Azken egunetako zenbatekoak ikusita aurreikus zitekeen eremu aldaketa berandu baino lehen helduko zela. Ez horrenbeste, ordea, egun bakarrean 22 kasu batzea. Abendu osoko kopurua hilabetea amaitzeko hamar egun falta direla gainditu da, eta horrekin batera, gune gorrira muga.
Herrikoa da eskualdeko datu txarrena, baina ez da bakarra. Hernanin hamabost positibo atzeman dituzte, Andoainen, hamar eta Urnietan, lau. Usurbil eta Astigarraga, berriz, bere horretan mantendu dira. Kopuru hauen ondorioz, Lasarte-Oriarekin batera, Hernani eta Urnieta eremu gorrira pasatu dira. Andoainek bertan daramatza egun batzuk. Usurbilen eta Astigarragan egoera hobea da, eta oraingoz, intzidentzia metatua, 500etik urruti dago.
Datu txarrak izan dira ostegunekoak eta Euskal Autonomia Erkidegoa bera ere eremu gorrian da. Atzo, 13.154 test diagnostiko egin zituzten, eta haietatik, 1.139 positiboak izan ziren. Lurraldeka banatuta, Gipuzkoan 319 kasu berri daude; 639, Bizkaian; eta 174, Araban. Gainerako zazpi kasuak EAEtik kanpo bizi diren herritarrak dira. Positibo tasa %8,7 da.