Osasun-egoeragatik egindako inbertsioak diruz laguntzeko

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mai. 4a, 18:15
Zenbait herritar, Lasarte-Oriako komertzio batean erosketak egiteko zain, ilaran.

COVID-19ak eragindako egoera tarteko, herriko hainbat negoziok inbertsioak egin behar izan dituzte, haien jarduera ekonomikoa moldatu eta lan egiten jarraitu ahal izateko. Gastu horiek arintze aldera, Lasarte-Oriako Udalak dirulaguntza-lerro bat onartu du: establezimendu bakoitzak 1.500 eurora arteko ekarpen bakar bat jaso ahalko du. Deialdia 28.601 eurokoa da eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Sailak finantzatzen du. 

GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ditu oinarriak Udalak. Dirulaguntza eskatzeko azken eguna maiatzaren 31 izango da, astelehena, egun hori barne. Honako hau da xedea, Udalaren hitzetan: "Lasarte-Oriako enplegua, jarduera ekonomikoa eta sektoreen lehiakortasunaren dimentsioa mantentzeko aukera emango duen tokiko jarduera sustatzea eta aldatzea".

Ekarpena jasotzeko baldintzak 

Dirulaguntza hori eskatu ahalko dute txikizkako merkataritzaren, ostalaritzaren zein zerbitzu pertsonalen sektoreetako pertsona fisiko edo juridikoek, baldin eta hamabost langile edo gutxiago badituzte. Baldintza gehiago ere bete beharko dituzte. Esate baterako, negozioetan egindako inbertsioak egin izana 2020ko martxoaren 14tik 2021eko maiatzaren 15era. Fakturen eta ordainketen datak aldi horretakoak izan beharko dira.

Negozioetako inbertsioek 2020ko martxoaren 14tik 2021eko maiatzaren 15era egindakoak izan beharko dute

Lasarte-Oriako Udalak jakitera eman duenez, diruz lagundu daitezkeen jarduerek "lotura zuzena" izan beharko dute COVID-19ari aurre egiteko hartu beharreko neurriekin, baina ez dira barruan sartzen musukoetan, geletan, eskularruetan, mantaletan eta antzekoetan egindako gastuak. Hauek, ordea, bai: lokalak eta lan egiteko moduak egokitu izana, bezeroekiko eta hornitzaileekiko harreman berrietarako espazio gehiago moldatu izana, eta baita osasun-protokoloak betetzeko egindako inbertsioak ere. 

[DOKUMENTUA] Dirulaguntzaren oinarriak