Ostalarien aldarriak, errepidean berriro

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 12a, 10:00

Ordiziatik Iruneraino, errepidean egin dute protesta Gipuzkoa osoko hainbat ostalarik gaur goizean. Lasarte-Oriako zenbait tabernarik bat egin dute ekimenarekin.

Ostalariek mobilizazio ekintzak egiten jarraitzen dute euren "egoera prekarioa" salatzeko. Lasarte-Oriako 2KN kafetegiko jabe Aitor Salegik Radio Euskadin azaldu duenez, sektoreak ez du "inolako laguntzarik" jaso 2020. urtean itxita egon behar izan den denbora hori konpentsatzeko. "Egoera okerrera doa: ireki ahal izan ditugu negozioak, baina egun batetik bestera alda daiteke hori eta lan-baldintzak ez dira batere onak: ia ezinezkoa da EAEn terraza batean lan egitea urtarrilean, eta lokalen barruko edukiera murriztu egin digute". 

Gipuzkoa osoko zenbait ostalari batu dira, eta gaur goizekoaren antzeko ekintzak egiten hasi: auto karabana egin dute N-1 errepidean zehar, Ordiziatik abiatu eta Donostiako Garberaraino, Irungo noranzkoan. Ibilgailuetan aldarrikapen afixak eraman dituzte, eta klaxona ozen jo, euren aldarriak entzunak izan zitezen. Datozen egun eta asteetan "ekintza gehiago" egitea pentsatzen ari direla aurreratu du Salegik.

Erlazionatuak

Gipuzkoako ostalarien protesta errepidera

Txintxarri Aldizkaria 2020 abe 21 Gizartea