COVID-19

"Indarrean dauden osasun-neurri guztiak" betetzea galdegin die udalak lasarteoriatarrei

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 18a, 17:14

Lasarte-Oriako Udalak ohar bidez eskatu die herritarrei indarrean dauden osasun-neurri guztiak betetzeko, eta "arduraz" jokatzeko. "Kezkatuta gaude, ikusten dugulako zenbait lasarteoriatarren jokabideak ez direla gizalegezkoak; gainontzeko biztanleen osasuna arriskuan jartzen ari dira horrela jokatuta".

Udalaren aburuz, herritar batzuk "erlaxatzen" ari dira, eta ez dituzte osasun-neurriak betetzen. "Oso arriskutsua da horrela jokatzea; kutsatzeen laugarren olatu batera eraman gaitzake neurriak ez errespetatzeak". 

Kaleak eta plazak, adibide

Oharrean zenbait adibide zerrendatu ditu udalak. Esate baterako, kaleak eta plazak: "Udaltzaingoak eta Ertzaintzak jakinarazten digutenez, herritar guztiak ez dira indarrean dagoen araudia betetzen ari. Negua badoa, eta eguraldi hobea egin ahala, lau pertsonakoak baino gehiagokoak diren multzo gero eta gehiago ikusten dira, arratsaldeetan eta asteburuetan batez ere". Horrekin batera, herritarrek botila-festak egiten jarraitzen dutela esan du udalak, edo kalean edaten. Gogoratu du "debekatuta" dagoela hori. 

Ostalaritzaren gainean ere hitz egin du udalak oharrean. "Sektore horretan lan egiten duten tabernari askok ahalegin handia egiten dute egoerara egokitzeko, baina ez guztiek. Utzikeriagatik edo nahita egiten dutelako, zenbait ez dira neurriak errespetatzen ari: baimendutakoak baino mahai gehiago jartzen dituzte, lau pertsona baino gehiago elkartzen dira, maskarak ez dira behar bezala erabiltzen...". Agustin Valdivia alkatea berriki elkartu da Ostalaritza Lasarte-Oria elkartearekin, "kezka eta ezinegona" adierazteko.

Erlazionatuak

Eremu gorritik atera da Lasarte-Oria

Txintxarri Aldizkaria 2021 ots 17 Gizartea