COVID-19

Hamabost kasu baieztatu dituzte Lasarte-Orian azken 24 orduetan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko api. 14a, 12:31

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratutako datu epidemiologikoek diotenez, Lasarte-Orian hamabost positibo atzeman dituzte asteartean, apirilak 13. Hilabetea hasi zenetik 88 kutsatze zenbatu dituzte gure herrian. Intzidentzia-tasa metatua 493,57koa da; 86 kasu erregistratu dituzte azken hamalau egunetan.

Otsailaren 5etik ez ziren horrenbeste kasu diagnostikatu egun bakarrean Lasarte-Orian –orduko horretan, hamasei baieztatu ziren–. Koronabirusa oldartuta dabil berriro ere herrian, azken asteetako positiboen gorakadak erakusten duenez. Iragan asteko ostiraletik gaude eremu gorrian, eta ez dirudi berehalakoan aterako garenik. Gaur-gaurkoz 493,57koa da intzidentzia-tasa metatua, 400eko mugatik ia ehun puntu gora. Horren ondorioz, atzotik are murriztuagoa da herritarren mugikortasuna, udalerri mailakoa. 

Asteartean atzemandako positiboen gorakada nabaritu da eskualdeko beste zenbait herritan ere. Beterri-Buruntzako sei udalerrietan 52 kutsatze baieztatu dituzte: hamabosna Hernanin eta Lasarte-Orian, hamahiru Astigarragan, bost Usurbilen, hiru Urnietan eta bakarra Andoainen. Astigarraga eta Lasarte-Oria bakarrik ez, orain eremu gorrian daude Hernani eta Urnieta ere. Andoain eta Usurbil, sartzear.

EAEko hiru lurralde historikoetan 1.003 positibo diagnostikatu dituzte, horietatik, 456 Gipuzkoan. Osakidetzako beharginek 11.274 PCR eta antigenoen proba egin dituzte kutsatzeak hautemate aldera; positibotasun-tasa %8,9 izan da. 433 paziente daude erietxeratuta koronabirusagatik Osakidetzako zentroetan; sintoma larriak dituzte 133 pertsonak, eta ZIU unitateetan daude. Asteartean 90 gaixo ospitaleratu dituzte.

Erlazionatuak