Eskola mailako kirolaren egoera eta ezinegona

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 22a, 11:00
Eskola mailako kirol-jarduera ahalbideratu du, berriro ere, Eusko Jaurlaritzak.

Eskola mailako kirol-jarduera egitea ahalbidetu zuen lehengo astean Eusko Jaurlaritzak. Kirol elkarte ezberdinetako asko lehengo astean hasi ziren dagoeneko lanean. Eskola Kirola egitasmoak, berriz, astelehenean berrekin zituen saio presentzialak.

Eskola Kirola egitasmoko antolatzaileekin eta kirol elkarteko kideekin solastu gara, etenak zer suposatu duen jakiteko eta hurrengo asteetan, euren iritziak jasoko ditugu  Guztiak pozik daude, maila horietako haurrek, berriro ere, kirola egiteko aukera dutelako. Hala ere, argi dute Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriek guztia baldintzatuko dutela eta lanean jarraituko dutela, haur eta gaztetxoen ongizatea bermatu dadin

Eskola Kirola egitasmoak bideoetan oinarritutako Sakatu dinamika izan du martxan etena egon den hilabete hauetan; iragan astelehenetik, maila ezberdinetako saio presentzialak itzuli dira.

Ttakun Kultur Elkarteko eta  Burunzpe Sasoeta Zumaburu ikastetxeko zein Landaberri ikastolako guraso elkarteetako kideak "pozik" daude jarduera berriro ere martxan dagoelako.

Ane Etxebeste Landaberri Guraso Elkarteko kideak argi du kirola "ezinbestekoa" dela.Hartutako erabakia "guztion onurarako" zela ere ulertzen du. Hala ere, berriro martxan jartzeko data iristea "luze" egin dela onartu du. 

"Ikasleek dagoeneko erakutsi digute egoera guztietara moldatzeko duten gaitasuna, baina, aurten, mugimendu guztiak hain neurtuta dituzten honetan, kirola oraindik beharrezkoagoa dela nabari da. Denak gogotsu hasi dira berriro", jakitera eman du Etxebestek.

Irune Lopez Burunzpe Sasoeta Zumaburu ikastetxeko Guraso Elkarteko kideak ere haurrek "gogo asko" zituztela nabarmendu du. Eta etetearen erabakia "ulergaitza" egiten zitzaiela aipatu du Sasoeta Zumaburu ikastetxeko Guraso elkarteko kideak. "Erabakiak zentzurik ez zuela uste genuen. Burbuilatan lan egiten genuen eta ez zegoen arriskurik. Gainera, ez genuen ulertzen, udal jarduerak jarraitzen zutelako eta bertan burbuila ezberdinetako haurrak batzen zirelako". 

Hilabete hauetan, guraso elkarteek eskola-mailako kirolaren itzulera aldarrikatzerakoan haien aletxoa jarri dute ahal izan duten heinean, hala nola, kamixeta beltzak janzten, edo eskola kirolaren aldeko mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaltzea.

Bi guraso elkarte horietako kideek Ttakun KEko Ainhoa Ortiz de Urbinak egindako lana nabarmendu dute. "Aldundiarekin etengabeko harremana izan du, eta berri guztiak helarazten zizkigun".

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia "luzerako" izatea gustatuko litzaiekeela adierazi du Etxebestek. "Baina egoera desberdinetara moldatzen joango gara, edo behintzat saiatuko gara", onartu du.

Mobilizazioek fruitu izan

Urtarrilaren 13an hasi ziren Ostadar SKTk Futbol taldeak lanean. Joxe Pikabea Ostadar SKTko koordinatzaileak aipatu digunez, "haurrek ez dute gogo faltarik".

"Hilabete hauetan kirol munduko jendea mugitu da, eta ondorioz, eskolarrak diren kirolariak ere entrenatzen hasteko baimena dugu", onartu du Pikabeak.

Zerotik hasi

Intzako pilota eskolako kideentzat "zerotik hastea" da. "Eskola mailako gazteekin hilabetez entrenatu ahal izan genuen ikasturte hasieran. Protokolo eta jokatzeko moduei moldatzen hasiak ginen, gazteak ezagutzen... Martxa hartzen hasi ginenean etena agindu zuten", adierazi du eskolako arduradun Joxe Felix Solanok.

Eskola mailako kirolaren jarduraren etetearekin kritiko agertu da gainera, Solano. "Eskola jarduerak jarraitzen bazuen, zergatik ez kirol elkarteenak? Baldintza eta protokolo batzuk eskatu zitzaizkigun hasi ahal izateko, eta aukera izan zuten lehenegoan, jarduera eten zuten".

Intza elkarteak pilota elkartea babestu du eskola-mailako kirol jarduera aurrera eramateko eman dituen pausoetan.

Horri esker, urtarrilaren 14an, Intzako kideak animoz hasi dira berriro lanean eta gaztetxoek ere gogoak dituztela nabarmendu dute.

Gauza gutxi egin

Egun bat lehenago hasi ziren lanean Ostadar SKTko Saskibaloi ataleko eskola mailako taldeak. 

Endika Marrahi arduradunak jarduera berriro ere martxan jartzeko lan egin duten federazioak eta kirola bultzatzeko sortu diren plataforma ezberdinak nabarmendu ditu, baina hiru hilabete hauetako etenaldian atalak ezer gutxi egin duela azaldu du. "Oso gauza gutxi egin dira. Federatuei, kirola bere kabuz egiteko aholkuak eman dizkiegu eta planteamendu ezberdinak eskaini genizkien. Baina txikiekin ez ginen ausartu". 

"Frustrazioa"

LOKE gimnastikako kideak ere lanean hasi dira eta frustrazioz betetako hilabeteak izan direla nabarmendu du arloko arduradun Maite Ruedak. 

Etena eman zenean kirolari zein gurasoek euren ulerezintasuna agertu zietela adierazi digu Ruedak. "Hilabete zeramaten entrenatzen eta, bat-batean, etena etorri zen. 'Beste jarduera batzuk egin badaitezke, zergatik kirola ez?', sarritan entzun dugu hilabete hauetan. Taldean sartu berri diren txikiek, bereziki, ez zuten ulertzen zergatik geratu behar zuten kirola egiteaz, ikastolara joateko arazorik ez bazegoen. Beste mailakoek ere beste jarduera batzuk aipatzen zituzten, hala nola, balleta, dantza edo klase partikularrak. Ez zitzaien bidezkoa iruditzen".

Etenak, gainera, gimnastika taldean eta entrenatzaileengan eragina ere izan duela nabarmendu du. "Abendu eta urtarril hasieran gimnasta batzuek taldea utzi dute, eta entrenamenduen eta taldeen berrantolaketa beharrezkoa izan da. Egoera zaila da, baina hilabete hauetan bizi izan dugun guztiak baikorra den prestatzaileari ere motibazioa kentzen dio", adierazi du. 

Bestalde, kirol-jarduerarean etena gehiago ez luzatzeko Bultza Kirola Euskadi egitasmoarekin bat egin zutela jakitera eman du, eta plataforma horrek egindako lana azpimarratu: "Plataformaren borroka eta mobilizazioak positiboak izan dira eta, horri esker, lanean ari gara, baina ez da lana amaitu: idatzi bat bidali zaio Eusko Jaurlaritzari, eskola mailako jarduera oinarrizkoa eta beharrezkoa dela onar dezan, batez ere, bizi dugun pandemia egoeran". 

Hasiera atzeratu

Beltzak RTko kideek entrenamenduen hasiera atzeratuko dute. Taldeko kideek azaldu digutenez, taldeetako jokalarien babesa bermatzea du oinarri taldeak. Ulertzen dute beste taldeek lanean hasi nahia, baina haien kirola "kontaktu fisiko handikoa" da eta entrenamenduak horretara egokitzea "zaila" da.
Etenaren ondorioak ere hizpide izan dituzte. "Formakuntza arloan zaila izango da. Adin bakoitzak helburu tekniko batzuk ditu eta urte bateko jauzia berreskuratzea ez da erraza izango".

Gazteen kirol jarduera ezak ere kezkatzen ditu. "Batzuek kirol gutxi egin dute eta itxialdiak zein hilabete hauetako etenak kirolak behar duen sakrifizio-izpiritua galdu denaren beldur gara". Hala ere, gurasoen laguntzaz, berriro ere martxan jarriko direla argi dute.