19:30erako Okendo plazan biltzeko deialdia egina zuten Lasarte-Oriako ostalariek, eta ordu horretarako bertan batu dira hainbat herritar eta ostalari. Goierriko ostalariak ere Lasarte-Oriako mobilizazioarekin bat egin dute.
Ostalaritza aurrera irakur zitekeen bertaratutako askoren jantzietan, baita eskuartean hartutako banderetan ere. Zalaparta ere egin dute; hori zen helburua, herritarrei bistaraztea ostalariak bizitzen ari diren egoera latza.
Okendo plazatik Zumaburura abiatu dira. Handik erdigunera buelta hartu eta kale Nagusian barrena Atsobakar egoitzarako bidean gora egin dute. Handik behera, Tajamarreko biribilgunera iritsi eta Pablo Mutiozabal kalea zeharkatuta, Geltokira iritsi dira. Handik zuzen zuzenean Okendora; han amaitu dute mobilizazioa. Bide guztian zehar aldarrikapen oihuak entzun dira: "Langileak gara, ez gaizkileak" edota "ostalaritza aurrera".