Txapela janzteko moduko finala (22-18)

Axier Arteagak egurrean jarraitzen du 2017an. Promozioko binakako txapela irabazi eta hilabete t'erdira, buruz burukokoa jantzi zuen atzo Iruñeko Labrit pilotalekuan, Joanes Bakaikoa 22-18 mendean hartu eta gero.

Txapela kentzekoa baino, janztekoa izan zen atzoko finala. Bai behintzat Arteaga II.arentzat. 2017a bere urtea izaten ari dela frogatu zuen Iruñeko Labrit pilotalekuan, majo sufritu eta gero 22-18 irabaziz Joanes Bakaikoa nafarrari. Hilabete t'erdian Promozioko binakako eta buruz burukoko txapelak jantzi ditu aurrelari lasarteoriatarrak. Horrekin aski ez, eta atzo irabazi zuenez, datorren urtean Buruz Buruko Txapelketa Nagusian ariko da.

Gure herritik joandako ehundaka zaleek hauspotuta, bikain ekin zion norgehiagokari Arteagak, konfiantzaz, pilotak gozatuz eta behar zenean tantoak ongi bukatuz. Ezer gutxi ahal egin ahal izan zuen Bakaikoak ordura arte.

Partiduaren gidoia erabat aldatu zen orduan. Bakaikoa norgehiagokan sartzen hasi zen pixkanaka. Sakea berreskuratzean on egin zion, eta Arteaga zigortu zuen pilotak ezker hormara arrimatuz. Oraindik tanto batzuen aldea zuenez, aurrelari lasarteoriatarrak tantoak bukatzen saiatu zen baina ez zuen asmatu. Bakaikoak pixkanaka-pixkanaka jan zion aldea, baina hala ere atsedenaldira aurretik joan zen, 12-11.

Segi, lortu arte

Atsedenalditik bueltan partidu berri bat hasi da, orekatua oso. Tanto bakoitza garaipen txiki bat zen bi pilotarientzat. Arteagak serio jokatzen jarraitu zuen. Bakaikoak hamabina berdintzea lortu zuen, baina inoiz ez zen jarri aurretik markagailuan partidua bukatu aurretik. Aurrelari lasarteoriatarrak 15-12 aurreratzea lortu zuen, baina nafarrak berriro berdindu zuen neurketa, 15-15.

Orduan erdietsi zuen Arteagak gerora erabakigarria izango zen tartea, 20-15 aurreratuta. Bakaikoak ez zuen etsi eta 3-0eko partziala sartuta 20-18 hurbildu zen, baina aurrelari lasarteoriatarrak ez zion ihes egiten utzi txapelari. Bigarrena du hilabete eta erdian. Orain arte egin dituenak handiak izan dira, baina hau hasi besterik ez da egin. Zale lasarteoriatarrek atzokoan ere ozen errepikatu zuten bezala, "Axi, segi pelotan!".