Asier Sagastik, zilarrezko domina eta Espainiako txapelketarako sailkapena Amurrion

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 21a, 16:00

Sagasti, lehena ezkerretik hasita, Gorka Aristegi eta Hondarribiko bi judokekin. Arg.: Gorka Aristegi

Herriko judoka Espainiako txapelketako Iparraldeko sailkapen saioan lehiatu zen. Espainiako txapelketako azken fasean parte hartuko du azaroaren 30ean, Madrilen. Amurrio Hiribilduko txapelketan infantilek brontzeko bi domina eskuratu zituzten

Espainiako txapelketarako Iparraldeko sailkapen saioa izan zen, Amurrion, igandean. Asier Sagasti herritarra 100 kilo baino gutxiagoko mailan lehiatu zen eta zilarrezko domina eskuratu zuen. 

Sagastiren mailan lau judoka zeuden. Nahiz eta haien artean banatuko ziren dominak, sailkapena ematen zuen postuan amaitu nahi zuen lehia LOKEko judokak, lehena edo bigarrena.

Lehen borrokan ez zen ongi ibili eta galdu zuen. Beste bietan ordea, garaipena erdietsi zuen Lasarte-Oriako gazteak eta zilarrezko domina eraman zuen etxera. Horri esker, Sagastik Espainiako txapelketako azken fasea jokatuko du, azaroaren 30ean, Fuenlabrada, Madrilen.

Gorka Aristegi prestatzailea oso pozik agertu da Sagastik egindako lanarekin. "Guretzako Espainiako azken fasean egotea saria da."

Dominak 

Egun bat lehenago, leku berean, LOKEko infantil eta kadetea mailako gaztetxoak Amurrio Hiribilduko XXVI. txapelketan izan ziren lehian. Naiara Sagasti eta Unai Guisado infantilek brontzezko dominak eskuratu zituzten bi borroka egin ostean. 

Kadete mailako gaztetxoen lehiaketa ere azpimarratu du Aristegik. "Nahiz eta dominarik ez lortu, oso ondo lehiatu ziren."
Izan ere, maila handiko txapelketa izan zen Aristegiren hitzetan. "Estatu osoko 100 bat infantil eta 200 kadete baino gehiago bildu ziren bertan".

Atsedenik ez dute izango infantil mailako Guisadok eta Julen Ugartek. Asteburu honetan, Valladolideko torneoan parte hartuko dute eta.

Topaketa

Donostian ere izan zen lehiaketarik. LOKEko Oscar Alegrek aniztasun funtzionala duten pertsonentzako XII. Bera Bera karate Jesus Murua Arte martzialen nazioarteko txapelketan parte hartu zuen.

Gipuzkoako hiru klubetako kideak izan ziren lehian judoko topaketan Judo Klub Lizardi-Zarautz, Judo Club Mayumi Irun eta LOKE. Bigarren urtea da modalitate honetako kirolariek parte hartzen dutena eta LOKEko kirolari Alegrek ez du batean ere huts egin.

Ikasturtean zehar, topaketa gehiago izango ditu gazteak eta aurten ere, Olympic Games-era joateko aukera ikusten du LOKEko prestatzaileak. "Baina oraindik ez dago datarik".