"Gazte sortzaile Buruntzan, errotik moztuz belar txarrak; gazte sortzaile Buruntzan, zatoz gugana!... Mezu argi hori zabaldu dute Buruntzaldeako Gazte Sortzaileak egitasmoan buru-belarri dabiltzan kulturgileek, Lasarte-Orian egin duten aurkezpenean. Eskualde mailan horrelako hiru saio egin dituzte, horietako bat gure herrian, proiektuaren ildo nagusiak aurkeztu eta eskualdeko udalerrietako biztanleei dinamikara batzeko deia eginez. Artista zenbait saretu dira honezkero, eta are kolektibo zabalagoa izan nahi dute: "kultura eraikitzea maite" dutenei atea parez pare ireki diete egitasmoarekin bat egin dezaten, "inoiz baino garrantzitsuagoa" delako elkar saretzea, sortzaileen eskubideak aldarrikatzea, eta izaera eta nortasuna indartzeko elkarguneak sortzea.
Hari horretatik tiraka, egun batzuk beranduago, egitasmoan aktiboki parte hartzen ari diren herritar batzuekin elkartu da Txintxarri, Buruntzaldeako Gazte Sortzaileak proiektuari buruz gehiago jakiteko: Lierni Rekondo, Amane Otaegi eta Izar eta Oihan Agirretxe eseri dira mahaian kazetariarekin –gazteek adierazi dutenez, taldera gero eta kide gehiago batzen ari dira–. Bertsolaritzan dihardu Rekondok, eta musikagintzan beste hiruek. "Dena den, eskualde mailan saretu garenetik, beste saltsa batzuetan ere bagabiltza; ikertzeko espazio aproposa da".
Izar Agirretxe: "Eskualde mailan saretu garenetik, beste saltsa batzuetan ere bagabiltza; ikertzeko espazio aproposa da"
"Itxialdi betean geundela sortu zen egitasmoa", gogoratu du Izar Agirretxek. "Pandemia hasi aurretik ere, sektore prekarizatua zen kulturgintza; konfinamenduak are gehiago azaleratu zuen egoera hori". Euskal Herri mailan greba digitalera deitu zuen kulturgintzak, apiril erdialdean, eta eskualde mailan ekimen horrekin bat egin zuten hainbat sortzaile gaztek: bakoitzak bere etxetik bidalitako argazkiarekin mosaiko bat osatu zuten, eta zabaldu gero. Orduan lau haizetara zabaldutako aldarriak oinarritzat hartu dituzte dinamika sortzerakoan: kulturgileek azpimarratzen dute "denbora-pasa hutsa baino askoz gehiago" dela kultura. Euskaraz sortzen ari dira, eta horretan jarraitu nahi dute, kultura "errebelde, aldarrikatzaile eta burujabea" sortzen eta "kultura euskaraz sortzearen ondorioz" jasaten duten "zapalkuntza" salatzen.
"Zergatik ez gara saretzen?"
"Greba digitalean ekintza hori eginda, geure buruei honakoa galdetu genien: 'zergatik ez gara saretzen eta eskualde mailan elkarlanean aritzen?'. Bilera telematikoak egiten hasi ginen, lauzpabost pertsonakoak hasieran, eta, gero, konfinamendua arintzen hasi eta gero, bilera bat egin genuen Lasarte-Oriako Xirimiri elkartean; taldea trinkotzen hasi ginen, sarea osatzen, hurrengo urratsak zeintzuk izango ziren zehazten...", gogoratu du Izar Agirretxek, egitasmoaren hasieratik lanean aritu den herritarrak. Ikusi zuten "ezinezkoa" zela "sortzaileak kolektiboki zapaltzen dituzten gaitz estrukturalei" bakarka aurre egitea, eta saretzen hasi ziren. Aipatu duenez, bi ildo nagusi zehaztu zituzten orduan: datu-base eta webgune digital bat sortzea, saretzeko eta sortzaileei ikusgarritasuna emateko; eta, egoerak ahalbidetuz gero, topaketa batzuk antolatzea, iritziak eta jakinduria partekatu eta proiektu berriak sortzeko.
Atari digital hori sortuta dago; interesa duenak izena emateko formularioa bete dezake. Amane Otaegik hori bera egin zuen, baina ez berehala; gogotik hausnarrarazi zion sortzaile hitzaren esanahiak. "Sortzailea naiz, ala ez? Non dago muga? Zein maila izan behar dut parte hartzeko? Zalantzak izan nituen, nire tokia hori izango ote zen ala ez, musikagintzan aritzen bainaiz, baina itzalean: herri mailan inor gutxik ezagutzen nauela esango nuke". Azkenean, ordea, animatu zen, eta ez da damutzen: "Oso harrera ona egin zidaten horrezkero saretuta zeuden kideek; animatu nahi ditut herritarrak parte hartzera, benetan; adibidez, musika sortzen baduzu. Ez baduzu zure burua kontzertu bat emateko moduan ikusten, eta etxean aritzen bazara sortzen, berdin da, animatu; hori ere bada sortzaile izatea". Zalantza horien beste arrazoi bat "emakume izatearen presioa" dela uste du Otaegik: "Oholtzara atera eta dakiguna erakustearen behar hori".
Lierni Rekondok parte hartu zuen apirileko mosaiko horretan, Izar Agirretxek proposatuta. "Hastapenetan" bat egin zuen egitasmoarekin, beraz. iruditzen zaio "oso garrantzitsua" dela saretzea, kulturgileak elkarlanean aritu daitezen ez bakarrik egitasmo berriak sortzeko, baita aldarriak egiteko ere. Esate baterako, gazte sortzaileek ere "duin tratatuak" izatearena: "Gazteok oso asumituta daukagu sortzaile garela afizioz, baina ofizioz ez garela inoiz izango". Haren kasua ekarri du mahai gainera: "Amanek aipatu duenaren ildotik, zer naiz ni? Bertsolaria naiz? Edo bertsotan egiten dut? Bertsolarien baldintza berberak ez dauzkat, baina aritzen naiz... Egitasmo honek, besteak beste, balio digu geure buruei esateko gu ere sortzaileak garela, baldintza duinak nahi ditugula eta horrela tratatuak izateko eskubidea dugula".
Oihan Agirretxek urteak daramatza musikagintzan, eta arrebaren bitartez ezagutu zuen egitasmoa, arestian aipatutako web-orri horren bitartez. "Kultura ikaragarri gustatzen zait, eta Buruntzaldeako Gazte Sortzaileak egitasmoak ikaragarri ilusionatu nau: kulturgileok batzen gaitu talde honek, eta aukera ematen digu kulturaren alde borrokatzeko, aldarriak zabaltzeko, gure izaera erreibindikatzeko... Izugarria iruditu zait proiektua". Eskualde mailan saretu den unetik ikusi du "iniziatiba" asko dutela parte-hartzaileek, "ilusioa eta lanerako gogo asko" dutela. "Ezagutzen ez nuen jende mordo baten berri izan dut, gertukoak direnak eta diziplina ugaritan aritzen direnak: horrek bide eman diezaioke etorkizunean proiektu anitzagoak sortzeari eta baita jakintza partekatzeari ere".
Oihanen ustez, gazte sortzaileen potentziala "oso handia" da: "Haiei laguntzen bazaie, haien talentua ureztatzen bada baliabideak emanez, egitasmo ederrak sortuko dituzte".
Oihan Agirretxe: "Gazte sortzaileen talentua ureztatzen bada baliabideak emanez, egitasmo ederrak sortuko dituzte"
Herriko kultur eskaintza
Gazte sortzaileen talentua loratu dadin, instituzioek ere ureztatu behar dute hori. Esate baterako, Lasarte-Oriako Udalak. Herriko eskaintza kulturalari buruz jardun dira Txintxarri aldizkariarekin elkartu diren sortzaileak. Izar Agirretxe: "Kultur etxe potente bat daukagu, baina erabiltzeko alokairua ordaindu behar da; baldintza are prekarioagoetan dauden gazteek eta hasiberriek oztopo horri ere aurre egin behar diete, beraz". Gogoeta hau gehitu du Lierni Rekondok: "Udalak eskaintzen duen aukera kulturala oso enfokatua dago proiekzio handia duten artistengan; gertuko sortzaileoi ez zaigu horrenbesteko garrantzia ematen".
Amane Otaegiren aburuz, gazte sortzaileentzat errazagoa da gazteek gazteentzat sortutako egitasmoetan ikusgarritasuna lortzea, Sorgin Jaietan esate baterako, eta egindako lana plazan erakustea gero: "Sanpedroetan emanaldiak eskainiko dituzten musika taldeak ekartzeko, adibidez, eskatzen zaie herritarrei buzoi batean botatzeko proposamenak, baina harremana hor bukatzen da: ez dago eztabaidarako fororik". Sortzaileek euren egitasmoak garatu ahal izateko espazio falta ere sumatu dute herrian: "Zailtasunak ditugu espazio aproposak topatzeko, toki fisikoaz gain, azpiegitura aldetik baldintza batzuk bete behar baitituzte".
Amane Otaegi: "Zailtasunak ditugu espazio aproposak topatzeko; tokiek baldintza batzuk bete behar dituzte azpiegitura aldetik, sortzaileentzat aproposak izan daitezen"
Web-orria martxan
Talentua badago eskualdean: ikusiak eta ureztatuak izan nahi duten proiekzio handiko gero eta sortzaile gehiagok izena eman dute Buruntzaldeako Gazte Sortzaileak egitasmoko kideek garatutako datu base birtualean. "Atal ugari dauzka web-orriak: egitasmoaren azalpena, gurekin harremanetan jartzeko formularioa, herri bakoitzean sortzaileek eskura izango lituzkeen tokiak erakusten duena eta datu basea, besteak beste", azaldu du Rekondok.
Atari digitala osatzen hilabeteak eman dituzte egitasmoko kideek, eta erabili daiteke honezkero. Ahal izan baino, erabili egin behar dela azpimarratu izan dute sortzaileek Hernanin, Usurbilen eta Lasarte-Orian egin dituzten aurkezpenetan. "Elikatu eta erabili ezean, alferrik sortu dugu web-orria". Datu basean, esaterako, oso kontuan izan dituzte kultur adierazpen eta modalitate desberdinak, bederatzi atal sortzeraino: antzerkia, argazkilaritza eta bideogintza, arte plastikoak, artisautza, bertsolaritza, dantza, literatura, moda eta diseinua, eta musika.
Ez dute nahi atari digital hori informazioa jasotzeko tresna izatea soilik; eskualdeko kultur sorkuntzaren uretan nabigatzen duten erabiltzaileek aukera dute ekarpenak egiteko: izena eman, datu basea kontsultatu eta bertan izena eman duen sortzaileren batekin harremanetan jarri, proiektu proposamenak egin, edo bestelako iradokizunen bat bidali... "Benetan, jendea animatzen dugu izena ematera eta parte hartzera, beldurrik gabe: elkarlanean aritzeko irrikitan gaude". Web orrialdean bertan egin dezakete hori, helbide honetan. Sare sozialetan ere kontuak zabaldu dituzte: @buruntzagaztesortzaile Instagramen, @gaztesortzaile Twitterren eta Buruntzaldeako Gazte Sortzaileak Facebooken.
Buruntzaldeako Gazte Sortzaileak egitasmoan modu desberdinetan parte hartu dezakete izena ematen dutenek: lantaldeko kide izaten, datu basean kulturgile gisa erregistratzen, proiektuaren sare sozialak eta komunikazioa kudeatzen laguntzen edo bestelako proposamenak egiten.
Sortzaileen topaketak
Proiektua martxan jarri eta gutxira zehaztutako ildo nagusietako bat izan da web-orria martxan jartzea. Bestea, aldiz, topaketa batzuk antolatzea, sortzaileak elkar daitezen eta elkartruka ditzaten iritziak, egitasmoak, jakinduria... COVID-19aren pandemia tarteko, egitasmo hori atzeratu egin behar izan dute, agintariek hartutako osasun-neurriek horrelako ekimen bat egitea ahalbidetu arte behintzat. "Orain arte, premiazkoena izan da eskualde mailan saretzea, eta, landu dugun horrekin, sortzaile gazteentzat aukerak sortzea. Atera ahal daitezela plazara, euren bidea egin dezaten: kulturgintza militantearen helburu nagusia da hori", azpimarratu du Lierni Rekondok. Oihan Agirretxe: "Lanabesak sortu eta garatu ditugu saretzeko, eta gure aldarriak lau haizetara zabaltzeko. Topaketen helburua izango da kultur jarduna gure artean elkarbanatzea: musikariak, bertsolariak, argazkilariak eta beste diziplina ugaritan lanean ari diren pertsonak batzea. Saretzea da gakoa".
Lierni Rekondo: "Orain arte, premiazkoena izan da eskualde mailan saretzea, eta, landu dugun horrekin, sortzaile gazteentzat aukerak sortzea"
Lasarte-Orian egitasmoak "harrera ona" izan duela azpimarratu dute sortzaileek: "Hasieratik hartu gaituzte kontuan herritarrek". Liernik, Amanek, Izarrek eta Oihanek "betidanik" ezagutzen dute elkar, baina "harreman estuagoa" egin dute Buruntzaldeako Gazte Sortzaileak egitasmoarekin bat egin dutenetik. "Balio izan digu gehiago ezagutzeko eta saretzeko". Etorkizunean, are herritar gehiagorekin egin nahiko lukete hori. Atea zabalik dago.