Tontorrak beharrean, plazak hartu ditu Sarek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urr. 3a, 13:56

Izan Bidea dinamikaren barruan, Euskal Herriko 650 mendi tontor igotzeko asmoa zuen Sarek gaur goizean; eguraldi txarrak, ordea, iritzia aldarazi zien. Hala, lasarteoriatarrak Buruntzara eta Santa Barbarara igo beharrean, Okendo plazan elkartu dira argazki jendetsu bat egiteko.

Ziklogenesi leherkorra iragarri eta lehen zantzuak nabaritzearekin batera, Sarek astebururako zuen asmoa aldatzea erabaki zuen. Mendira igoera modu seguruan egiteko aukerarik izango ez zutela ikusita, maiatzaren 8ra atzeratu dute ekintza. Mendi puntetara joateko izena eman zuten ehunka lagunak herriko plazan argazki jendetsua egitera deitu zituzten. Lasarte-Orian Okendon 12:00etan elkartu dira 60 bat lagun. 

Hitzordu horren aurretik Donostiako Ibaetako frontoian izan da Joxe Mari Agirretxe. Berak hartu du hitza Izan Bidea dinamikaren inguruko zenbait azalpen emateko. Mugimenduaren bozeramaileek adierazi dutenez, presoen inguruan ematen ari diren pausak "eskasak" dira, eta "haserrea" adierazi dute. "Salbuespen legedia" bertan behera uzteko eskatu dute, urruntzea eta bakartzeak amaitzea. 

Horren aurren aktibazioa behar dela uste dute, hilabeteotan egindako lan "emankorrean" sakontzea. Lasarte-Oriari dagokionean, taldea "sendotu eta handitu" egin dela nabarmendu du eta gazteak egiten ari diren lana bereziki eskertu. Azken pausora arte, "euskal preso eta iheslari guztiak etxera ekarri arte" jarraitu behar dela gogorarazi die bertaratutakoei "bestela, Euskal Herrian ez delako normalizaziorik, bizikidetzarik, bakerik egongo". Horri begira, lanean ari dira hitzez eta ekintzez.

Sei urte daramatzate bidea egiten eta aktobazioarekin jarraituko dute, mobilizazioak eginez. Urriaren 24an "Irtenbidea-Resolución" leloarekin manifestazioa egingo dute Donostian. Antiguako tuneletik irtengo da, 17:00etan; eta bertan parte hartzera deitu ditu bertaratutakoak Itziar Arteagak. "Bidea izango bagara eta etxera ekarriko baditugu iheslariak eta presoak, gurekin izango da. Guk egiten dugun lanak horretan lagunduko du. Sinestuta gaude herrietan egiten denak garrantzia asko duela eta gutako bakoitzak garrantzi itzela duela. Hau egingo badugu, denon artean egingo dugu".