GAZTEALDIA

Xabier Karril: "Euskaraz bizitzeko hautua egunero-egunero hartzen jarraituko dut"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko abe. 4a, 17:00

Bi aste igaro dira herritarrak euskara hutsean zortzi egunez bizitzeko ariketa amaitu zuenetik. Euskaraldian ere parte hartu du, eta aldatutako ohiturak "egunero" aplikatzen jarraitu nahi du.

Xabier Karril herritarra izan da Gaztealdia ekimenean parte hartu duen Euskal Herri osoko bederatzi gazteetako bat; zortzi egunez euskara hutsean bizitzeko konpromisoa hartu zuten, tokian-tokian euskarak izan zitzakeen arnasguneak eta oztopoak azaleratzeko asmoz. Bi aste igaro dira Karrilek ariketa amaitu zuenetik, azaroaren 19a izan baitzen azken eguna. 20an, Euskaraldiarekin bat egin, eta hizkuntza ohiturak astitzen jarraitu du. 

Bi aste pasa dira Gaztealdia amaitu zenetik. Nola baloratzen duzu bizitako esperientzia? 

Oro har, balorazio nahiko positiboa egiten dut. Arnasguneak eta talkak topatu ditut; Gasteizen gehiago Lasarte-Orian baino. Batez ere, Gaztealdiak balio izan dit ezkutuan zeuden arnasgune batzuk azaleratzeko.

Zeintzuk izan dira arnasgune horiek? Adibideren bat aipatzerik bai? 

Gasteizen, gimnasio batera joateko ohitura dut, eta, Gaztealdia hasi aurretik, harreran dagoen langilearekin erdaraz egin izan dut beti. Ez nuen planteatu euskaraz jakin zezakeenik. Ariketa horri ekin nionean, apropos, euskaraz zuzendu nintzaion, eta hark euskaraz erantzun zidan, apur bat kosta bazitzaion ere.

Gaztealdian murgilduta egon bitartean Lasarte-Orian igaro nituen egunetan ere topatu nituen espero gabeko arnasguneak. Uste dugu gazte guztiok euskaraz dakitela, eta, helduagoei, berriz, gehiago kostatzen zaiela; ezagutzen ez ditugunean, zalantza izaten dugu haiekin zein hizkuntzatan hitz egin. Euskaraz zuzendu natzaie hainbati, eta ia guztiek euskaraz erantzun didate, inolako arazorik gabe. Asko poztu nau. 

Euskal Herriko bederatzi gaztek bozgorailua hartu duzue, euskararen egoerak belaunaldi horretak kideak ere kezkatzen dituela aldarrikatuz. Azaroko zortzi egun horietan, bat egin dute gazteek ariketarekin? Jarraitu dute ekimena? 

Sentsazio hori daukat nik. Sare sozialen bitartez, batek baino gehiagok adierazi digu gazteek antolatutako ekimen hori begi onez hartu dutela. Maialen Arteaga zornotzarrak kontatu digunez [Gaztealdian parte hartu duen kideetako bat izan da Arteaga], bere inguruan Gaztealdia kutsatzea lortu zuen. Horrek argi uzten du gazteok zuzendutako ekimenek gazteengana iristeko gaitasun edo ahalmen handiagoa dutela, gu ikusten gaituzten horiek identifikatuta sentitzen direlako.

Gaztealdian parte hartu duzuenok izan duzue aukerarik bizitako guztia partekatzeko, azaroaren 19tik? 

Bai, elkartu gara, birtualki, eta hitz egin dugu, baina ez dugu nahikoa denbora izan oraindik Gaztealdiko bizipen, hausnarketa eta ondorio guztiak partekatzeko.

Gaztealdia errepikatuko duzue? Maiztasun jakin bat emanda, agian... Euskaraldia, adibidez, bi urtean behin egiten da.

Elkartu garenetan, oraindik ez dugu asko hitz egin aukera horri buruz. Umiltasunetik, baina egiari zor, ariketak lortu duen arrakasta ikusita, beharbada izan daiteke aurrerantzean maiztasun jakin batekin egiteko moduko ariketa bat, edo errepikatzekoa behintzat, eman dituen fruituak ikusita.

Gaztealdia bukatu, eta Euskaraldiari ekin zenion. Azaroaren 12tik egin zenituen aldaketak aplikatzen jarraitzen duzu egunerokoan? 

Euskaraldirako beroketa ariketa gisa hartu nuen Gaztealdia, eta bai, jarraitzen dut euskaraz bizitzeko hautua egiten, ahal dudan guztietan. Euskaraldia amaituta ere, egunero horretan jarraitzeko asmoa dut, ohitura horiek finkatzeko. Euskaraldian parte hartu dutenak gauza bera egitera animatzen ditut.

Gaztealdian parte hartu duzu, duela bi urte Lasarte-Orian Euskaraldia dinamizatzeko hamaikakoteko kideetako bat izan zinen... Noiztik izan duzu euskararen alde lanean aritzeko grina hori?

Ez nuke jakingo une zehatza zein izan zen adierazten. Lasarte-Orian bizita, Euskal Herriko arnasgune oparoena ez den herri batean, eta ikusita azken urteetan mugimendu euskaltzaleek egoera soziolinguistikoa hobetzen nola lagundu duten, gogoa eta grina piztu zidan hori guztiak. Mugitu ezean, okerrera egingo baitu euskararen egoerak; horretaz kontziente izan nintzenean sartu zitzaidan har hori. Erabateko konbentzimenduz ari naiz, eta horretan jarraituko dut, egunero borroka egiten euskararen alde.