Genero indarkeriaren aurkako eguna

Ekimen ugari, genero indarkeriaren aurkako egunaren inguruan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 18a, 17:34
Udal ordezkariak Genero indarkeriaren aurkako eguneko egitaraua aurkezten.

Lasarte-Oriako Udalak Azaroaren 25a, Genero indarkeriaren aurkako eguneko egitaraua aurkeztu du gaur goizean. Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdiviak, Berdintasuneko zinegotzi Lourdes Acevedok eta Izaskun Oronoz eta Maite Iglesias berdintasuneko teknikariek aurkeztu dituzte Udalak azaroaren 25aren inguruan egingo dituen ekitaldiak.

Alkateak indarkeria matxista den gaitz sozialaren aurka borrokatzeko kontzientziazioaren garrantzia azpimarratu du eta teknikariei eman die hitza Lasarte-Oriako datuak eskaini eta egitarauaren nondik norakoak azaltzeko.

Egitaraua

Berdintasun arloko teknikariek azaldu dutenez, azken momentura arte itxi ez den egitaraua da aurkeztu dutena.

Atzo eman zitzaien hasiera ekitaldiei Manuel Lekuona kultur etxean egin zen ipuin kontaketarekin. Kontu Kantoiko lagunek Hori zuk ezin duzu egin. Zergatik? saioa eskaini zieten 7 eta 8 urte arteko gaztetxoei.

Bihar, osteguna, 19:00etatik aurrera, Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiko film laburren emanaldia izango da, Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan. Berdintasun teknikari Maite Iglesiasek nabarmendu duenez, edukiera mugatua izango da eta 44 pertsona sartu ahalko dira aretoan.

Ostiralean, azaroak 20, 18:00etan, gazteen arteko harremanei buruzko gaiak lantzeko bideo-foruma antolatu dute, Gaztelekuan.

Kultura sailarekin elkarlanean, Cholitas filma ikusi ahalko da igandean, azaroak 22, helduen zinema atalean.

Genero indarkeriaren egunean, berriz, eguerdian elkarretaratzea izango da Okendo plazan. Udal ordezkariek herritar guztiak gonbidatzen dituzte horretan parte hartzera.

Azaroaren 27an, ostirala, Dinamika-Eguzki Zubiak El 3er acto monologoa eskainiko du Manuel Lekuona kultur etxean. 

Lasarte-Oriako Beldur Barik lehiaketako sari banaketa ere izango da egunotan. Nahiz eta Udalak azaroaren 26an, Manuel Lekuonako hitzaldi aretoan ekitaldia aurreikusi data eta lekua alda daitezkeela azaldu dute teknikariek. "Aurten parte-hartzeak behera egin du nabarmenki eta lan bakarra aurkeztu da. 12 eta 13 urte arteko mailako lan bat da eta oso ongi dago. Haiekin jarriko gara harremanetan eta ostegunean posible izango ez balute, Zentro Zibikoan egingo genuke ekitaldi xumeagoa".

Horrez gain, ekintzetan parte hartzen duten herritarrei Errespetuz jokatu leloa duten maskarak eta pegatinak banatuko dizkiete. Haurrentzako, zein helduentzako maskarak dituztela azpimarratu dute.

Datuak

Era berean, azken urteetan bezala, Lasarte-Oriako hainbat txokoetan emakumeen siluetak jarriko dituzte genero indarkeriak herrian, zein Euskal Herrian izan dituen datuak jakinarazteko.

Teknikariek azaldu dutenez, Espainiar Estatuan datuek behera egin duten arren, Lasarte-Orian 2020. urtean gora egin dute; 23 atestatu egin dira, hamabi denuntzia eta 37 urruntze-agindu ezarri dira. Gainera, egun 102 urruntze-agindu indarrean daudela jakitera eman dute.

Horregatik, berdintasun sailak arreta psikologikoa eskaintzen duela gogorarazi dute.