ABENDUAK 24

Kultur etxean ederki gozatuta, gauerako atseden hartzera

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 24a, 15:48

Menditik jatsi berri dira Olentzero, Mari Domingi eta Xixuko, herriko haurren artean maitasuna eta zoriontasuna banatzera, ezohiko neurriekin bada ere. Porrotxekin eta Mariteilatukorekin elkartu, eta ikuskizun zirraragarria eskaini du laukoteak kultur etxean. Hori baino lehen, auzoz auzo ibili dira ikazkina eta bere laguna, etxeko txikienekin hizketan eta euren eskutitzak jasotzen.

Maskarak jantzita, sarritan kosta egiten da guretzat ezagunenak diren pertsonak nortzuk diren jakitea. Olentzero eta Mari Domingirekin, ordea, ez dago konfunditzeko aukerarik, are gehiago haien zain urte oso bat (eta a zer nolako urtea) zain igaro ostean. Kultur etxeko eszenatokira irten direnean, pozez zoratu dira ikus-entzuleak, eta gogotik gozatu dute haiekin eta euren lagunekin: Porrotx, Marimotots, Xixuko eta Mari Teilatuko. 

Koro eta Maria Luisak (koronabirusak) hankaz gora jarri dute mundua, eta eragin dute urteroko ikuskizuna desberdina izatea: Okendo plazan ordez, kultur etxeko auditorioan egin dute, beharrezko neurri guztiak zainduta. Imajinatu amaitzear den 2020a nolakoa izan den, Olentzero bera ere nahastu egin dela! Lagun guztiak eszenatokian zain zituen, eta bera agertu ez: uda eta negua nahastu omen ditu, eta ahateen parkean zegoen bainu bat hartzen. Eskerrak oholtza gainera igo denetako bat Xixuko izan den: ahate hizkuntzan hitz egin die urmaelean Olentzerorekin zeuden hegaztiei, eta haiek abisatu diete ziztu bizian kultur etxera joateko.

Garaiz iritsi da, eta kultur etxean emanaldia eskaini duten seiek gogotik gozatu dute ikus-entzuleekin, kantuan eta dantzan. Olentzero eta Mari Domingi etxean daude orain, gauerako atseden hartzen, berezia baino luzea izango baita.