Jabi Gallaga herritarra Zaragozako Daroca espetxera gerturatuko dute

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 30a, 15:00

Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak jakitera eman duenez, Euskal Herritik gertuago dauden espetxeetara gerturatuko dituzte 11 euskal preso, Jabi Gallaga lasarteoriatarra tartean. Cordobako espetxean hamasei urte daramatza preso herritarrak, isolamenduan. Zaragozako Daroca kartzelara eramango dute, eta bigarren gradua ezarri.

Barne Ministerioak gerturatuko dituen beste presoak hauek dira: Ainhoa Garcia, Igor Portu, Juan Carlos Iglesias, Jose Ignacio Guridi, Fermin Vila, Manex Castro, Juan Carlos Besance, Maria Jesus Arriaga, Iker Lima eta Luis Enrique Garate. 

Gallaga 2004. urteko abenduaren 14an espetxeratu zuten Cordoban, honako delitu hauek egotzita: erailketa, sutea eta istiluak. Hamasei urtez eduki dute han, lehen graduan ezar daitekeen egoera muturrekoenean: isolamenduan. Sarritan graduz aldatzeko eskatu arren, ukatu egin diote behin eta berriro. Lasarte-Oriatik 800 kilometro pasatxora egotetik 337ra egongo da laster, esan bezala, Zaragozako Daroca espetxera gerturatzea erabaki baitu Barne Ministerioak.

Gradu aldaketa

Joan den azaroaren 21ean Isolamendua eta gradu aldaketarako oztopoak. Jabi Gallaga herritarraren egoera Cordobako espetxean hitzaldia antolatu zuen Lasarte-Oriako Sarek, Espetxe Politiken Behatokiko kide Teresa Toda eta Maider Galardi kazetaria gonbidatuz. Toda bera Cordobako espetxean egon zen preso, gaur-gaurkoz Gallaga dagoen toki berean, eta azaldu zituen zertan diren gradu bakoitzaren baldintzak: "Gauza bat da gradua eta beste bat horretan dituzun baldintzak. Hasieratik lehen graduan, behin behinekoz. Zure bizi baldintzak nahiko mugatuak dituzu, preso gehienak bigarren graduan daude. Horrek esan nahi du zure ziegan lo egiten duzula, ateratzen zara gosaltzera, ikastaroetara, patiora... elkarrekin bazkaldu eta siestaren ondoren berriro atera zaitezke". Gallaga lehen graduan eduki dute preso hamasei urtez, egoera muturrekoenean, isolamenduan.

Darocako espetxera eramaten dutenean, bigarren gradua ezarriko diote herritarrari. Ez dute zehaztu zehazki noiz gerturatuko duten.