Promozioko buruz buruko finalera sailkatu da Arteaga II.a

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 21a, 10:35
Axier Arteaga herritarrak bigarrenez jokatuko du final handia. Argazkia: Baiko pilota.

Axier Arteaga lasarteoriatarra Promozioko buruz buruko txapela bigarrenez janzteko lehiatuko da datorren asteko larunbatean, azaroak 28, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Finalerdietan 22-15 irabazi dio Salaberriari; lehen atsedenaldi luzearen ostean hautsi du partida Baiko enpresako aurrelariak.

Salaberria finago aritu da aurreneko tantoetan, baina bi pilotariek atseden hartzera eseri direnean Arteaga II.a zihoan aurretik, 12-11. Kantxara itzultzean, lasarteoriatarrak joko-maila ederra erakutsi du eta hautsi egin du partida. Gero eta alde handiagoa hartu du markagailuan, 22. tantora iritsi arte. Hamabost egin ditu Salaberriak. 

Arteaga II.ak bigarren aldiz jokatuko du Promozioko buruz buruko finala, datorren asteko larunbatean, azaroak 28, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Elordi edo Egiguren V.aren aurka neurtuko ditu indarrak.

2017. urtean jantzi zuen txapela estreinakoz, Bakaikoari 22-18 irabazita. Urte bikaina egin zuen herritarrak, hilabete batzuk lehenago Promozioko binakakoa irabazi zuelako Erasunekin batera.