Itsasorik gabeko traineru garailea

Maddi Zaldua 2019ko ira. 13a, 13:25

Duela berrogeita hamar urte irabazi zuen, lehenengoz, Kontxako Bandera Lasarte-Oriako 'Lasarte-Michelin' traineruak. Bertan aritu zen herritarrik, baina lasarteoriatar gehiago izan ziren 1973. urteko badiako bigarren garaipenean

Bi aldiz astindu du Lasarte-Oriako Lasarte-Michelin eskifaiak Kontxako Bandera. Lehena irabazi zutela 50 urte bete dira aurten, mende erdi. 1969. urtean eskuratu zuten lehen garaipena Kontxako Badian, eta lau urte beranduago bigarrena (1973). Lehenengoan aritu zen lasarteoriatarrik, baina herritar gehiagok parte hartu zuten bigarren garaipenean. 

1973. urteko traineruaren hamalaukoan Juan Miguel Arteaga (Lasarte-Oria, 1948) eta Jose Luis Lasarte (Lasarte-Oria, 1951) izan ziren. Orduko bizipenak jasotzeko, elkarrizketa egin die Txintxarri-k.

Ttakun Kultur Elkartean jarri du hitzordua aldizkariak Arteagarekin eta Lasarterekin. Elkartu eta Hipodromo etorbidean barrena, Oria ibaiaren ertzetik, arraunean aritzen ziren lekura joateko gonbita egin digute, eta, nola ez, paseo ederraz gozatuz, bertara abiatu gara. Orain 46 urteko kontu ederren lekuko izan da aldizkaria ibilbidean zehar. "Gogoratzen haiz, Lasarte, harriren bat edo besteren gainean nola geratu gintuan ez aurrera eta ez atzera?". Irribarrez gogorarazi dizkiote elkarri orduko gertaerak.

200 metroko ibilaldiaren ostean pasa dugu Michelingo lantegia, eta errepidearen beste aldeko baratza bat zeharkatu eta gero, Oria ibaira jaisteko eskailera batzuen bila hasi dira  elkarrizketatuak. Aurkitu dituzte, baina sorpresa ere hartu dute; ez dute ibaian arraunean ikasteko erabiltzen zuten txalupa topatu.

Hor aritzen ziren arraunean Lasarte-Orian entrenatzen zutenean. "Oriak garai haietan  ur asko zeukan, eta bertan ere egiten genituen  entrenamenduak".
Prestaketa saioez gain, trainerillen arteko lehiaketaren bat edo beste ere jokatu dute  bertan: "Orduan ez zegoen balizarik, eta zubitik soka luze bat zintzilikatzen genuen ziaboga egiteko".

Oriarantz egin behar izaten zuten arraun saioa, izan ere, Michelin aldera harri eta harkaitz ugari zegoen eta arriskutsua zen traineruarentzat.

1971. urtean hasi ziren arraunean biak, eta urte asko pasa diren arren, oso gogoan dituzte lehenengo pausoak.  Fermin Altunak, Juanito Izagirrek eta Antonio Olidenek gonbidatuta hasi ziren arraunean, eta urte mordoxka pasa zituzten traineru gainean. 

Lasarte-Orian,ordea, entrenamendu gutxi izaten zituzten. Orioko Ortzaika auzoan lokal bat erosi zuen Michelinek, eta hori egokitu zuten traineruan aritzen ziren arraunlariak prestatzeko. Beraz, entrenamendu gehienak Orion izaten zituzten.

Autoetan antolatuta, "txandaka" egiten zituzten bidaiak, baina horrek ez zuen gastu ekonomikorik suposatzen arraunlarientzat;  Michelinek ordaintzen zizkien garraio gastuak. "Oso ondo zaintzen gintuen herriko enpresak: entrenamendu edo norgehiagokengatik lanean galdutako orduen erantzule egin zen".

Bi urte beranduago lortu zuten garaipen handietako bat; Kontxako Bandera irabazi zuen traineruak, bigarrengoz. "Izugarrizko lorpena" izan zen taldearentzat, izan ere, lehiaketarako sailkatzea bakarrik "sari" handia izan bazen, zer esanik ez garaipena lortzea. 

Irailaren 2an eta 9an jokatu zuten Donostiako norgehiagoka nagusia, eta zortzi traineruk parte hartu zuten: Lasarte-Michelinek, Oriok, Astillerok, Hondarribiak, Getariak, Beraunek, Hernanik eta Kaikuk.

Horien guztien artean, Lasarte-Michelin izan zen bi asteburuetan denbora onena egin zuena (41:41.05), eta bere atzetik, Orio (42:05.04) sailkatu zen bigarren eta Astillero (42:16.03) hirugarren.

Antonio Oliden izan zuten patroi lanetan, eta Arteaga eta Lasarterekin batera, Manuel Arteagak, Juan Arangurenek, Jose Miguel Arozenak, Jesus Abururzak, Eugenio Zabalak, Jose Luis Kortak, Bixente Kortak, Miguel Merkaderrek, Miguel Saizarrek, Jose Luis Merkaderrek eta Miguel Otaegik osatu zuten hamalaukoa.

Oroitzen dute itsasoratu aurreko urduritasuna: "Itsasontzian sartu eta lehiaketa hasi aurreko minutuetan oso urduri geunden,  baina behin estropada hasita, nerbioak lasaitu eta asko gozatu genuen". Itsaso "nahiko lasaia" egokitu zitzaien Donostiako proba entzutetsuan, eta "oso ondo prestatuta" jokatu zutela azpimarratu dute bi arraunlariek.

Eguna iritsi arte, ordea, ez zuten jakin zein trainerurekin lehiatuko ziren, izan ere, Kontxako Banderak antolatzaileen traineruekin jokatu behar izaten zituzten, eta egunean bertan zozkatzen zituzten traineruak sailkatuen artean. 

Estropada amaitu eta garaipena eskuratu zutenean mundua gainera etorri zitzaiela nabarmendu dute Arteagak eta Lasartek: "Ametsa bete genuen". Pozaren pozez, Kontxako Bandera hartu, eta Lasartek ospitalean zuen senidea bisitatzera joan ziren biak.

Orduaz geroztik, eta gaur egun arte, ez dute Kontxako Bandera bakar bat ere galdu. Arteagak "urteroko leku finkoa" du Aquarium ondoan. Portura gerturatzea gustatzen zaio, bertako giroa zuzenean bizitzeko.

Giro hori duela 46 urtekoaren "antzekoa" dela azaldu dute. "Jarraitzaile ugari" biltzen zen garai haietan ere Donostiako portu inguruan, baina Arteagaren ustez, gaur egun bezalaxe, hori kolorea nagusitzen zen beti. Lasartek, aldiz, Kontxako estropadak etxean ikustea nahiago du. Donostiara joanda, estropada "urrutiegitik" ikusi beharra ez du gustuko, eta, "detailerik galdu gabe", telebistaz jarraitzen ditu badiako saioak.

Entrenamendu saio gogorrak

Asteburutako lehiaketak behar bezala prestatzeko, prestaketa saio fisiko "gogorrak" izaten zituzten arraunlariek astean bi edo hiru aldiz: "Kukuarri, Andatza eta Adarra mendietara asko joaten ginen gorputza prestatzeko". 
Entrenamendu guztien artean, ordea, batekin oroitzen dira ondoen: "1975. urtean Nervion saria prestatzeko Pasaian astebeteko egonaldia egin genuen, eta txikitu arte  entrenatu genuen".

8  eta 6 urtez aritu ziren Lasarte-Michelin traineruarekin arraunean Arteaga eta Lasarte, eta nekez ahaztuko dituzte urte horietan guztietan bizitakoak: "Oso urte politak izan ziren eta arraun taldean genuen giro mundialak ere izan zuen zerikusirik horretan". 

Gaur egungo traineru eta arraunekin alderatuta, "askoz pisutsuagoak" ziren eurek erabiltzen zituztenak. Egur hutsez egindako traineruek 500 kiloko pisua zuten, eta arraunak ere  "bi eskuekin" eutsi behar izaten zituzten. "Sasoian" zeuden, ordea, eta ez zuten zailtasunik izaten.

Garaipen ugari eta gero, agurra

Lasarte-Oria itsasorik eta arraunerako zaletasun handirik gabeko herria izanik, arraunean lortutakoak ez dira garaipen makalak izan. 
1973. urteko Kontxako Banderaren atzetik iritsi ziren garaipen bat baino gehiago. Urtebete beranduago (1974), Zarauzko Bandera, Santanderreko Bandera eta Hondarribiko Oiartzabal Saria eskuratu zituen Lasarte-Michelinek.

1975. urtean, berriz, Nerbioi Sari Nagusia, Banco de Vizcaya  Saria eta Santanderreko Bandera irabazita bueltatu ziren Lasarte-Oriara, eta 1976an, Zumaiako Bandera lortu zuten.

Hortik aurrerakoak, ordea, traineruaren azken arraunaldiak izan ziren. 1979. urtean Zarautzeko Ikurrina irabazi zuten, eta horrekin batera, baita Pasai Kepa Donea Saria, Santanderreko Bandera eta Hondarribiako Euskal Festa ere. 

Baina Santoñako (Kantabria) Bandera eta Lohitzun Sariarekin batera desagertu zen Lasarte-Michelin. Ez zen gehiago itsasoratu. 
Arrazoiengatik galdetuta, ez dute azalpenik ematerik izan Arteagak eta Lasartek, beraz, ez dago garbi traineruaren desegitearen arrazoia. 

Istripua

Garaipen eta pozez betetako urte oparoak izan ziren Lasarte-Michelineko arraunlarientzat, baina desegin aurretik, kolpe "latz" bati ere aurre egin behar izan zioten.

Orion trainerillarekin entrenatzen ari zirela, joaneko luzean ondo moldatu ziren, baina itzulerako saioan, "olatu erraldoi" batek harrapatu eta traineru barruan lehertu zitzaien.

Bertan zegoen Arteaga gainerako taldekideekin, eta ez du gertatutakoa "inoiz" ahaztuko: "Ur asko sartu zitzaigun trainerura, eta itsasora erori ginen". 

Erreakzio azkarra izan zuen lasarteoriatarrak; burua uretatik atera bezain azkar, arrauna eskuetan hartu eta horri eutsiz mantendu zen ur gainean. 

Baina ez zuten zorte bera izan, ordea, eskifaiako bi kidek, eta zoritxarrez, ezin izan ziren salbatu.

Gertakari horren ostean, etenaldi bat egin zuen taldeak, eta dena bertan behera uztekotan egon baziren ere, galdutako lagunen omenez, berriz ere martxan jartzea erabaki zuten, eta hildako bi lagunen izenez bataiatu zuten trainerua: Eugenio eta Benito.

Arraunlari lasarteoriatarrak

Arteagak senide ugarirekin egin du arrauna Lasarte-Michelin traineruan. Manuel, Joxe Ramon eta Zelestino anaiak ere herriko traineruko arraunlari izan ziren. 
Horiekin batera, Joxe Luis eta Miguel Merkader anaiak, Pello Sarobe, Joxe Insausti eta Joxe Lopez lasarteoriatarrek ere taldeko arraunlari gisa aritu ziren zenbait urtez.