Eskola Kirola

Eskola mailako kirola, egoera ulertezina

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ots. 5a, 12:15
Buruntzazpi Txirrindularitza Eskolako kideak proba batean. Arg.: Buruntzazpi txirrindularitza eskola.

Bultza Kirola Euskadi plataformak eremu gorrian dauden herrietan eskola mailako kirola ez etetea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Bien bitartean, Lasarte-Orian maila horietako kirolariek ezin  dute kirolik egin. Azken asteetan herriko kirol elkarte eta kirolarien gurasoen iritzia bildu du TXINTXARRIk. Hau artikulu multzoaren azken atala dugu 

Eskola mailako kirolaren etenaldiak eremu gorritik atera arte iraungo du Lasarte-Orian.  Artikulu honetan bildutako elkarte eta gurasoen aburuz, kirol jarduerak ez luke etenik izan beharko.

Elkarteek etenik ez

Texas futbol taldeko kideek Bultza Euskadi elkartearekin bat egin dute. "550 elkarte batu gara. Indarra egin eta soinua ateratzen ari gara kirola oinarrizko jarduera izateko. Ulertzen dugu ezin dela nomal entrenatu, baina kirola oinarrizkoa da eta kirolean ez da ia kutsadurarik eman, kasuen%0,03 bakarrik", azaldu digu Yonatan Monroy zuzendaritzako kideak.

Horregatik, etorkizunera begira, eurek entrenatu ahal izateko lanean jarraituko dutela nabarmendu du. "Ea zer gertatzen den".

Izan ere, osasun-neurriek eta etenaldiak euren futbol taldeetan eragina izan duela azaldu baitu. "Texasen herrikoak ez diren jokalariak ditugu. Eta esate baterako, nire taldean, kadeteetan, mutiko bat Andoaingoa da. Eremu gorrian sartu baino lehen, guk entrenatu ahal genuen, baina berak ezin zuen. Bestalde, haur askok utzi dute taldea etenaldiko hilabeteetan. Aurten nesken taldea antolatu nahi genuen, baina azkenean ezingo da. Denboraldi hasieran izena emanda zeudenetatik askok taldea utzi dute."

Horrez gain, kirol jarduerak etena badu ere, elkarteak lan eta lan dabiltzala nabarmendu digu Texaseko kideak. "Elkarteek  ez dugu etenik. Entrenamenduak geratzen dira, baina talde teknikoa beti dago lanean. Neurrien arabera, taldeak berrantolatu, entrenamenduak landu.... Neurri guztiak betetzen direla ziurtatu. Ezin gara geratu, edozertarako prest egon behar gara".

Beste era batera lan egin

Ostadar Atletismoa taldeko kideak pozik zeuden txikiekin lan egin ahal izateagatik. Amaia Andres arduradunak azaldu digunez, azaroan etetea animikoki gogorra izan zen. "Ikasturteari hasiera ematea kosta zitzaigun eta azaroan berriro geratzea animikoki latza izan zen. Ez baitzen konfinamenduan bezala, guztia geratu zela. Urduritasuna zegoen eta galdera ugari; zergatik federatuak bai eta gu ez? Gainera, pena handia eman zidan, haur batzuek kirolean haien lekua aurkitzen dutelako". 

Etenaldiko hilabete hauetan kirolariekin harremanetan jarraitzen saiatu direla jakitera eman du, baina "zaila" izan dela. "Ez da konfinamenduan bezala, ez gaude etxean sartuta; bizitzak aurrera darrai".

Egoerak eta neurriek ahalbideratzen dutenean hilabete hauetan galdutako arlo teknikoko ezagutzak pixkanaka berreskuratzen saiatuko direla nabarmendu du, eta, batez ere, haien artean sozializatzea izango dela garrantzitsua, baita euren alde emozionala lantzea ere.

Atletismoko arduradunak COVID-19ak eragindako alde onak ere aipatu dizkigu. "Lehen ikasturte amaiera genuen helburu, orain uzten digutean lan egiteko antolatzen gara. Egiteko beste era bat da. Gainera, haurrak gehiago ezagutzeko aukera eman du".

Azkenik, egoerak ahalbideratzen duenean edo ahal dutenera arte lanean jarraituko dutela aipatu du.

Eredu izan

Buruntzazpi Txirrindularitza Eskolako kidek COVID-19aren egoerak motibazioa galarazten duela azpimarratu dute. 

Taldeko txikiekin, alebin eta infantil mailetakoekin, neurriak betetzen, ahal izan dutenean entrenatu dute, talde murriztuetan. Kadete mailakoak, berriz, euren kabuz errepidean egiten dituzte entrenamenduak eta batzuetan kideren batekin batzen dira.

Txirrindularitza eskolako kideek federazioa lehiaketak martxan jartzeko saiakerak egin dituela badakite, esate baterako, ziklo krosseko aire zabaleko proba bat egin da. Baina leku itxietan probak antolatzea saihesten ari direla nabarmendu dute.

Neurriak alde batera utzita, "kirola da gure jarduera nagusia eta eredu izaten saiatzen gara, gure esku dauden baliabideekin kutsatzeak ekiditeko", adierazi dute.

Guztioi eragin

LOKE Tenis arloko arduradun Mariasun Yurritaren ustez, kirola oinarrizko jarduera gisa har dezaten borrokan jarraitu behar da. "Gorriz gaudela, protokolo gehiago egokitu beharko genituzke, baina ez debekatu".

Gainera, kirolak onura handia sortu dezakeela nabarmendu du. "Kirolak osasuntsuagoak izaten lagun diezaguke eta gure harreman sozialak kontrolatzen eta jarraipena egiten lagun dezake...".

Horregatik, egoera ulertezina dela nabarmendu du. "Haurrek ezin dute kirola egin, baina denak batera egon daitezke plazan. Hori ez da kirolean gertatzen eta tenisaren kasuan gutxiago, hau da, harreman fisikorik ez duen kirola da".

Era berean, egoera honek guztioi eragiten digula azpimarratu du. "Kirola diziplina jarduera da, errutina bat hartu behar duzu eta geldialdi hauek apurtzen gaituzte. Ikastaroaren helburuak ezin dira bete".

Ulertezina

TXINTXARRI-k elkarrizketatutako gurasoei ere ulertezina egiten zaie egoera.

Josean Diaz de Gereñuk bi seme-alaba kirolari ditu. Semeak pilota egiten du eta alabak, berriz, gimnastika. 

Maila hauetako kirolariek bizi duten egoera zenbait momentuetan frustrantea dela aipatu digu. "Bizitza normalak edo eguneroko bizitzak jarraitzen du eta kirolak mugak ditu". Etenaldiek ere eragina dutela nabarmendu du. "Hasi eta bat batean geratu beharrak, motibazioa edo ilusioa zapuzten du".

Eta etorkizunean kirol galera honek ondorioak izango dituela argi du. "Urte osoan horrela jarraitzea, gazteak kirolik gabe... horrek eragin edo ondorio bat izango du. Ez da prozesu naturala. Askatu behar dute tentsioa eta gazteek bereziki, handia dute. Egun ez dute aukera hori eta tentsio hori beste era batera aterako da".

Horregatik, kirol jardueren etetearekin bat ez datorrela aipatu du. "Ez nago konforme kirola etetearekin. Ulertzen dut neurri batzuk hartu behar direla, baina dagoeneko kirol jarduera salbuespen modura hartzea ongi irudituko litzaidake. Bizitzak jarraitu behar du, baina hainbeste murrizketa ez da naturala".

Arantzazu Miner eta Aitziber Ibarluzea LOKE teniseko guraso taldeko kideak dira. Bien ustez, haurrek kirola egitea garrantzitsua da. "Bestela ere garrantzizkoa iruditzen bazait kirola umeentzako, orain, are eta gehiago", atxiki du Ibarluzeak.

Egoera zaila eta gogorra dela badakite, baina haur eta gazteei "gozokia jarri diete aurrekaldean eta berehala berriro kendu... gogorra da", kexu dira.

Horregatik, kirol arloan, neurriak malguagoak izan beharko liratekeela uste dute. "Trenean, autobusetan, eta abar... jende mordoa ibiltzen dela... eta kirola, zergatik ez?", adierazi du Ibarluzeak. Minerrek, berriz, adierazi du neurri guztiak "ondo" betez gero, ez duela arazorik ikusten teniseko klaseak emateko. "Pena da".