'NEURE KABUZ'

Harrotu eta Erein

Lierni Rekondo 2020ko ira. 25a, 10:21

Ondo gogoratzen dut oraindik institutuko patioan genuen txokoa, hainbeste elkarrizketa txutxumutxu eta jolasen lekuko izan zena. Lur zati txiki bat besterik ez zen, futbol zelaiaren ertzean, bazterrean, ez baikenuen erdian egoteko zilegitasun nahikorik. Lekuz kanpo sentiarazten gintuzten hurbildu bakoitzean.

Larunbatean herriko Neska* Gazteek antolatutako egun osoko egitarau feministara gerturatzeko aukera izan nuen tartetxo batez eta, lehenengoz, indartsu eta eroso zapaldu nuen jolasleku horren erdigunea. Behingoagatik emakumeak jolastokiaren zentroan, ikusgai, entzungai, espazioa okupatzen. Ikusizko metafora itzela iruditu zitzaidan, eta baita jarraian etorri zena ere.

Bertso saioa hasi eta pare bat minutura mutil gazte talde baten bozek emakume bertsolarien kantuak lausotu zituen. Futbolera jokatzeko zuten txokoa hartu izana ez zitzaien gehiei gustatu antza, mikrorik gabe baina ahotsa gora, euren artean hizketan, gainetik beti. Ordu erdi ez zen igaroko beste gizon baten ahotik "Arriba España" entzun genuenerako. Feministak eta gainera euskaldunak; ez zuen gehiago behar. Hori gutxi balitz ere, saioaren amaiera aldera, guapa, neska polita eta beste hainbeste "laudorio" iritsi zitzaizkigun, nerabezarotik aspaldi igaroak ziren mutilen ahotik.

Gertakariok eman didate zer pentsatua. Aztertzekoa da nolako deserosotasuna sortzen duen emakume talde batek espazio publikoak okupatu edo zentralitatea hartzeak; deserosotasun horrek eta ertzean egotera ohituta ez egoteak nola daramatzan gizontasunaren aldarri egitera, oilar harroen pare “ez dezazuela ahaztu gero, hori ez dela zuen lekua”.

Inoiz emakumeon saretzeko, espazio publikoak hartzeko eta geure ikusgarritasuna aldarrikatzeko beharra zalantzan jarri duenak, ez du ingurura unetxo batez begiratzea besterik.

Hemen gaude, eta zuen posizio pribilegiatua mantentzeko aldarri harroek hautsak harrotzeko are motibo gehiago ematen dizkigute, hazia ereiteko Lasarte feminista bat lora dadin. Ez zaigu lanik faltako, ezta indarrik ere.