Udalerri guztien itxiera perimetrala eta bilerak lau lagunetara mugatzea erabaki zuen LABIk ostiral eguerdian. Sagarduik azaldu zuenez, bilakaera epidemiologikoa "oso kezkagarria" da eta "ez da erlaxatzeko unea, prebentzio ekintzan ahalik eta aurrerapen handienarekin jarduteko unea baizik". Agindua larunbatean argitaratu zuten eta gaur sartu dira indarrean neurri berriok:
- Itxiera perimetrala: EAEko udalerri guztietara zabaltzen da, ohiko salbuespenekin -ikasketa, lana, zaintza...-; baina ezin da mugakide diren herrietara joan.
- Lauko taldeak: Erabilera publikoko nahiz pribatuko guneetan gehienez lau laguneko taldean egon daiteke. Hortaz, ostalaritzako mahaietan ere gehienez lau lagun elkar daitezke.
Espainiako Osasun Ministerioak ez du etxeratze agindua aurreratzea ahalbidetuko lukeen Errege Dekretua aldatzea onartu, beraz, neurri hori bere horretan utzi behar izan dute.
Edonola, Sagarduik gogora ekarri zituen jada indarrean dauden eta hala mantentzen diren beste muga batzuk:
- Indarrean jarraitzen du EAEko eta lurralde historikoko itxiera perimetralak.
- Etxeratze agindua 22:00etatik 06:00etara bitartean.
- Merkataritza eta kultur jardueren etetea 21:00etan
- Ostalaritzaren itxiera 20:00etatik 06:00etara bitartean. Eremu gorrian dauden udalerrietan, erabat ixtea.
- Saltokien edukiera %40ra murriztu 150 m2 baino gehiago dutenen kasuan, %60ra 150 m2 arteko azalera dutenetan.
- %60ko edukiera kultur eta gizarte ekitaldietan.
- %35eko edukiera gurtza lekuetan.
Lasarte-Oria eremu gorrian sartu zen ostiralean, beraz, ostalaritza eta joko nahiz apustu establezimenduak itxita egongo dira eta taldeko kirol jarduera etengo da bihartik aurrera. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguneratuko du eremu gorrian dauden EAEko udalerrien zerrenda.