Ostalaritzako terrazen tasari % 100eko hobaria aplikatzea onetsi du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 16a, 14:58

Neurri horrek 58.138 euroko murrizketa ekarriko du udalaren diru-kutxarako

Hobaria behin betiko onartuta, dagoeneko tasa ordainduta zeukatenei diru kopurua itzuli egingo diela jakinarazi du udalak: "Neurri hori 56 establezimenduren espazio okupatua handitzeko eskariak aintzat hartuz egindako ahaleginari gehitzen zaio".

Ostalaritzak herriko ekonomian duen garrantzia ere nabarmendu dute, tabernak udalerriaren bizikidetza sozialerako ingurune atsegin eta aberasgarri bat sortzeko bultzatzaile nagusietako bat direla azpimarratuz. Koronabirusak eragindako egoerak, ordea, "nabarmen" eragin dio sektoreari, eta, beraz, beharrezkotzat jo dute sektorea modu puntualean indartzea, "herriko bizitza sozialean galdutakoaren parte bat berreskuratzeko".

Osasun krisia lehertu zenetik, udalak hartutako "ezohiko hainbat neurriren" berri ere eman dute, pandemiaren ondorioek ekonomian eta gizartean izan duten eraginari aurre egiteko asmoz. Hauek dira udalak hartutako neurriak: 

  • Muturreko egoeran dauden pertsonentzako laguntza-lerroak
  • Autonomoentzako laguntzak
  • Obligazio fiskalak pagatzeko epeak malgutzea
  • Kaltetuei arreta emateko bulego bat irekitzea
  • Diruzaintzako gerakina gaitzea, kontratazioa eta herriko ekonomia bultzatuko duten inbertsioak sustatzeko.

Horrez gain, zerbitzuak emateagatik eta bide publikoa okupatzeagatik ezarrita dituzten udal-zergen barruan, prestazio edo okupazio horiek eten edo murriztu diren denbora-bitartean tasak itzultzeko neurriak ere aplikatu dituztela gaineratu du.