Euskal Herriko zonalde desberdinetako bederatzi gaztek Gaztealdiari ekingo diozue gaur, azaroak 12. Zer da Gaztealdia? Sorrera prozesutik has gaitezke.
Batu ginen Euskal Herri mailako talde euskaltzale desberdin batzuk [Bizkaiko Topa Gaitezenek, NUPeko euskara taldeak, Iep! Ibaetako Unibertsitateko euskara taldeak, Gasteizko EHUko euskara taldeak, Baionako Bernart Etxepare Lizeoko Ikasle Asanbladako euskara taldeak, eta Galdakaoko Bagabiz euskara elkarteak]. Ikusi genuen instituzioen aldetik euskarari dagokionez eta hizkuntzaren biziberritze prozesuari dagokionez nahiko jarrera konformista hartu dute eta beharra ikusi dugu egitasmoren bat abiatzeko.
Euskaraldia datorrela eta, aitzakia hori erabili genezakeela pentsatu genuen, gure ekimena abiatzeko eta Gaztealdia deituriko hau abiatuko dugu gaur.
Zein helbururekin?
Helburu nagusiak dira euskarak normalizatzeko prozesu horretan topa ditzakeen talkak eta arnasguneak identifikatzea. Zortzi egunez, azaroaren 12tik 19ra, euskaraz bakarrik biziko gara eta horrek azaleratuko ditu bilatzen ditugun egoera horiek. Ondorio batzuk kaleratuko ditugu ariketa amaitzean, eta lanketa bat egingo dugu.
Lasarteoriatarra zara zu Xabi, baina Gasteizen zaude une hauetan. Ariketa hiri horretan egingo duzu?
Berez ez dugu denok egunero gure berri emango, bederatzi kideok ez dugu egunero-egunero egoeraren berri ematen. Zortzi egun horietatik bitan Gasteizeko esperientziaren berri emango dut, eta Lasarte-Oriakoaz beste egun batean, aurkitzen ditudan talka eta arnasguneen inguruan.
Zure eguneroko bizitzan topatu asmo dituzu talka eta arnasgune horiek.
Irizpide nagusia da naturaltasunez kalera joatea eta bere bizitza egitea. Unibertsitatera banoa hara joatea normal-normal, eta han topa ditzakegun talkak aipatzea eta jasotzea, ikus-entzunezko batean edo bestela. Bideoak egingo ditugu, baina beste euskarri batzuk ere erabiliko ditugu.
Asteon zabaldu duzuen adierazpenean esaldi adierazgarri bat erabili duzue: “Ez ditu garai errazak bizi euskarak”.
Ikusi dugu erakundeen aldetik batez ere euskarari dagokionez jarrera konformista hartu dutela eta azken urteetako datuek ere hala diote: erabileraren aldetik behintzat galgatu egin dela, eta beheraka ere badoala kasu askotan. Horrelako egoera baten aurrean erabaki genuen ekimen bat martxan jartzea.
Gainera, gazteoi askotan leporatu izan digute arduragabekeria puntu bat daukagula hizkuntzarekiko, eta guk gure ahotsa erabili nahi dugu esateko hemen gaudela, euskararen egoerak eragiten digula.
"Gazteok gure ahotsa erabili nahi dugu esateko hemen gaudela, euskararen egoerak eragiten digula guri ere"
Azaroaren 12tik 19ra egingo duzue Gaztealdia. Zuen ariketa amaitu eta hurrengo egunean hasiko da Euskaraldia. Hasiera eta amaiera egunak apropos aukeratu dituzue?
Data zehatz horiek nahita aukeratu genituen, bai. Helburua da Euskaraldiaren aitzakia hartzea gure ekimena abiatzeko eta bestetik lotura moduko bat egiteko, egun hauetan bizitzen duguna jendeari helarazteko eta animatzeko Euskaraldian parte hartzera. Guk egun hauetan bizitakoa gertatu ahal zaie beraiei ere agian.
Plazaratu duzuen adierazpeneko beste gogoeta bat: belaunaldi berrien artean ez da sumatzen euskarari garai bateko bultzada emateko adina indar. Lasarte-Orian ere hori gertatzen dela uste duzu?
Nik uste ukaezina dela euskarak gure herrian duen egoera. Nahiz eta azken urteetan egin diren aurrerapen eta ahaleginek euren fruitua eman duten, ukaezina da belaunaldi gazteak euskara zokoratzen hasi direla. Oso garrantzitsua da beraiei helaraztea euskara bizirik mantentzearen garrantzia, ohikotasun handi batekin eta erabat normalizaturik.
Lasarteoriatarrak edo beste edonongo herritarrak animatzen ditut gure ekimena jarraitzera, sare sozialen eta bestelako plataformen bidez.
"Oso garrantzitsua da Lasarte-Oriako belaunaldi gazteei helaraztea euskara bizirik mantentzearen garrantzia"
Gaztealdia ekimenaren Instagram kontua