Ehunka lasarteoriatarrek babesa eman diete herriko ostalariei

Txintxarri 2020ko abe. 8a, 12:08

Eguraldi txarra ez da oztopo izan eta norbanako  nahiz elkarte ugarik bat egin dute Lasarte-Oriako ostalariek egindako deiarekin. 

Euria iragarrita zegoen eta goizean zehar gogotik bota badu ere, lainoek atseden hartzea erabaki dute 11ak inguruan. Eta eskerrak. Ordu horretan irten baita Lasarte-Oriako ostalarien aldeko kalejira Kotxerasetik. Zeru grisak eutsi dio Andatza plazako hitzartzeak arte. Orduan bai, prest ez zegoenak blai amaitu du. 

Elizatze plazan elkartu dira 10:30ean. Han parte hartuko zutela adierazitako elkarteei euren afixa eta pankarta eman diete. Banaketa amaituta, Kotxerasera joan dira denak. Irteera postuak antolatuta, 11:00etan abiatu da kalejira. Aurretik motorzaleak, ondoren, txirrindulariak, jarraian furgoneta, eta atzetik, manifestazioaren burua. Taldeak eta elkarteak, bakoitzak bere afixa nahiz pankarta zuen eta horrekin batera, banderak, zapiak, baloiak... ere bazeramatzaten. 

Amesgaiztoa amaitu zain

Kale Nagusitik barrena joan dira Tajamarreko biribilguneraino eta Donostia hiribidetik gora eginda Andatza plazara heldu dira. Bertan, antolatzaileek esandako lekuan kokatu dira elkarteen arabera multzokatuta. Denak batu direnean, kioskoan hitza hartu dute ostalariek. 2KNko Asier Salegik eta Arkupe tabernako Jennifer Garcíak idatzi bat irakurri dute, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren. Komunikatua Andoain eta Usurbilen irakurritako bera izan da. 

Lehenik, esker hitzak; babesagatik eta laguntzagatik. "Animo beharrean gaude egunean-egunean". Jarraian, martxoaren 13an hasitako amesgaiztoaren errepasoa egin dute, lehen itxialdiaren kolpea bigarrenak sakondu duela erakutsiz.

Erakundeek ostalarientzat planik ez dutela eta laguntzarik ez dutela jaso salatu dute beste behin. "Ostalaritzarekin ez dira kezkatzen ari, beraien kezka bakarra da Gabonetara nola iritsi eta Gabonak nola salbatu. Baina horrek dakarren ondorioa da herri honetan lanpostu asko kinka larrian daudela". Agindutako ez da iristen eta jasotako laguntzak "huskeria" dira. Hori gutxi balitz, zergek eta kobrantzek iristen jarraitzen dute. "Eskuineko eskuarekin 100€ ematen digute eta ezkerrekoarekin 1.000€ kendu".

40 egun itxita egongo diren bigarren itxialdi hau lehenengoan baino okerragoa da, erantzuteko gaitasun bera ez baitute: aurrezkiak agortu dituzte, lehen itxialdian maileguak eskatu behar izan zituzten, orain zailagoa da haiek lortzea... "Soka gero eta estuagoa dago gure lepoan, ezin dugu horrela jarraitu".

Olentzerori eskaera

"Txintxo" portatu direnez, Olentzerori eskaera luzatu diote: "Herri guztiarentzat osasuna, gure haurrentzat opariak eta ekar ditzala politikari batzuk herriak dituen arazo hauei aurre egiteko gaitasuna izango dutenak eta irtenbide bat emango diotenak". Berak bakarrik ezin badu, Errege Magoei laguntza eskatzeko iradoki diote ikatzginari.

Itxita egoteak eurak kolpatzeaz gain, tabernen eta jatetxeen inguruan lan egiten duten beste profesional batzuei ere eragiten dutela gogoratu dute: "Nik ez dut lana egiten, beraz: Roberrek ez ditu hozkailuak konpontzen, Leirek ez ditu kafeak saltzen, Pellok ez du garagardoa saltzen, ezta Eduk limoiak ere. Hauek guztiak lasarteoriatarrak dira eta beraien etxean egoera konplikatzen ari da. Ezin dugu gure herria hiltzen utzi, horregatik borrokan jarraituko dugu eta zuen babesa eskatzen jarraituko dugu ere, behar zaituztegulako, zuek gu bezala, gure herria bizirik mantentzeko!". 

Parte hartu duten elkarteak: Ostadar, Texas, Beltzak, Lasarte-Oria Trail, APG patinaje, Buruntza igeriketa kirol taldea, Los Chavales de Martija, Cross Zabaleta, San Silvestre, Eguzki areto futbola, Padelo, Saiatuz BTT, Kukuka, Erketz, ATLO danborrada, Dinbi Banda, Xirimiri, Intza, Arriskaieta, Saustatxo, Sorgin Jaiak, Aterpea, Club Scooter Euskadi, Sasoeta Sasoian, Loquillo riders, Xuhakan Txakur Elkartea, Elebeltz, Ernai, Gautxori, LOZET, LOKE. 

Erlazionatuak