Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan 33 positibo diagnostikatu dituzte asteazkenean: hamalau Hernanin, seina Andoainen eta Lasarte-Orian, lau Astigarragan eta hiru Urnietan. Usurbilen, aldiz, kasu bakar bat ere ez. Sei herri horietatik lauk eremu gorrian jarraitzen dute, eta sartzear da Andoain. Usurbil ere 400eko mugatik gertu dago, baina ez horrenbeste.
EAEko hiru lurralde historikoetan 940 kutsatze baieztatu dituzte apirilaren 14an (bezperan baino 63 gutxiago), horietatik 397 Gipuzkoan (-59). Osakidetzako beharginek 10.808 PCR eta antigenoen proba egin dituzte; positibotasun-tasa %8,7koa izan da. Koronabirusagatik 442 pertsona daude ingresatuta, horietatik 128 sintoma larriekin, ZIU unitateetan. Asteazkenean 73 paziente erietxeratu dituzte arrazoi horrengatik.