Lasarte-Orian Aire Garbia: "Udal Gobernuak aitzakia bat gutxiago du Lasarte-Oriak hondakinen alorrean duen bene-benetako arazoari behingoz heltzeko"

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 26a, 17:40

Lasarte-Orian Aire Garbiak nabarmendu du herri-galdeketaren parte-hartzea "oso-oso apala" izan dela, eta, Agustin Valdiviak kontsulta aurkeztu zuenean esandakoaren kontrara, horrek erakutsi duela lurrazpiko edukiontziari buruz "ez zegoela benetako eztabaidarik". Hautetsontzietara joatera deituta zeudenak errolda osoaren %30 edo gehiago izan ez direnez, emaitza ez da loteslea Udalarentzat, baina, plataformaren aburuz, "mezua argi eta garbi" entzun du. "Ez dugu duda egiten".

Igandeko herri-galdeketak eman duenari buruzko irakurketa egiteaz gain, Lasarte-Orian Aire Garbiak enfasia jarri du Lasarte-Oriak hondakinen alorrean duen "bene-benetako" arazoan: "Donostiarekin eta beste zenbait herrirekin batera, Gipuzkoako birziklatzearen trenaren atze-atzeko bagoian jarraitzen du Lasarte-Oriak". Alde horretatik, "oso positibotzat" jo dute kontsultari buruz hitz egin duten hiru alderdiek (EAJ-PNVk, EH Bilduk eta PPk) "bakoitzak bere moduan" ideia hori euren diskurtsoetan txertatu izana.

Eztabaidarik ez

"Alkateak, igandeko kontsulta justifikatzeko, zera zioen: 'Jakin badakigu eztabaida irekia dagoela herritarren artean'. Baina, gure ustez, hain parte-hartze eskasak agerian utzi du ez zegoela inolako eztabaidarik; ez gai honetaz, behintzat", adierazi du Lasarte-Orian Aire Garbiak. Gogoratu du udaletxean ordezkatuta dagoen indar bakar batek ere ez duela lurpeko edukiontziak mantentzearen alde egin, ezta herritar elkarte bakar batek ere: "Are gehiago, galdeketaren aurrean beraien jarrera azaldu duten guztiek zaborrontzi horiek ezabatzearen alde egin dute". Emaitzak eskuetan, plataformak honakoa esan du: "Bozka eman dutenen artean, lurpekoak kentzearen aldekoak erraz nagusitu dira, baina parte-hartzea %30era iritsi ez denez, emaitza ez da loteslea Udalarentzat, baina, gauzak nola joan diren ikusita, ez dugu duda egiten mezua argi eta garbi entzun duela Udal Gobernuak".

Lasarte-Orian Aire Garbiako kideen iritziz, herritarren parte hartzeko tresnak "fundamentuz" erabili behar dira: "Guraizeek ebakitzeko balio dute, baina ez edozer gauza; enborrak ebakitzeko, esaterako, ezin ditugu artaziak erabili, alferrik galduko baitira". Gauza bera gertatzen da herri-galdeketekin: "Nolanahi erabiltzen badira, benetan behar direnean kamustuta egoteko arriskua dago".