Buruntzaldeako gazte sortzaileak ere, greban

NOAUA! - Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 21a, 08:30

Eskualdeko hainbat kultur sortzaile gaztek bat egin dute greba deialdiarekin, baita lasarteoriatarrek ere.

Koronabirusari aurre egiteko neurriek eragin zuzena izan dute kulturgintzan. Kezka nagusi da sortzaile eta eragile askorengan. Euren aldarrikapenak ikustarazteko, greba digitala egingo dutela iragarri dute. Gaur eta bihar ez dute kultur edukirik sareratuko Interneten. Buruntzaldeko gazte sortzaileek bat egin dute.

Greba deialdiak oihartzun handia izan du. Buruntzaldean ere igarriko da itzalaldi digitala. Eskualdeko gazte sortzaileak martxan jartzea erabaki dute. "Bat egiten dugu Kulturgintzan plataformak argitaraturiko aldarrikapenekin", hala diote argitara eman duten prentsa-oharrean. "Modu kolektiboan eragiten digun gaitz honi kolektiboki aurre egiteko". Honela dio eskualdeko hedabideetako erredakzioetara igorri duten idatziak:

Buruntzaldeako gazte sortzaileak greban

Buruntzaldeko gazte sortzaileok apirilaren 21 eta 22ko euskal kulturgintzaren greba digitalerako deialdiarekin bat egitea erabaki dugu. Izan ere, euskal kulturaren sektore prekarizatuari, berrogeialdiak are eta kolpatuago utzi duen horri, gazte izate soilaren problematika erantsi behar diogu.  

Horregatik, Buruntzaldeko gazte sortzaileak martxan jartzea erabaki dugu. Bat egiten dugu Kulturgintzan plataformak argitaraturiko aldarrikapenekin. Modu kolektiboan eragiten digun gaitz honi kolektiboki aurre egiteko asmoz. Bide horretan, zuri gazte sortzaile, apirilaren 21 eta 22ko greba deaialdira batzeko gonbidapena luzatzen dizugu.

Ikus gaitzazuen desagertu egingo gara, entzun gaitzazuen, isilduko gara. 

#Kulturgintzan
#GrebaDigitala
#Gaztesortzaileakgreban

Buruntzaldeko gazte sortzaileak