OSTALARITZA

Ostalariek salatu dute ez dutela kobratu terrazen tasaren %100eko hobaria

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 18a, 13:07
Iragan asteko larunbatean berrireki zituzten euren negozioak ostalariek.

Lasarte-Oriako Ostalaritza elkarteak asteon jakitera eman duenez, udalak ekainean onartu zuen terrazen tasaren %100eko hobaria ez dute kobratu oraindik, urtea amaitzeko bi aste eskas falta direla. 

Horrekin batera, iragarri dute abenduaren 21ean, santomas egunean, ez dutela txistorrarik salduko euren negozioetan: "Gu laguntzarik gabe? Txistorrarik ez! Ez dugu ezer ospatzeko". 

Ekainean onartu zuen Lasarte-Oriako Udalak terrazen tasari %100eko hobaria aplikatzea. Hobaria behin betiko onartuta, dagoeneko tasa ordainduta zeukatenei diru kopurua itzuli egingo ziela jakinarazi zuen udalak orduan: "Neurri hori 56 establezimenduren espazio okupatua handitzeko eskariak aintzat hartuz egindako ahaleginari gehitzen zaio". Lasarte-Oriako Ostalaritzak salatu duenez, ordea, hobari horri dagokion dirua ez dute jaso oraindik tabernariek.