AZAROAK 25

Kaleak hartu dituzte Buruntzaldeako neska* gazteek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 25a, 20:55

Normaltasun zisheteropatriarkalaren aurrean, aldarri feministak lau haizetara zabaldu dituzte Buruntzaldeako neska* gazteek gaur arratsaldean Lasarte-Orian. Elkar zaintzea eta autodefentsa feminista aldarrikatu dituzte, eta eskualde mailan urratsak egiten ari direla azpimarratu. "Gaur hemen elkartu izana da horren adierazlerik handiena".

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Egunean, azaroaren 25ean, eskualde mailako mobilizazio jendetsua egin dute Lasarte-Oriako eta inguruko herrietako neska* gazteek. Okendo plazatik irten eta erdigunea zeharkatu dute, Tajamar biribilgunetik pasa eta berriro ere Okendorantz joanez. Barren-barrenetik oihukatutako aldarriak zabaldu dituzte bidean: "Gora borroka feminista", "Kaleak gureak dira", "Matxirulo, entzun: pin, pan pun!" eta beste hainbat. 

 

"Sistema ez da sostengarria"

Okendora iritsi, borobilean bildu eta aldarrikapenez jositako adierazpena plazaratu dute mobilizazioaren antolatzaileek. Honela dio:

"Euskal Herriko mugimendu feministak urteak daramatza salatzen sistema heteropatriarkal kapitalista ez dela sostengarria, etekina jartzen duela bizitzen aurretik, kontuan hartu gabe horiek direla gizartearen oinarri. Behin eta berriz aldarrikatu dugun bezala, zaintza da sistema sostengatzen duena, eta hori inoiz baino gehiago gelditu da agerian egungo osasun eta gizarte krisiarekin. Etengabe errepikatu dugu eraldaketa baten beharra, zuzenean aldapa behera gindoazela, eta orain kolapso egoera honetan, gu gara ondorio latzenak pairatzen ari garenak.

Sistema heteropatriarkalak emakumeen* aurkako ageriko biolentzia salatzea onartzen du, atzetik gu erasoz etekina ateratzen duen bitartean. Ez engainatu zuen burua, biolentzia ez da soilik izerbegaren punta, oinarrian ikusezin zeuden egiturakoz erasoak ere biolentzia dira. Zaintza lana aintzat ez hartzea, biolentzia da; sektore feminizatuak ahanzturara eta prekarizaziora kondenatzea, biolentzia da; nahikoa baliabide ez eskaintzea horiek burutzeko, biolentzia da; eta bazterreko subjektuak muturreko egoera batera bultzatzea kapitalaren interesak babesteko, biolentzia da.

Aurretik esan bezala, COVID-19aren krisi egoeraren aurrean hartutako neurriak eta kudeaketa, kolapsatutako sistema horren isla dira. Jasangarria ez den sistema produktiboa mantentzea guztiaren aurretik jarri dute, pribatzizazioaren eta prekarizazioaren biktima izan diren sektoreetan inberittu beharrean. Etekinik ez galtzea izan da helburu nagusia, gu produkziora bideratutako subketu pasibo bilakatu nahirik, ezinbestekoak diren aisialdia, harremanak eta antolatzeko gaitasuna desagerrarazten saiatuz".

Ez dute onartu nahi sistema heteropatriarkal kapitalista agortuta dagoela, ez diela gizartearen beharrei erantzuten, gutxi batzuen interesei baizik. Aitzitik, norbanakoaren baitan jarri dute fokua, kriminalizazioa izanik diskurtso hegemonikoaren giltzarri. Gure ardura da ez kutsatzea gure burua edo besteak, arduragabeak gara, lana bai baina bizitza ez, eta mugitzen bazara, haien poltsikoak betetzeko izan dadila. Horrez gain, osasun zerbitzuetako langileen ahotsak isilarazi nahi dituzte egoera lazgarriaren arrazoiak salatzen dituzten bakoitzean, eta beste hainbat langile esentzialekin, hala nola greban daudenekin, ezikusiarena egiten dute.

Krisiak, kolpe zuzena

"Neska* gazteoi ere zuzenean kolpatu gaitu krisiak, ditugun zapalkuntza horien eragina oraindik eta nabarmenagoa eginez. Gure lanpostuak ezin prekarioagoak dira, eta orain kale gorrian utzi gaituzte. Gure diru sarreren gehiengoa edota guztia galdu dugu, maiz inongo bermerik gabe aritu garelako lanean. Hezkuntzan ere berme guztiak galdu ditugu eta neska* ikasleon beharrak zein eskubideak ez dira aintzat hartzen. Funtsean, gure bizi proiektuak alde guztietatik higatzen ari dira eta harreman sozialen kriminalizazioarekin batera, arnas gune gabe utzi gaituzte.

Horrez gain, ezin ditugu ahaztu aurten emakumeek salatu dituzten eraso pertsonalak, hala nola atzo Donostian jazotakoa. 52 urteko emakume bat laban batekin erasotu zuen gizonezko bikoteak eta Donostiako ospitalera eraman behar izan zuten. Oraingoan badirudi ez dugula eraildako emakumeen zerrendara gehitu beharko, baina egoera tamalgarri hauek egiturazko biolentziaren aurpegirik bortitzena izaten jarraitzen dute. Hemendik gure babes osoa eskaini nahi diegu egunerokoan beldurrez bizi diren emakume guztiei, beldurrarekin bizitzea, bizirautea besterik ez delako.

Ardiak bezalaxe nahi gaituzte, isilik, geldirik eta obediente. Oraindik ez al dira konturatu? Neska* gazteok ez dugu haien normaltasun berria onartuko. Mendeetan zehar ukatu dizkiguten espazioak gure egiten jarraituko dugu, eta inoiz baino gehiago, antolatuta jarraituko dugu.

Hilabeteak pasa dira Buruntzaldeako Neska* Gazteok gure artean saretzeko prozesua aurkeztu eta martxan jarri genuenetik. Pausoz pauso ari gara, eta gaur hemen elkartu izana da horren adierazlerik handiena. Gure hautuan berresten gara, elkar zainduz eta autodefentsa feministaren bitartez, hortzak erakutsiko dizkiogu ahul eta itzaletan nahi gaituen sistemari. Ez dugu inongo erasorik onartuko! Gora borroka feminista!". 

Erlazionatuak