Lasarte-Moria: "Dena esanda dago, baina guztia egiteke"

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 27a, 13:58

Lasarte Moria plataformak elkarretaratzera deitu ditu herritarrak Okendo plazan, pasa den asteburuan Lasarte-Orian gertatutako eraso matxista bat deitoratzeko. Ordu erdiz kontzentratuta egon ostean, egoeraren balorazioa egin dute mugimendu horretako kideek. "Mezu hau helarazi nahi diegu indarkeria matxistaren aurpegi desberdinei: aurrean izango gaituzue". 

Herrian gertatutako eraso matxista bat salatzeko elkartu dira hainbat herritar Okendo plazan, Lasarte Moria plataformak egindako deiari erantzunez. Ez da horrelako ekintza bat egin behar izan duten aurreneko aldia. Ordu erdiz egin dute protesta mobilizazioarekin bat egin duten pertsonek. Ondoren, Lasarte Moriako kideek egoera baloratu dute. "Indarkeria matxistaren aurkako borroka ez da egun soil bateko sinbologian geratzen; eguneroko borroka da", nabarmendu dute. "Beste behin ere, gure ahotsak batuz, asteburuan Lasarte-Orian jazotako eraso matxista salatu eta gaitzesten dugu".

Azpimarratu dute indarkeria matxistak "aurpegi asko" dituela: fisikoa, sexuala, emozionala, eta, beste askoren artean, instituzionala. Azken faktore horretan jarri du fokua Lasarte Moriak: "Salaketak jarri ditugunean, gure sinesgarritasuna ezbaian jarri dute, eta epai soziala indartu". Egoera horiei aurre egiterakoan ikusten dituzten gabeziak zerrendatu dituzte, Lasarte-Oria ere barruan sartuz: "Falta dira protokolo egoki bat, formazioa, baliabideak eta beste hainbat kontu". 

Ekitaldia amaitu aurretik, honako mezua zabaldu dute: "Indarkeria matxistaren aurpegi desberdinei esan nahi diegu aurrean izango gaituztela. Gora autodefentsa feminista, eta gora borroka feminista!". 

Erlazionatuak