Eskola Kirola

Etenaldi berriaren aurrean, kirola oinarrizko jarduera izateko eskaera

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 29a, 11:00
Buruntzaldea IKTko igerilariak, lehiaketa batean.

Gutxi iraun du poztasunak. Eskola mailako kirola martxan jarri eta astebetera, haur eta gaztetxoak kirolik gabe geratu dira, Lasarte-Oria eremu gorrian sartu da-eta. Metatutako intzidentzia tasa 500etik jaitsi arte ezingo zaio berriro jarduerari ekin. Eusko Jaurlaritzak kirola oinarrizko jarduera bezala onartu beharko lukeela uste dute herri elkarte zein gurasoek

Lasarte-Oria eremu gorrian dago urtarrilaren 22tik, ostirala. Ondorioz, beste behin, Eskola Kirola egitasmoa eta eskola mailako kirol jarduna eten da. Maila horietako kirol jardueraren egoerari buruzko iritzia jasotzen ari da Txintxarri aldizkaria azken asteetan.

Kalte "handia"

LOKE judoko Gorka Aristegi prestatzailearekin hitz egin genuen lehengo astean, eremu gorrian sartu baino lehen. Aristegi pozik zen eskola mailako kirola berriro ere martxan zegoelako. "Taldeak topera daude eta gurasoak ere animatuak daude".

Ikasturte honetan, taldeko txikiek entrenatzeko aukera gutxi izan dituztela nabarmendu du. "Ezin izan dugu tatamian ia ezer egin. Hilabete egin genuen ikasturte hasieran, eta, orain, aukera dugu berriro gelditzeko, esaten digutenera arte".

LOKEko prestatzaileak kezka ugari ditu LABIk ezarritako neurriekin. "Eremu gorrian sartzeak beldurra ematen dit. Gune horretan sartuz gero, etenaldi berria izango dugu eta ez dakigu noiz arte. Kirolarientzat kaltegarria izango da".

Izan ere, pandemiak kirol arloan sortutako egoera "desastre bat" dela uste baitu Aristegik. "Haur eta gazteek kirola egin behar dute, haien ongizaterako. Beraz, nire ustez behintzat, eskola mailako kirolaren itzulera beharrezkoa da".

Horregatik, lehengo asteko berrian zehaztu bezala, LOKEko atalek Bultza Kirola Euskadi plataformarekin bat egin zutela azaldu ditu. "Bertan egon gara lanean, eta beharrean jarraituko dugu. Kirolean positibo gutxi egon dira eta neurriak hartuz gero, kirol-jarduerak aurrera eraman daitezkeela uste dugu".

"Diskriminazioa"

Buruntzaldea IKTko kideek ere eskola mailako kirolaren alde  ari dira lanean eta bat egin dute Bultza Kirola Eskola plataformarekin.

Borja Apeztegia entrenatzaileak azaldu moduan, "haurrak ez dira eremu kutsatzaile handiak eta gainera, bereziki kirol klubetan dagoen kontrol maila dela-eta, egon litezkeen kasuak berehala mozten dira. Plataformaren ideiarekin bat eginik, kirola eta jarduera fisikoa ezinbesteko jarduerak dira eta halaxe deklaratuta behar lukete, eta, ondorioz, inongo dekretutan debekuen artean ez sartu".

Oso kritiko agertzen da Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriekin. "Jarduera martxan jartzeko lan handia izan behar izan dugu, milaka gauza: protokoloak eta kontingentzia plana landu, espazioak kudeatu, gurasoekin bilerak... Baina elkarteek egindako aurretiko lan hori guztia zenbait dekretutan bertan behera kolpetik uzten da. Eusko Jaurlaritzak inoiz ere azalpen eta justifikazio zehatzik eman gabe, eskola-umeen jarduera bertan behera utzi du, martxokoan bezala haurrak zigortuz eta horrekin batera kirol taldeak ere kaltetuz".

Izan ere, etenaldi bakoitza "berrantolaketa prozesu oso bat" baita taldearentzat. "Nortzuk geratzen diren, nortzuk jarraitzen duten, jarraitzen dutenen ziurtagiriak prestatu eta bidali, kiroldegian espazioen erabilpena berrikusi, oharrak prestatu eta bidali, kuoten egokitzapenak egin... Aldaketa bakoitzak lan eskerga handia suposatzen digu, zalantzarik gabe".

Horrez gain, egungo neurriek "diskriminazioa" sortzen dutela salatu du Buruntzaldea IKTko ordezkariak. "Jarduera bera, eremu bera, adin bera, ikastetxe bera, lagun talde bera...duten haurrengan diskrimanazioa sortzen ari da, batzuei jardueran jarraitzea ahalbidetuz, eta, orokorrean, kirol taldeetan daudenei debekatuz. Orain indarrean dagoen 1/2021 dekretua horren adibide gardena da, eta baita aurrekoa ere".

Horregatik, Apeztegiaren ustetan, "diskriminazio zentzugabe horrekin amaitu beharra dago, edo, agian, izango du ezkutuko zentzuren bat. Ezaugarri berberak dituzten haurrei jarduera norekin egiten dutenaren baitan ahalbidetu edo debekatzea onartezina iruditzen zaigu".

Gurasoak ere, kirolaren alde
Eskola mailako kirolak etetea "pena" dela azpimarratu dute TXINTXARRI-k elkarrizketatu dituen gurasoak. 

Jon Arroyo Beltzak RTko gurasoetako bat dugu. Bi seme ditu, biak errugbi jokalariak: zaharrena Zarautzeko taldearekin ari da lanean; txikia, berriz, 14 urteko taldean dago.
"Pena handia da horrela ibiltzea. Gazteek gogo handiak dituzte eta dituzten aukera horiek aprobetxatu nahian ari dira lanean. Baina alukeria da horrela ibili beharra", adierazi digu.

Entrenamenduak neurri berrien arabera egitea talde eta kirolarintzat bidezkoa ez dela uste du. "Aurreko astean, esate baterako, entrenatzeko asmoa agertu ziguten entrenatzaileek, baina ikusita eremu gorrian sartuko ginela eta ez zela entrenamendu gehiago izango, gurasoek hastea merezi ez zuela esan genien, eta ez zen egin. Asko eskertu zuten gure erabakia". 

Arroyoren ustetan, "luzerako" joango denaren itxura du. "Denboraldi hasieran argi utzi ziguten, urtarrilara arte behintzat, ez zela lehiarik izango eta gero ikusiko zela nola egin ahalko zen. Urtarrilean gaude eta denboraldia ezer egin gabe joango dela dirudi. Pena ematen dit, umeengatik eta taldearengatik". 

Izan ere, eskola mailako kirola trebakuntzako garaia baita Beltzak RTko kidearentzat. "Urte bat galtzea da, eta urte horiek oso garrantzitsuak dira. Orain arte, nire semea baloiarekin jokoan egon da, eta jokoaren nondik norakoak barneratu ditu, baina, orain, taldean nola jokatu ikasten hasi behar zen, eta garapen hori geratzea pena da".

Leire Berasategik ere bi seme-alaba ditu. Zaharrenak bi urte daramatza LOKEko judo atalean lanean. "Haurrek kirolik ez izatea tristea da. Kirola oinarrizkoa da niretzat, ingelesa edo beste edozeren gainetik. Izan ere, haurren psikomotrizitatea lantzeko beharrezkoa da. Gainera, kirol bakoitzak trebetasun eta balio ezberdinak lantzen ditu. Hori guztia galtzen da, oinarrizko gauza asko".

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak kirol arloan hartutako neurri murriztaileekin bat ez datorrela azaldu digu. "Bizitzak jarraitzen du normaltasun batekin eta nire ustez neurriak ez datoz bat. Kiroldegiko ikastaroek aurrera jarraitzen dute, baina, eskola mailako kirolak, ez, eta ez da ulergarria. Edo dena kentzen da, edo denak jarraitzen du. Ezberdintasun horiek ez dira ulergarriak".

Gainera, umeentzat, bat-bateko aldaketa hauek ulertzea zaila dela nabarmendu du: "Gustura hasi da berriro judoan eta Eskola Kirolean, eta, bat-batean, ez du kirolik. Aste batean bai, eta bestean ez; haientzat, ulergaitza da". 

Aurrera begira ere zer gertatuko den ezin dela jakin azpimarratu du, eta, neurriak neurri, haurrek ondorioak ez pairatzea espero du.

Erlazionatuak

Eskola mailako kirolaren egoera eta ezinegona

Txintxarri Aldizkaria 2021 urt 22 Kirola