Zuhaitza loratu arte

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko abe. 30a, 20:09

Martxan jarri berri duten egitasmoa aurkezte aldera, ekitaldi ederra egin dute aSUnak talde feministako kideek Manuel Lekuona kultur etxean. Hilabeteotan sutan pazientziaz eta ilusioz sortu dutena lau haizetara zabaldu dute, eta herriko neska* zein emakumeei* eskua luzatu, proiektuan parte har dezaten.

Bukatzear dago urtea. Konbentzitu arte errepikatu baina gero betetzen ez diren promesak egiteko unea gerturatzen ari da, norberak bere buruari erronkak botatzekoa: gimnasiora joaten hasi, erretzeari utzi... Hastear den 2021. urterako, Lasarte-Oria feministago bat eraikitzen jarraitzeko helburua jarri diote euren buruari aSUnak talde feminista sortu duten neska* gazteek, baina azken hori ez da hasieran aipatutako promesa hutsalak bezalakoa, boteprontoan bota eta gero damutzekoa. Ez: lanketa sakona abiatu dute, hilabete askotan sutan egositakoa; txikiagoa zen sugarra hasieran, eta handitzen ari da, herritarrak egitasmora batu ahala. Hori izan da asteazken arratsaldean lantaldeko kideek egin duten aurkezpenaren funtsetako bat: Lasarte-Oriako neska* eta emakumeak* haiekin lan egitera gonbidatzea, berriki abiatutako bidean urrats gehiago egiteko; betaurreko moreak jantzi eta Lasarte-Oria feministago bat eraikitzeko.

Gonbidatu bereziena

Arretaz jarraitu ditu azalpenak Amona Asunek, lehen ilaran. Eserlekutik altxatu, eta hitz egiten hasi den arte, duela mende erdi inguru egiten zuen bezala, taldean, beste hainbat neska* begien aurrean zituela. Nostalgia kutsu batekin, oroitu ditu sutondoan esertzen ziren garai horiek, haien gauzen gainean hitz egiteko, gauza batez eta besteaz kexatzeko, bizi zuten zapalkuntza egoera iraultzeko. 

Sare sozialetan zabaldu du hitzordua aSUnak taldeak egun hauetan: Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan, 18:00etan. Facebook, Twitter edo Instagram erabiltzen ote du Asunek? Ez dakigu, baina Tik Tok behintzat probatu duela bai, bilobarekin, gabon gaueko afarian. Mugikorrarekin saltseatzeaz gain, aurrez aurre ere hitz egin zuten años 70 delakoetan bezala, munduaren irudikapena bospasei hazbeteko pantaila batean kabitzen ez zenean–, besteak beste, Lasarte-Orian talde feminista bat martxan jartzeari buruz. Feminismoa kontzeptua guztiz ongi ulertu ez zuen arren, herriko zenbait neska* gaztek martxan jarritako proiektuak hauspotuta, gerturatu da Amona Asun kultur etxera ere. "Erretiratzeko garaia heldu zait niri; zuen txanda da orain: taldea osatu, eta jo eta ke aritzekoa".

aSUnak

Amona Asunen testigua hartu dute Lasarte-Oriako neska* gazte batzuek, ongi hartu ere. Egitasmoaren nondik-norakoak esplikatu dituzte kultur etxean: sorrera, helburuak, nola antolatu diren...eta eragile sortu berri horren izena nondik datorren ere bai. Asuna bada osina esateko beste modu bat, adibidez. Hitz horri erreparatuz gero, azaleratzen dira esanahi gehiago, helduleku berriak. Adibidez, hitzaren bigarren silaba hori, letra larriz eta gorriz jarri dutena kultur etxera eraman duten muralean: SU. "Etorkizuneko gazteei feminismoaren balioak transmititu nahi dizkiegu, eta belaunaldi desberdinak sutondoan bildu; suaren indarrean, goxotasunean eta berotasunean". 

Konturatuko zinen honezkero, irakurle, talde feministaren izena pluralean idatzita dagoela, amaierako -k horrek adierazten duen lez. Hizki bakarra da, baina bere baitan pertsona asko bildu nahi dituena, aSUnak ez baita norbanakoek norbanakoentzat sortutako egitasmoa, kolektibotik gizartean eta sisteman eragin nahi duena baizik: eragile "anitza eta plurala". "Elegantea" bada honezkero, izena behintzat bai, Amona Asunen hitzetan.

Sorrera eta antolaketa

Irailean, Euskal Herri mailako deiari erantzunez, eskualdeko zenbait herritan udaleku feministak antolatu zituzten, baita Lasarte-Orian ere, Harrotu eta erein leloarekin. Herriko neskek* erantzun zuten, eta egun horretan egindakoak hauspotuta, pausu bat gehiago egin eta talde formalago bat sortzea erabaki zuten, herrian beharrak eta gabeziak identifikatuta. Horiei erantzuteko helburuak pentsatzen eta prestatzen hasi ziren, esan bezala, Lasarte-Oria feministago bat eraikitzeko asmoz. "Bide propioa" egiten hasi dira, baina horrek ez du esan nahi elkarlanean ariko ez direnik herrian dagoeneko lanean ari diren beste mugimendu feminista batzuekin, Lasarte-Moriarekin kasu. 

Egutegian gorriz (edo morez) markatutako "egun puntual horiez harago" joan nahi du taldeak, eta urte osoko egitaraua prestatu, edo behintzat 365 egun horietan zehar aktiboagoa izan. Orain arteko lanketa guztia (eta hemendik aurrerakoa) euskaraz egin(go) dute, azpitaldetan antolatuta: aipatu dituzte aurkezpenean aisia eta formakuntza, esate baterako. COVID-19a tarteko, ezin izan dituzte aisialdiko ekintzak antolatu, baina bai formatu. 

Lantalde horiek kide bakoitzaren disponibilitatearen arabera osatzen dituzte, eta, tartean-tartean, aldatu ere bai, "harremanak sendotzeko eta rol desberdinak lantzeko". Egiten duten guztia zabaltzeko, besteak beste, WhatsApp talde bat sortu dute: interesa duen edonor sar daiteke.

Zuhaitza loratu arte

aSUnak taldeko kideek ez dute prosa soilik erabili aurkezpenean. Antzerkia, poesia eta musika ere bai. Belartieta-Galardi ahizpek pare bat abesti kantatu dituzte, gitarra, kaxa eta ahotsak lagun. Horietako bat, haiek sortutakoa, itxialdian: etxetik ikusi zuten zuhaitz baten loratze prozesu osoa. Metafora hori abestiaren letrara eraman, eta esplikatu dute zer lortu nahi duten borroka feministarekin: behin hazia ereinda, joan dadila landarea hazten, guztiz loratu arte. Ondoren, Perlata talde arrasatearraren Gorputzak Ferekan bertsionatu dute, ondoko esaldi honetan enfasi berezia jarriz: "Eta hemen gaude gaur, inposatutako sistema hankazgoratzeko". Horretarako sortu dute herriko neska* gazte zenbaitek aSUnak taldea. "Herria pizteko" ere bai. Eta beste hamaika kontutarako.

Lehen ilaran eserita segitzen du Amona Asunek. Gertutik ikusi du aurkezpen ekitaldira gerturatu direnek nola marraztu dituzten hosto berdeak muralean, bakoitzak bat, aSUnak egitasmoa kolorea eta dimentsioa hartzen ari dela irudikatzeko. Ea, hemendik denbora batera, zuhaitza guztiz loratuta ikus dezakeen. Hazia ereinda dago.