ez garela marokoarrak eta erreferenduma egiteko eskubidea dugula. Aldarrikapenak egin ez ditzaten jazartzen dituzte. Kontrolak daude ekintzaileak irten ez daitezen. SEADeko bigarren hiri handiena, Esmara, erabat itxi dute, irteera bakarra utzita, kontrolatzeko. Herritarrak ezin dira hiritik kanpo egin beharreko lanetara irten.

Han gertatzen ari dena isilarazten saiatzen ari direla uste duzue?

M.S.B.: Saharan gerra bat dago, baina marokoarrek ez dute onartu nahi; esanez gero, turismoa gutxituko da. Guergerat bide bakarra da Europatik Afrika hegoaldera, nazioarteak gerran daudela badaki, ez du errepide hori erabiliko. Arrazoi askorengatik Marokok ezin du esan, baina ni han izan naiz ia hilabetez, 27 egun.

Ezkutuan gelditzen den heinean, zerk kezkatzen zaituzte?

M.S.B.: Okupatutako lurrak. Han dauden sahararrek ezin dute hitz egin, ezin dute nahi dutena esan, jazarri egingo baitituzte. SEADeko banderarekin ateratzen badira, espetxeratu egingo dituzte beste arrazoi batzuengatik. Egoera oso txarra da han eta gerrarekin are gehiago. Bestalde, komunikabideei egindako itxiera, sarrera debekatu zaie. Kazetariak ezin dira han sartu ez badute Marokok nahi duena esaten.

T. A.: Nazioarteko komunikabideak ezin dira okupatutako lurretan sartu, baina herrialdeek ez dute presionatzen sarrera galarazten zaiela salatzeko.

M.S.B.: Gatazka honetan ezkutuko gauza asko daude. Ulergaitzak direnak. Hogei kazetari estatubatuarrei ez diete sartzen utzi eta AEBk ez du ezer esan.

T. A.: Okupatutako zonaldera joango banintz, pasaportean Tinduf ikusten badidate, agian arazo bat izango nuke. Badakitelako nondik natorren.

M.S.B.: Ez dugu zorterik. Herri txikia gara, lur handia, lehengaietan aberatsa fosfatoa, arrantza... gauza asko daude Mendebaldeko Sahararen barruan. Denek nahi dute lur hori, bertako baliabideak. Baina ez gara bakarrak munduan. Baliabide asko dituzten herri txikiak beste batzuek hartu nahi dituzte. 

Nola ikusi dituzu sahararrak?

M.S.B.: Gazteak gerrara joango dira, beste aukerarik ez baitute. SEAD Nazio Batuen Erakundearen (NBE) bake planean sartu zen konfiantza zuelako munduan, baina 1991etik gaur egun arte, 30 urtetan, ez dute ezer egin. Marokok ez du erreferenduma egingo, Sahara Marokorena izango dela dio. Salec eta biok bezala errefuxiatuen kanpalekuetan bizi direnak, inork nahiko ez lukeen egoeratan daude. Munduak sahararrak bakarrik utzi ditu eta ez du beraien alde ezer egiten kanpalekuak utzi eta beraien lurrera itzul daitezen. Egun, gazte gehienek gerra besterik ez dute nahi, nazioarteak bakarrik utzi gaituelako sahararrek beraiengan konfiantza handia genuen une batean.

Egoera berez zaila bada, pandemiaren eragina ere gehitu behar zaio.

M.S.B Bizi kalitatea okerragoa da. Aljerian ezin da sartu eta sahararrek daukatenarekin bizi behar dute. 

T. A.: Kanpalekuak une honetan itxita daude, kooperanteak ezin dira sartu, elikagai-karabanek arazoak dituzte heltzeko... Bestalde, Sahara Maratoia lasterketa solidarioa (www.saharamarathon.org) bertan behera gelditu da COVIDaren ondorioz, eta hori diru-iturri bat da. Aurten birtuala da eta 15 euroko izen ematearen zati bat sahararren proiektuetara edo haien beharretara bideratuko dute. Korrika eginda edo egin gabe proiektua lagun daiteke 25 euroko pack solidarioarekin. Kanpalekuetako egoera hobetzen laguntzeko modu bat da. Euskal Herrian talde bat daukagu eta nik pare bat aldiz parte hartu dut. Asmoa genuen Zarautzen batu eta elkarrekin korrika egitekoa, baina gauden egoeran ezin garenez mugitu hori ere ezingo dugu egin.

 

Mustafa Sid Bashir: "Ez dugu zorterik. herri txikia gara, lur handia, lehengaietan aberatsa..."

 

Abenduan Trumpek Marokori aitortu zion Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna. Hainbat  politikari estatubaturrek eskatu diote Joe Bideni "akatsa" zuzentzeko. Hala bada, Marokorengan presio eragin dezake?

M.S.B.: Ez du ezer aldatuko. Trumpek Sahara Maroko dela esateak ez du ezer aldatu. Sahararrek badakite zein den bidea.

Espainia egoeraren erruduna dela behin eta berriro esan duzue urteotan. Zer egin beharko luke irtenbidea lortzeko bidean?

M.S.B.: Gatazkaren erantzulea eta lehen erruduna da. Joan egin zen Mendebaldeko Sahara bitan banatuta, Maroko eta Mauritania artean, bertan herririk ez balego bezala.

T. A.: Deskolonizazio prozesua gaizki egin zuen, salduta utzi  zituen espainiar hiritartasuna zuten sahararrak. Horrek nazioarteko gatazka bat izan beharko luke!

M.S.B.: Espainia horrela joan izan ez balitz, erreferenduma egin izan balu, Portugalek Timorren egin zuen bezala...

 

Zer egin beharko luke, beraz?

M.S.B.: Posizio ona du sartzeko. Gaur egun, Mendebaldeko Sahararen arduraduna da eta erabaki dezake erreferenduma egitea. Baina ez du egingo, Marokoko eta Espainiako sistemen arteko harremanagatik.

S.M.: Marokoren beldur da. Espainiako eta Maroko erregen artean dauden harremanak, tratuak...

M.S.B.: Ceuta, Melilla, migratzaileak... Bide horretan sartzen bada Espainia, Euskal Herrian, Katalunian ahots batzuek ere eska dezakete galdeketa... Zaila da. Sahararrek badakite ezin duela ezer egin.

T. A.:Administratzailea da, baina interes asko daude tartean. Espainiako hauteskundeetan presidente hautatua den hautagaiak atzerrira egiten duen lehen bidaia ofiziala Marokora izan ohi da. Errefuxiatu kanpalekuetan egon naizenetan oinarrizko politikariei dagokienez, alderdi guztietako ordezkariak topa ditzakezu. Orain, pentsatzen dut Voxekoak ez direla egongo... Oinarrian daudenek babesa ematen diete sahararrei, baina alderdi barruan gora egiten duzun heinean, aginduak hartzen dituztenetara heltzean, moztu egiten da. Barne-eztabaida sortu beharko litzateke. Salagarria da. Sahararren alde banago eta nire gainekoek ez badute babesten, barne-eztabaida piztu beharko litzateke, mugitzeko. Udalerriari dagokionez, guk babesa daukagu, bandera jarriko dutela badakigu, baina Espainiako gobernua falta da. Zerbait egin behar du. Sahararrek urte pila daramatzate inork nahi ez duen leku batean. Lotsagarria da.

Zer egin dezakegu hemendik han daudenei laguntzeko?

M.S.B.: Orain bozgorailuak behar ditugu, sahararren egoerari buruz hitz egingo duten ahotsak. Gai asko daude lantzeko. Komunikabide arabiarrak Marokoren alde daude; herrialde arabiar gehienak, Aljeria izan ezik, marokoarrekin, AEBak, Frantzia... Komunikabide gehienak estatubatuarrak, frantsesak edo arabiarrak dira. Honetaz hitz egitea behar dugu.

T. A.: Hiru fronte daude. Batetik, gatazka gunea bera, okupatutako lurrak eta kanpalekuak. Komunikabideetan ez dagoen gatazkarik ez da existitzen eta hori da gertatzen ari zaiena.

M.S.B.: Saharari buruz asko dakiten pertsonak hartu gai ezberdinei buruz hitz egin dezaten: giza eskubideez, gerraz, kanpalekuen egoeraz, Sahara bitan banatzen duten harresiez... eta egun berean hitz egin dezatela zenbait komunikabidetan. Sare bat sortu.

S.M.: TXINTXARRI oso bat egin Mendebaldeko Saharari buruz. Lasarte-Orian bada jende aktiboa, urtero haurrak hartzen dituena, elikagai karabanetan parte hartzen duena... Askok badakite Saharari buruz, baina beste batzuek ez. Hori eginda, jende gehiagok jakingo du. 

Salec, urte batzuk badaramatzazu Lasarte-Orian bizitzen. Zein da hemen izan duzun bizipena?

S.M.: 2014an heldu nintzen. 1984an jaio nintzen kanpalekuetan eta han ikasi nuen. Gero, Aljerian unibertsitate-ikasketak egin eta Espainiara etorri nintzen 2014an. Urte erdia hemen egiten dut, eta bestea, han, familia guztia han baitut: emaztea, seme-alabak, gurasoak... Zortea izan dut lasarteoriatar asko baitago Sahararen alde, sahararroi lagundu nahi diguna.

Harrera ona egin zizuten, beraz.

S.M.: Bai, Lasarte-Oria bigarren etxea da niretzat. Jende asko ezagutzen dut, askok gure egoeraren berri dute, ekimenak egiten dituzte urtero eta haietan parte hartzen dut.

Galdetzen al dizute aberriaz?

S.M.: Bai. Nire izena galdetu eta sahararra naizela esatean, jendeari aurpegiera aldatzen zaio eta laguntzeko prest daudela esaten didate.

Nola bizi duzu zuk hemendik?

S.M.: Nire gorputza hemen dago, baina burua beti han dago. Kezkatuta nago ez dakidalako zer gertatuko den. Bi pertsona izan nahiko nuke, baina bakarra naiz. Bagoaz, bagoaz.

Gatazka bideratuko den itxaropenik ba al duzu?

S.M.: Bai. Azaltzeko hitzak falta zaizkit.

Galdeketa egitea lortuko duzue, beraz.

S.M.: Bai.

M.S.B.: Herri bat badago, zerbait nahi badu, eta elkarrekin badago, helduko da erreferenduma.

Oporraldien baketik, gerran borrokatzera

Oporrak Bakean programaren eskutik, Mendebaldeko Saharako haur ugarik aste batzuez bizitokiko egoera latza utzi eta oporraldia Euskal Herrian igarotzeko aukera izan dute. Tomax Arrutik azaldu duenez, Lasarte-Orian izandako batzuk koskortu dira jada, eta egun, Marokoren aurkako gerran borrokan ari dira. "Izen-abizenak dituzte, hemengo familietan egon dira eta beraien bizitza arriskuan jartzen ari dira euren askatasuna eta lurra defendatzeko". Mustafa Sid Bashir kazetariak ia hilabete igaro du jaioterrian eta handik ekarritako lekukotza etsigarria da. "Saharako gazteek ez dute bakea nahi, gerrara joan beste aukerarik ez dute. Posible dena egin nahi dute gainerakoak bezala bizitzeko. Ez da beraien errua, nazioartearena, NBErena, superpotentziena, baizik".