Lasarte-Orian Aire Garbia plataformak uste du igandeko herri-galdeketak ez diola hondakinen kudeaketaren benetako arazoari heltzen

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 19a, 12:40

Lasarte-Orian Aire Garbia plataformak hainbat adierazpen egin ditu apirilaren 25eko herri-kontsulta dela-eta

Adierazpen horiek zerrendatu eta lehenego gisa adierazi dute "dilema faltsua" dela. Azaldu dute urteek eta teknikariek berek agerian utzi dutenez, lurpeko edukiontziek inoiz abantaila “estetikorik” izan bazuten, laster galdu zutela eta aspaldi-aspalditik direla "arazo-iturri agorrezina": "Behin eta berriro hondatzen dira (izan ere, gaur egun erdiak baino gehiago zerbitzutik kanpo daude), arratoien paradisua dira, lixibiatuen bidez urak kutsatzen dituzte, gaikako zabor-bilketa oztopatzen dute eta zerbitzua bera zailtzen dute". Adierazpen horiek baieztatzen dituzten udal-teknikariek egindako txostena irakurtzeko gonbita egin diete herritarrei. Honako helbidean irakur daiteke dokumentu hori. Bozka eman aurretik, dokumentua irakurtzera animatu dituzte lasarteoriatarrak: "Ez bozkatu igandean teknikarien txostena irakurri gabe. Animatu, laburra da eta. Eta hala ere pisu egiten bazaizu, jo zuzen-zuzenean klonklusiora".

Horrekin batera, herri-galdeketa egin ondoren udalak lurpeko edukiontziak mantentzea erabakiko balu ere, lur gaineko edukiontziz inguratuta jarraituko luketela ere azaldu du plataformak: "Kontua da lurpekoak diseinatu zituztenean ez zutela kontuan izan gaur egun indarrean dagoen gaiakako bilketa. Izan ere, zabor-zerbiztua aspaldi oinarritzen da lur gainekoetan, ez lurpekoetan". 

Lasarte-Orian Aire Garbia taldeak ez daki udal gobernu taldea zergatik tematu den kontsulta egitearekin. "Alkateak dio jakin badakitela eztabaida irekia dagoela herritarren artean. Egia ote? Ba al da lurpeko edukiontzia mantentzeko edo ezabatzeko eztabaidarik herritarren artean?  Guk dakigula, ez". Gaineratu dute azken urteotan, behintzat, ez dutela ezagutu lur gaineko edukiontzien ordez lurpekoak errebindikatu dituen auzo talderik, eta norbanakoek kumunikabideetan edo sare sozialetan zabaldutako gutun edo mezurik ere ez dutela gogoan: "Are gehiago, orain arte udalean ordezkatuta dauden alderdietako bat bera ere ez da lurpekoen alde azaldu, ez argi eta garbi, behintzat. Orduan?"

Erraustegira hondakin-industrialak eramatearen inguruko galderarik ez

Gaineratu dute baita ere bazekitela, adibidez, erraustegira hondakin-industrialak eramatearen inguruan udalak herritarrei ez ziela ezer galdetuko eta, planteatu duten herri-kontsulta egiteari aurkitzen dioten azalpen bakarra ere mahaigaineratu dute: "Herritarron arreta lurpekoen inguruko arazo artifizialerantz desbideratu nahi du, hiri-hondakinen kontuetan egingo balu bezala, baina benetan ezer egin gabe; eta, bitartean, jarraitzen du Lasarte-Oriak alor honetan duen bene benetako arazoari heldu gabe". Argi du plataformak arazoa zein den: Lasarte-Oriak, Donostiarekin eta beste zenbait herrirekin batera, Gipuzkoako birziklatzearen trenaren atze-atzeko bagoian jarraitzen duela.

Gauzak horrela, azaldu dute izugarri poztuko liratekeela igandeko galdeketan garbi geratuko balitz "lurpeko edukiontziak iraganeko kontua direla": "Besterik ez bada ere gai hau behingoz aitzakia gisa erabiltzeari utz diezaioten, nahiz eta badakigun aitzakiak amaigabeak izan daitezkeela zerbait egin nahi ez duenarentzat". Nabarmendu dute apirilaren 25eko galdeketan gertatzen dena gertatzen dela, 26an berretsiko dela Lasarte-Oriak zabor alorrean duen benetako arazoak, hau da, birziklatze tasa txikiak hortxe jarraituko duela, "dinosauruak Monterrosoren mikrorrelatoan bezalaxe".