SARE

Bidea egiten jarraitzeko, manifestazioa larunbat honetan Okendo plazan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 8a, 09:55
Sarek iazko ekainean Okendo plazan egindako elkarretaratze bat.

Urtarril hasieran milaka eta milaka pertsona joan ohi dira Bilbora, Sarek antolatutako manifestazio nazionalean parte hartzera. Aurten, COVID-19a tarteko, antolatzaileek erabaki dute herriz herri egitea mobilizazioak, Euskal Herri osoan zehar. Lasarte-Oriako Sarek bat egin du deialdiarekin, eta Okendo plazan jarri du hitzordua larunbatean, urtarrilak 9, 17:30ean. 

Euskal presoak Euskal Herrira ekartzea, gradu-progresioa ahalbidetzea, larriki gaixo daudenak haien etxeetara eramatea, adinez nagusiak diren presoak etxeratzea... Eskakizun horiek eta beste hainbat egingo dituzte Sareren deialdiarekin bat egiten duten herritarrek larunbat honetan. "Etxerako, bakerako eta elkarbizitzarako bidean" aurrera egiteko asmoz antolatu ditu eragile horrek manifestazioak. Horren harira, salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzea "funtsezkoa" dela azpimarratu du Sarek, beste behin. "Ezinezkoa da aurrera egitea oraindik hainbeste sufrimendu sortzen duen egoera aldatu gabe".  Frantzia eta Espainiako Gobernuek azken hilabeteetan egindakoa ere baloratu du: "Nahikoa ez den arren, Xistor Aranbururen baldintzapeko askatasunak eta Espainian preso daudenen lekualdatze eta gerturatzeek erakusten dute jarrera aldaketa bat ematen ari dela". 

Jabi Gallaga, Darocara

Joan den urteko abenduaren 30an, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak jakinarazi zuen gerturatu egingo zituela zenbait euskal preso, Jabi Gallaga herritarra tartean. Cordobako espetxean eduki dute preso, Lasarte-Oriatik 860 kilometrora, 2004. urtean atxilotu zutenetik. Esan bezala, lasarteoriatarra gerturatu egingo dute Zaragozako Daroca espetxera, herritik 300 kilometro pasatxora, eta bigarren gradua ezarriko diote. Orain arte lehenengoan egon da, eta isolamenduan, "egoera muturrekoenean", Espetxe Politiken Behatokiko kide Teresa Todak azaro erdialdean Maider Galardi kazetariarekin batera eskaini zuen hitzaldian azpimarratu zuenez. Cordobako espetxea eta Gallagaren egoerari buruz solastu ziren.