2021. urtea, "inbertsio garrantzitsuen" urtea

Txintxarri Aldizkaria 2021ko mar. 18a, 13:45
Ogasun batzordeburu IƱigo Zabaleta eta Agustin Valdivia alkatea, aurrekontuen txostena eskuan dutela.

2021. urteko aurrekontuak ezohiko udalbatzarrean onartu ostean, Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdivia eta Iñigo Zabaleta Ogasun batzordeburuak aurrekontuen kopuru eta partida ezberdinak azaldu dituzte agerraldi batean.

Aurrekontuen nondik norakoak zehaztu baino lehen alkate Agustin Valdiviak beste alderdiekiko hitzak izan ditu. Pozarren agertu da aurrekontuak gehiengo absolutuari esker onartuak izateagatik eta horregatik, eskerrak eman dizkio EAJ-PNVri.

Era berean, aurrekontu hauek alderdi guztiek landutakoak izan direla nabarmendu du. "Udaltalde guztiekin batu gara. ez behin bakarrik, hiru edo lau bilera egin ditugu batzuekin eta euren proposamenak txertatu ditugu aurrekontuetan. Lanketa hau bai inbertsio plana, bai aurrekontuak zehazteko egin dugu".

Agustin Valdivia alkateak azaldu duenez, "Zirriborroa landua genuen. Duela urtebete aurkeztu behar genituen aurrekontu eta lau urtetarako inbertsio plan estrategikoa, baina pandemiarekin guztia eten zen. Orain, guztia hiru urtetara moldatu behar izan dugu eta pandemiari aurre egiteko laguntzak batu dizkiegu". 

Era honetara, Lasarte-Oriak 2021. urtean 35.645.336 euroko aurrekontua izango du, bi ardatz nagusietan banatuta: COVID-19aren pandemiak sortutako sortutako zailtasunei aurre egiteko laguntza lerro ezberdinak eta inbertsioak.

Laguntza eta inbertsio hauek guztiak aurrera eramateko 2020. urteko soberaniaren menpe dagoen arren, udal arduradunak itxaropentsu daude gutxi gorabehera 4.000.000 eurokoa izatea espero dute-eta.

Laguntzak

Udalaren ohiko diru-sarrerak nabarmen behera egin arren,  "1.500.000 euro inguru", herritarrei pandemiari aurre egiteko laguntza lerro ezberdinak sartuko dituztela jakitera eman du alkateak.

Familiei zuzendutako laguntzak

Babesgabezia-egoeran dauden pertsonentzako laguntzetarako (soberakinaren kargura)

320.000 euro

Gizarte-larrialdietarako laguntzetarako

200.000 euro

Familientzako laguntzen partidarako

30.000 euro

Programa sozialak dituzten elkarteei transferentziak egiteko

25.000 euro

Ikasturtearen hasieran eskola-materiala erosteko kanpainarako

15.000 euro

Pobrezia energetikoaren kontrako laguntzetarako

2.000 euro

Horrez gain, Gizarte Zerbitzuetako arloan, gizarte eta hezkuntzako esku-hartze arloan hazkunde handia emango dela nabarmendu du. "Ia 300.000 euroko igoera egongo da". Izan ere, zerbitzuari behar adina baliabide profesional emateko helburuarekin 439.837 euroko lizitazio berria izango baitu. "Horren bitartez, hiru psikologo izango dira eta zenbait egoeraren prebentzioan ere lan egingo da," zehaztu du alkateak. 

Enpresentzako eta ostalarientzako laguntzak

Merkataritzarako, ostalaritzarako eta zerbitzu pertsonaletarako zuzeneko laguntzak (soberakinaren kargura)

400.000 euro

Lasarte-Oriako establezimenduetan kontsumoa bultzatzeko bonuen kanpaina (soberakinaren kargura)

200.000 euro

Beterri-Buruntza eskualdearen garapen agentziako hitzarmena

272.226 euro

Establezimendu berriak sortzeko eta ekintzaileei laguntzeko lerroa

40.000 euro

Merkataritza Suspertzeko Plan Berezi berriaren idazketa

30.000 euro

Merkataritza dinamizatzeko jarduerak sustatzeko Aterpea elkartearekin sinatutako hitzarmena

25.000 euro

Elkarteei babesa

 

 

Bi lerro nagusiez gain, herriko elkarteek hiru urteko hitzarmenak izango dituzte. "Beharrezkoa da gure elkarteek berriro jarduera normalizatu batera bueltatzeko modua izatea. Hiru urterako hitzarmenak, herriko entitateei egonkortasuna emateko eta hiru urtera begira egonkortasun ekonomikoa eskainiko die". Horretarako, 408.583 euro bideratuko ditu Udalak.

Era berean, elkarteek urtean zehar hainbat arloetan (Kultura, Kirola, Gazteria edo Herritarren parte-hartzea) egitasmoak garatzeko 175.851 euroko partida izango da.

Inbertsioak

Hiru urteko inbertsio plan estrategikoaren barruan, 2021. urteari dagozkien inbertsioak, honakoak izango dira alkatearen hitzetan. 

Kirol instalazioak

 

 

Kiroldegi berria eta futbolerako, errugbirako eta atletismorako entrenamendu-zelai berriak dira arlo honetan egongo diren inbertsio garrantzitsuak. Kostua 15 milioi eta 4.223.000 eurokoa izango da hurrenez hurren.

Horretaz gain, "kirola demokratizatzeko asmoz" Urdaburu plazakoaren antzera auzoetan kirol-instalazio txikiak ezarriko du udalak.

Auzoak

 

 

Sasoeta auzoko birmoldatzeari amaiera emango zaio Jaizkibel plazako hiru lokalen eraisketarekin. Lan horiek 1.100.000 euroko kostua izango dute.

Era berean, 2020 urteko soberakinaren zati batekin, 382.292 euro, Arranbide eta San Francisco kaleetan baranda berriak jarriko dira. Eta Oriako Karmengo Amaren kapera birgaituko da.

Manuel Lekuona

 

 

Manuel Lekuona kultur etxeko estalkia aldatuko da, 200.000 euroko aurreikuspenarekin.

Zerbitzu publikoak

 

 

975.000 euroko inbertsioa egingo du udalak herriko argiteria LED argietara moldatzeko. "Parke eta plazen argiztapena hobetuko da eta puntu beltzak kenduko dira. Gainera, energia-kontsumoa murriztuko dugu," adierzi du alkateak.

Ikastetxeak

 

 

Ikastetxeetan, "gure haurrei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko" hainbat inbertsio egingo dira urte honetan:

Sasoeta ikastetxearen sarrera berria    

250.000 euro

Sasoeta ikastetxeko eremu bat berriz urbanizatzea

35.794 euro

Alarmak lau ikastetxetan            

20.000 euro

Landaberri Ikastolako atariak asfaltatzea            

136.848 euro

Landaberriko zutoinak eta hesia konpontzea

18.091 euro

Landaberri Ikastolarako karpa  

43.202 euro

Era berean, lan horien guztien gauzatzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko Udalaguntza laguntzen menpe daudela onartu du alkateak.

Herritarren parte-hartzea

 

 

Arlo honetan, lau lerro nabarmendu ditu alkateak. Lehena, hondakinen kudeaketari dagokio. Horretan apirilaren 25ean egingo den lurperatutako edukiontzien sistemari buruzko kontsulta eta birziklapenari eta gaikako bilketari buruz egingo den kanpaina garrantzitsua sartzen dira.

Bestetik, herritarrei udal kudeaketak online egiteko aukera eskaini eta BackQ-ren erabilera sustatzeko kanpaina egingo da.

Eta aurrekontuen inguruan izandako prozesu parte-hartzailea hobetzeko pausoak emango dira.

110.000 euroko inbertsioa ere egingo da, Sasoeta Sasoaingo auzo-elkartearentzako lokal bat prestatzeko. "Horri esker, herriko auzo-elkarte guztiek lokala izango lukete," azaldu du alkateak. Horrekin lotuta, Oztabide auzo-elkarteko Arranbide kaleko lokala amaitzear dagoela jakitera eman du eta Zabaleta auzolan elkarteko kideekin Basotxo plazako lokalaren erabilera hitzarmena lantzen ari direla azaldu du. "Behin hitzarmen hori landuta, oinarria izango da udalak utzitako gainerako auzo-elkarteen lokaletarako".

Euskara

 

 

Euskararen arloan, 2020. urtean egin ahal ezin ziren Euskararen Maratoia eta Udako Txokoak aurrera eramango direla nabarmendu du alkateak. Diru partidak honakoak dira:

Udako Txokoak

122.607 euro

Euskara ikasteko bekak               

60.000 euro

Euskararen Maratoia    

50.000 euro

Euskaraldia

22.000 euro

Aldibereko interpretazioa

40.000 euro

Dokumentuen itzulpena

20.000 euro

Guraso Elkarteei diru-laguntza euskara sustatzeko

65.984 euro

Gaztelekua

 

 

Gaztelekuak kalitatezko zerbitzua eskaintzeko asmoz, zerbitzuaren pleguak aterako dira lehiara. "Horietan, besteak beste, gizarte eta hezkuntzako esku-hartze arloan Gizarte Zerbitzuekin egin beharreko elkarlana zehaztuko da," azpimarratu du alkateak.

Erlazionatuak

2021. urteko udal aurrekontuak onartu dira

Txintxarri Aldizkaria 2021 mar 17 Politika