23 atestatu, hamabi salaketa eta 37 urruntze-agindu

Lasarte-Moria 2020ko aza. 25a, 18:07

Lasarte-Moriako kideek hainbat hausnarketa jaso dituzte TXINTXARRI aldizkarira bidali duten artikulu honetan.

Hau izan daiteke gaurko, azaroaren 25eko, titularra. Honek behar luke joan den ostiralean —2020ko azaroaren 18an— aldizkari honetan irakurri genuena ere. Hori edo baliabide publiko gehiago behar ditugula indarkeria matxistari aurre egiteko. Eskaera bat, aldarri bat, autokritika bat udal egituren aldetik, indarkeria matxistaren aurkako egunean: “Ez dira aski eskaintzen ditugun baliabideak”, “Zerbitzu publiko gehiago bortizkeriari aurre egiteko”... edo halakoren bat. Oso bestelakoa zen, ordea, Lasarte-Oriako udal ordezkariek Emakumeen Zentro Zibikoaren aurrean egindako argazki gainean idatzita ikusi genuena: “Ekimen ugari, genero indarkeriaren egunaren inguruan”, zioen izenburuak.

Esan gabe doa, aldizkari honentzako edo albistea idatzitako kazetariarentzako baino instituzioentzat dela gure oharra: egitasmoek —ekimenek— indarkeria matxista jasaten duten emakumeen edota haien seme-alaben errealitate gordina leunduko luketela dirudi. Jakina, egun honen harira antolatzen diren jardueren kontzientziazio lana egiten dute, baina inondik inora ere ez dute salaketa eta aldarria bermatzen. Are gutxiago instituzioek behar beste baliabide eskaintzea arazoari errotik heltzeko. Baina hel diezaiegun albistean agertzen diren beste gaiei:

Sarreran aipatzen da Izaskun eta Maite berdintasun teknikariak direla. Ez dugu ukatzen haien lana hori denik eta betetzen ez dutenik; ezin esan, ordea, herriko berdintasun teknikariak direla. Hala izatekotan, Agustin Valdivia alkatea bera Lasarte-Oriako Udaleko beste arkitekto bat litzateke, eta ez da hala. Alegia: berdintasun teknikariak udaleko atal guztietan eragin behar luke, zeharlerroan, eta ez Gizarte Zerbitzuak barneko txoko txiki batean. Berdintasun teknikaria ez da “emakumeen arazoez arduratzen dena”, berdintasun teknikariak gizarte zerbitzuetan, kulturan, jai arloan, euskaran, kirolean, hirigintzan... eragin beharko luke. Ezin da azpikontratatutako langileez bete hutsunea. Mugimendu feminista aspaldidanik ari da eskatzen: berdintasun teknikariak udal langilea izan behar du.

Eta segi dezagun aurrera: agertzen dira irudian langileak eta udal ordezkariak: “kultur ekitaldien egitaraua” aurkezten. Ikusi nahiko genituzke ordezkari politikoak diru partida handiagoak hitzematen indarkeria matxista jasaten duten andreentzat, iragartzen Hiri Ordenantzaren Plan Orokorrak jasoko duela genero ikuspegia, aintzat hartuko dela hori herriaren egituraketa berrian. Gustora irakurriko genuke koronabirusaren pandemiak eragindako itxialdian haien erasotzaielekin bizi behar izan duten andreekiko aitortza bat. Alegia: nahiko genuke indarkeria matxistaren aurkako begirada zorrotz, kritiko eta serio bat. Hau ez da inondik ere Lasarte-Orian indarkeria matxistaren aurkako borrokak merezi duen tratu duina.

Non daude erabaki politikoak? Datuak negargarriak dira: “Espainiako Estatuan datuen behera egin arren, Lasarte-Orian, 2020. Urtean gora egin dute zifrek: 23 atestatu egon dira, hamabi salaketa eta 37 urruntze agindu”. Horretaz gain, aldizkari honek jaso duenez prentsaurrekoan esan zuten 102 urruntze agindu daudela egun indarrean.

Horixe da gure errealitate gordina. Eta zein dira udalak egoera iraultzeko  hartzen dituen neurriak? Arreta psikologikoa eskaintzen dela diote. Baina nork ematen du arta hori? Psikologo espezializatua da? Gizonezkoa da? Herriko zaintzaz ere hitz egin genezake: prestatuta al daude udaltzainak emakumeak artatzeko? Bada besterik: zein dirulaguntza jaso ditzake emakume batek halako egoera batean? Zein da baliabide horietara duen sarbidea? Noiz jasotzen ditu laguntza horiek?

Eta herritar guztioi begira: Lasarte-Orian dauden puntu beltzen ikerketa eginda al du udalak? Ba al dago Emakumeon Etxe bat eraikitzeko prozesu baten asmorik? Eskoletan bultzatuko al da hezkidetza? Lan arloan parekidetasuna bermatuko al da?

Galdera asko erantzunik gabe, eta lan asko egiteko, azaroaren 25aren bueltan antolatutako egitarau ia folklorikoaz haratago.

Motz gelditu da aurtengoa (ere), Valdivia jauna.

Erlazionatuak