'BURUNTZALDEKO GAZTE SORTZAILEAK'

"Gazte sortzaile Buruntzan, zatoz gugana!"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko abe. 4a, 18:19

'Buruntzaldeko Gazte Sortzaileak' dinamika aurkeztu dute Lasarte-Orian, ostegun arratsaldean. Artista zenbait saretu dira honezkero, eta are kolektibo zabalagoa izan nahi dute: "kultura eraikitzea maite" duten herritarrei eskua luzatu diete, egitasmoarekin bat egin dezaten, "inoiz baino garrantzitsuagoa" delako elkar saretzea, sortzaileen eskubideak aldarrikatzea, eta izaera eta nortasuna indartzeko elkarguneak sortzea.

"Gazte sortzaile Buruntzan, errotik moztuz belar txarrak; gazte sortzaile Buruntzan, zatoz gugana!"... Atzo arratsaldeko aurkezpenetik atera, eta errepika hori ahopean abesten joan zen herritar bat baino gehiago etxera. Buruntzaldeko Gazte Sortzaileak egitasmoan parte hartzen ari diren artistek kultur- diziplina ugari uztartu zituzten martxan jarri berri duten proiektua gizarteratzeko: horien artean, antzerkia eta musika.

Erregimen berri baten hasiera

Herriko osasun zentroko 2. solairura joan ziren herritarrek gozatu ederra hartu zuten aurkezpenean, hasiera-hasieran tentsio uneren bat bizi izan bazuten ere. Izan ere, batere espero gabe, estatu kolpe bat jo zuten Intza Alkain eta Jon Mikel Azpiazuk interpretatutako pertsonaiek. "Erregimen berri baten hasiera" zela iragarri, eta sistemaren hiru zutabeak argi azaldu zituzten. Lehena, euskara, kultur-diziplina guztiak (artea, musika, zinema, antzerkia...) hizkuntza horretan kontsumitzeko; bigarrena, artea, erregimen horretan bizi direnek astero-astero joan beharko baitute ekitaldi kultural edo artistikoren bat ikustera; eta, hirugarrena, oholtza gainetik "dinosauroak" botatzea eta gazteek toki gehiago hartzea, eszenatoki gainean "betiko aurpegi berak" ikus ez daitezen etengabe.

"Sortzailetasuna erreklutatzeko" ahaleginak ere egin zituzten, ikus-entzuleak estu hartuz: aipatzeko euskaraz abesten duten bost musikari; zerrendatzeko literatura euskaraz sortzen duten bost idazle; edo izendatzeko bost antzerki konpainia, besteak beste. 

Umoretik eta imajinaziotik ezarri zuten estatu kolpe kulturala Alkainek eta Azpiazuk. Diktadurak ezartzeko saiakera guztiak horrelakoak izango balira...

 

Funtsa, musikaz eta hitzez

Osasun zentroko 2. solairua hankaz gora jarri zuten bi militarrek lortu zuten, azkenean, zenbait soldadu erreklutatzea haien kausan laguntzeko. Armak hartu zituzten eskuetan, baina ez norbait hiltzen saiatzekoak, artea sortzekoak baizik: gitarra, perkusio-kaxa, zeharkako flauta...eta hasi ziren artea sortzen. Kronika honen lehen paragrafoko errepika hori, besteak beste: "Gazte sortzaile Buruntzan, errotik moztuz belar txarrak; gazte sortzaile Buruntzan, zatoz gugana!"... 

Eskualde mailan saretu duten kulturgileek aldarrikatzen dute "denbora-pasa hutsa baino askoz gehiago" dela kultura. Euskaraz sortzen ari dira, eta horretan jarraitu nahi dute, kultura "errebelde, aldarrikatzaile eta burujabea" sortuz, egitasmoko kide Luken Arkarazok azpimarratu moduan. "Euskaraz kultura sortzearen ondorioz jasaten dugun zapalkuntza ere salatu nahi dugu". Apirileko kultur greba digitalarekin bat egin ostean bururatu zitzaien eskualde mailako dinamika bati ekitea: "Bakarka, kulturgileok ezin diegu aurre egin arazo sakonei".

Dinamika elikatzeko bide ugari jorratuko dituzte. Horietako bat, digitala: web orrialde honetan topa daiteke egitasmoari buruzko informazio gehiago. Informazioa irakurri, eta gehitu, "tresna bizi bat" izateko sortu baitute atari digitala eskualdeko sortzaile gazteek. "Elikatu egin behar dugu; bestela, alfer-alferrik sortu dugu". 

Oihan Agirretxe herritarrak hartu zuen hitza gero, kulturgileek ere elkar ezagutzearen garrantzia nabarmenduz: "Egitasmo berriak sortzeko aukerak biderkatzen ditu beste artista batzuen berri izateak". Aurkezpenera bertaratutakoak animatu zituen Buruntzaldeko Gazte Sortzaileak proiektuarekin bat egitera, eta "lagunei eta ingurukoei" horren berri emateko eskatu. 

Erlazionatuak

Diziplina anitzeko aurkezpena

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020 abe 04 Kultura