Antonio Olideni omenaldi xumea egingo diote Udalak eta Michelin fundazioak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 10a, 13:00
Michelin fundazioko ordezkari Jaime De la Cal eta Agustin Valdivia alkatea, aurkezpenean.

Lasarte-Oriako Udalak eta Michelin fundazioak Antonio Oliden arraunlari, patroi eta entrenatzailea omenduko dute igandean, abenduaren 13an, 18:00etan, Manuel Lekuona kultur etxean. Omenaldian Oliden berak parte hartzen duen Ziaboga dokumentala eskainiko da. Ostean, solasaldia izango da 

2015 urteaz geroztik, Lasarte-Oriako udalak Kirol gala egin ohi du herriko kirolarien jarduna edo kirol ibilbidea saritzeko. Aurten, COVID-19aren eraginez kirol jarduera baldintzatua egon denez, udalak ohiko ekitaldia moldatu eta Antonio Oliden arraunlari, patroi eta entrenatzailea omentzea erabaki du. Omenaldi honetan bat egingo du Michelin fundazioak.

"Aurten zein kirolari omenduko genuen aztertzen hasi ginen eta Antonio Olidenekin zor bat genuela konturatu ginen," nabarmendu du Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdiviak. 

Arraun munduan izen handiko pertsona izan da Oliden. Arraunlari, patroi eta entrenatzailea bezala garaipen-zerrenda luzea izan du herritarrak, besteak beste, Michelin-Lasarte eskifaiarekin lortutako Kontxako Banderak.

Michelin fundazioko ordezkari Jaime De la Calek omenaldi xumean parte hartzeko arrazoai azaldu du. "Michelin enpresa eta Lasarte-Oria herriaren arteko lotura handia izan da beti. 1947an, Michelin kirol eta kultura elkartea sortu zen enpresaren babespean. Gerora arraun arloa hasi zen eta urte batzuk geroago, trainerua sortu zen. Eskifaiako kide ugari langileak ziren. Nahiz eta Antonio Olidenen lider modura omendu, guretzat omenaldia traineruak lortutako garaipenei aitorpena eta eskertza egiteko modua izango da".

Horregatik, Antonio Oliden omenaldian egotea espero dute udal ordezkariek, baita harekin arraunean egon ziren herritar ugari ere. "Antonio Oliden animatua dago. Baina bizi dugun egoera dela-eta, ez dakigu ekitaldian egongo den. Bera ez bada familiako kideren bat etorriko da," azaldu du Valdivia alkateak.

Dokumentala eta solasaldia

Omenaldia igandean, abenduaren 13an, 18:00etan izango da Manuel Lekuona kultur etxean.

Ekitaldian, Iñaki Pinedo bilbotarrak zuzendutako Ziaboga dokumentala ere eskainiko da. Zuzendari bilbotarra eta Jose Luis Korta izango dira lana auzkezteko eta ostean, solasaldia egingo da.

Pinedok traineruen historia jorratzen du dokumentalean, batez ere, joan den mendeko 40ko hamarkadatik gaur egun arte doan garaia erakusten du. Kontakizunean protagonisten ahotsak hartzen du garrantzia eta besteak beste, Antonio Oliden herritarraren testigantza jasotzen da. 

Ekitaldiko edukiera mugatua izango da eta gonbidapena beharko da. Txartelak Manuel Lekuonan eskuratu ahalko dira. Pertsona bakoitzak bi jaso ahalko ditu.