Gaztealdia ekimeneko kideek "arnasguneak eta oztopoak" topatu dituzte azken zortzi egunetan. Lehen multzoan sartu dituzte lantokiak, unibertsitateko ikaskideekin elkarrizketak, herriko plazako tabernak, euskara elkarteak eta herriko gaztetxeetako eskaintza kulturalak, besteak beste. "Eremu horiek indartzea, zaintzea, nabarmentzea eta biderkatzea funtsezkoa da; hau da, boteretzea".
Ariketa egin dutenek bidean topatu dituzten oztopoen zerrenda ez da laburragoa: saltokiak, udaltzainak, unibertsitateko edukiak eta administrazioko kideak, banketxeak eta tabernetako edo osasungintzako langileak aipatu dituzte. "Funtsezkoa da eremu horiek euskalduntzeko erreminta eta baliabideak jartzea, eta, horretan, pisu berezia dute instituzio publikoek eta hizkuntza politikek". Tresna horietako batzuek, D ereduak eta EiTBk kasu, ez dituzte "beharrezko fruituak" eman, Gaztealdiko kideen aburuz.
Bukatu da Gaztealdia eta bihar hasiko da Euskaraldia. "Gure erronka eta helburua lortzeko bidea hasi besterik ez da egin", nabarmendu dute, euskalgintza "arnasgune horien adibiderik onenetarikoa" dela azpimarratzearekin batera.
Ohar bidez plazaratu dituzte aurreneko gogoetak, baina datozen egun eta asteetan sakonago aztertuko dute iragan zortzi egunetan bizitakoa. "Gazteok gure bizitza-proiektuaren oinarrian ezarri nahi dugu euskara, eta, horretarako, bederatzi gaztek egin dugun ariketa gainerako gazteen egunerokora zabaldu nahiko genuke".
Xabier Karril herritarraren bizipenak
⏩Gaztealdiko zazpigarren eguna... Xabier, Lasartetik:
— Gaztealdia (@Gaztealdia) November 18, 2020
"Kiroldegiko harrerako emakumeari euskaraz egin nion, eta ordutik euskaraz hitz egiten dit.Nik uste nabarmenak direla horrelako ekimenen bitartez gutako bakoitzaren erabakiek dakartzaten ondorioak." ????#EuskarazBizikoGara pic.twitter.com/KUbqSTeWnl
⏩Gaztealdiko laugarren eguna... Xabi, Lasarte-Oriatik:
— Gaztealdia (@Gaztealdia) November 15, 2020
"Zelako altxorra duen euskarak kulturari dagokionez, eta, askotan, ze gutxi balioesten dugun. Txaloetatik harago hausnartu beharko lukete agintariek."????#EuskarazBizikoGara pic.twitter.com/GdK0br65P8