Asier Sagasti: "Gauza asko erakutsi dizkit judoak"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko abe. 19a, 07:30

4 urterekin hasi zen judoa egiten. Hurrengo bi hamarkada eta ia erdietan txapelketa ugaritan lehiatu da, baita pandemia baten erdian jokatutako Espainiako Txapelketan ere. Madrilen bizitakoaz eta beste hainbat konturi buruz hitz egin du TXINTXARRI aldizkariarekin.

Zer moduz Espainiako Txapelketan? 

Pandemia dela-eta, esperientzia berria izan da. Antolakuntza aldetik iruditu zait dena oso ongi zaindu dutela: orduak, protokoloa... Ordu jakin batean joaten ginen otorduak egitera, beroketak egitera ere bai Lehiatzea, ordea, hotzagoa izan da: zalerik ez harmailetan, erabateko isiltasuna, distantziak zaindu beharra aurkariaren aurka borrokan hasi arte... Arraroa izan da zentzu horretan, baina bueno, esperientzia berri bat.

Txapelketara joan aurretik, negatibo emandako PCR proba bat eraman behar genuen, eta beste bat egin ziguten gero han. 

Egindakoarekin gustura? 

Aho-zapore gazi-gozoarekin geratu naiz. Borrokaldi bakarra egin, eta galdu egin nuen. Hiru zigor ezarri zizkidaten epaileek: hiru txartel hori eta gorri bat. Lau minutuak agortu aurretik galdu nuen. Dena den, uste dut irabaz nezakeela. Epaileek eman zidaten puntuazioarekin ez nago oso gustura; uste dut hobeto balora zezaketela nik egindakoa, izan ere, Waza Ari giltza bat egin genuen bakoitzak, baina gero nire entrenatzaile Gorka Aristegik aipatu zidanez, Ippon batetik oso gertu egon zen, eta puntu gehiago eman behar zizkidaten [Waza Ari judoan gehien erabiltzen den giltzetako bat da: borrokalari batek bestea botatzea lortzen du, eta azken hori saihetsaldearekin erortzen da tatamira. Ippon bat eginez gero, berriz, bizkarrez jausten da, eta beste borrokalariak irabazi egiten du lehia].

"Uste dut epaileek hobeto balora zezaketela nik egindako lana"

Pandemiak bizitzaren alor guztietan ziurgabetasuna eragin du, baita kirolean ere. Noiz jakin zenuen Espainiako Txapelketan lehiatuko zinela? 

Txapelketa jokatu baino bi aste lehenago [abenduko aurreneko asteburuan joan zen Sagasti Madrilera lehiatzera]. 

Prestaketan eragin zuen horrek?

Bai. Normalean hilabete lehenago-edo jakinarazten digute lehiatuko garela. Aurten, esan bezala, bi aste lehenago: denbora gutxiago izan dut txapelketa prestatzeko, eta nabaritu dut, izan ere, lana egiten dut, eta astean hirutan entrenatu, 20:00etatik 20:45era.

Zenbat txapelketa jokatu behar ditu aurretik judoka batek, Espainiakora iristeko?

Hiru txapelketatan emaitza onak lortu behar dituzu: Gipuzkoakoan, Euskadikoan eta Ipar Sektorean. Azken horretan lehiatzen gara Euskadiko, Nafarroako, Errioxako eta Aragoiko judokak. Aurreneko bi postuetako batean sailkatu behar zara, Espainiakora joan ahal izateko gero.

Iaz ere jokatu zenuen Espainiako Txapelketa. 2019koak eta aurtengoak zerikusi handirik ez dute izan...

Ez, oso desberdinak izan dira, gaur egun bizi dugun egoeragatik batez ere. Iazkoa, gainera, oso-oso berezia izan zen niretzat, aurrenekoz lehiatu bainintzen maila horretan. Sentitu nuen ziklo bat ixten nuela, beste modalitate askotan konpetitu izan baitut lehenago ere.

28 urte dituzu. Ohikoa al da adin horretako judoken aurka lehiatzea?

Normalean gazteagoak izan ohi dira, 20 eta 27 urte artekoak. Dena den, jokatu berri dudan txapelketa horretan lehiatu zen 51 urteko andaluziar bat; Espainia mailako konpetizio batera joan zen 31. aldia zela esan zigun.

Aizu, nork daki, agian 23 urte barru antzeko anekdotak kontatuko dituzu zuk ere...

Hori horrela bada, berriz elkarrizketatu beharko nauzu (barreak). Ez, tira, ikusiko dugu, gorputzak erantzuten didan bitartean, judoa egiten jarraituko dut; 4 urterekin hasi nintzen, eta oso gustura aritzen naiz oraindik. Lanaz gain, bizitza pertsonala ere badaukat, baina, guztia uztartu dezakedan artean, jarraituko dut.

"Gorputzak erantzuten didan bitartean, judoa egiten jarraituko dut"

Kirol diziplina hori praktikatzen 24 urte daramatzazu, beraz. Zer ematen dizu judoak?

Gauza asko. Errespetua aipatuko nuke. Errespetua, aurkariari: nahita min egitera ez joatea, garbi lehiatzea. Errespetua, tatamiari: hobetzen laguntzen digu eta, gainera, ongi zaindu behar dugu.

Dena dela, bolada txarrak ere pasa ditut, nik lortu nahi nituen emaitzak iristen ez zirenean batez ere. Hasi nintzenetik engantxatu ninduek kirol horrek, eta jarraitzeko asmoa dut gorputzak uzten didan bitartean.

Aipatu duzu 4 urterekin hasi zinela judoan. Gogoratzen duzu zergatik?

Oso ume aktiboa nintzen, eta gurasoei aholkatu zieten ni judo egitera apuntatzea, energia hori guztia aska nezan, eta gaur arte.

LOKE Lasarte-Oria Kirol Elkartean aritzen zara. Noiztik?

Aurreneko urteetan, Sasoeta-Zumaburu eskolan aritzen nintzen, eta 6-7 urte nituela hasi nintzen kiroldegira joaten eta LOKErekin entrenatzen. Azpimarratu nahi dut oso gustura aritzen naizela, giro oso ona arnasten dela taldean, bai tatamian, bai kanpoan, nahiz eta azken hilabeteetan asko mugatu den gure arteko kontaktua, COVID-19agatik.

Martxoan alarma egoera ezarri zutenean agintariek, beste guztiak bezala, etxera joan zineten zuek ere. Judoan aritzeko ezin elkartu, beraz. Gogorrak izan ziren hilabete horiek?

Gogorrak baino, arraroak, mundua ez baita bukatzen horregatik. Baina bai, hotzagoak, entrenatzeko ezin genuelako elkartu: etxean egiten genituen ariketak hasieran, konfinamendua lasaitu zenean korrika egitera edo gimnasiora joaten ginen... Irail erdialdean itzuli gara tatamira, baina talde murriztuetan, neurriak jarraituta eta egoera berrira egokituta.

Ilusioz gainezka judoa egiten hasi zen 4 urteko ume hura hazi egin da, eta beterano bilakatu. Garai batean jasotako aholkuak ematen dizkiezu orain hasten ari direnei?

Bai, saiatzen naiz urte guzti hauetan ikasitakoa gazteei erakusten, aholkuak ematen... Gorka Aristegi da entrenatzailea, baina horrelakoetan ez du batere trabarik jartzen. Dena den, COVID-19a dela-eta, 16 urteko gaztetxoak entrenatu ezinik dabiltza. Ea laster itzultzen diren tatamira.

Ni hasiberria nintzenean, judoka gehiago ginen orain baino; tatamian ez ginen kabitzen ia. Helduagoak zirenek asko laguntzen ziguten, aholkuak ematen zizkiguten... Hori bai, oso garrantzitsua da norberak bere gorputzen ezaugarrietara egokitzea judoan aritzeko modua.

Zein da zure estiloa?

100 kilo azpikoen kategorian konpetitzen dut nik; pisu horren bueltan ibiltzen naiz. Hori aintzat hartuta, tatamian arin eta azkar mugitzen den judoka naizela esango nuke, eta nire estiloa ez da borrokaldia hasi eta berehala pentsatu gabe aurkariari eraso egitera joatea; lasaiagoa naiz zentzu horretan, neurtu egiten ditut aurkariak.

Giltzak egitea da judoaren oinarrietako bat. Zenbat menperatzen ditu judoka batek?

Asko, ez nuke kopuru zehatza esaten jakingo. Egia da gero borrokaldietan ez dituzula guzti-guztiak erabiltzen, batzuk edo zuk ongien menperatzen dituzun horiek baizik: Ippon, Waza Ari, Kata Guruma...

Gorka Aristegi aipatu duzu. Urteak daramatzazu harekin entrenatzen, ezta? Zer erakutsi dizu?

Judoan ikasi dudan guztia Gorkak erakutsi dit. Harreman oso ona daukat berarekin, ez soilik tatamian, baita kanpoan ere. Kirolaz ez beste gai ugariz hitz egiten dugu, galdetzen digu nola gauden, gure bizitza nola doan... Erlazio oso estua dugu.

Barka insistentzia, baina hori, 24 urte daramatzazu judoa egiten.Gertuko pertsonen animoak eta babesa jasoko zenituen.

Bai, noski. Gurasoek eta arrebak gertutik jarraitu dituzte orain arte jokatu ditudan txapelketa guztiak, aitak batez ere. Parte hartu dudan konpetizio guztietara joan da; kilometro asko egin ditu. Hori bai, kosta zitzaigun iazko Espainiakora joateko konbentzitzea! Hasieran ez zuen etorri nahi, kilometro asko egin behar zirela, ez dakit zer... Baina, azkenean, familiakook eta Gorkak harekin hitz eginda, konbentzitu genuen. Esan nion: 'Aita, orain arte jokatu ditudan lehiaketa guztietara etorri zara, eta, horietan berezienetako batera, Espainiakora, ez zara animatuko?'. Bikotekideak ere, Oihanak, asko lagundu eta animatzen nau. 

2020-2021 denboraldian jokatu duzun txapelketa bakarra izan da Espainiakoa. Besterik apuntatuta daukazu agendan?

Oraingoz, ez. Pandemiagatik, geldi dago konpetizioena. Baten batean lehiatzeko aukera izango dudan ala ez, ez dakit oraindik: hala bada, Espainiakoarekin gertatu bezala, jokatu aurretik denbora gutxi falta denean esango didate. Bitartean, entrenatzen jarraituko dut, eta, horrez gain, aprobetxatuko dut 3. Dan gerrikoa lortzen saiatzeko. Konpetizioen faltan, nire burua formatzen jarraitzeko baliatuko dut denboraldi arraro hau.

"Konpetizioen faltan, nire burua formatzen jarraitzeko baliatuko dut denboraldi arraro hau"