Ana Moreno - Tecnun
Tecnun unibertsitateko Idazkaritza sailean lan egiten du Ana Moreno herritarrak. Bertan hasi zen euskara klaseak jasotzen, "praktikatzeko, entzuteko, hobetzeko, ulertzeko eta hitz egiteko". Unibertsitatean "gero eta ikasle gehiago" entzuten ditu euskaraz hitz egiten. Morenorekin ere hizkuntza horretan hitz egin ahalko dute, belarriprest izango baita herritarra, 2018ko Euskaraldian bezala.
Amaia Andonegi - Bankoa
Bankoa banketxeko herriko sukurtsalean bi arigune sortu dituzte. "Lankideok euskaraz lan egiten dugu eta hizkuntza horretan harremantzen gara; bezeroekin ere lehen hitza euskaraz egiten dugu", azaldu du Amaia Andonegi zuzendariak. Bera ahobizia izango da, duela bi urte bezala. "Jarrera kontua da; norberak lortzen ez duena ez da bere kabuz lortuko".
Joxean Belartieta - Ostadar SKT
Ostadar SKT kirol elkarteko kidea da Joxean Belartieta, eta futbol eskolako gaztetxoak entrenatzen ditu. "Futbolean presente dago erdara oraindik, baina urratsak egiten ari gara, pixkanaka. Guk, adibidez, eskolako haurrekin euskaraz hitz egiten dugu".
Ana Eceiza - Ana ileapaindegia
Belarriprest gisa arituko da Ana Eceiza aurtengo Euskaraldian. "Euskal hiztuna naizen arren, euskaraz hitz egiten ez duten bezeroekin erdaraz egiten dut. Nire parte hartzearekin, euskaraz hitz egiten duten bezeroek ileapaindegian euskaraz egiteko aukera bermatu nahi dut".
Monica de Orue - Orue farmazia
"Gazteleraren erabilera oso hedatuta dago, eta euskararena, berriz, gutxiago eta horregatik sortu dugu arigune bat; euskararen erabilera sustatzeko. Ahobizi rola aukeratu dut nik, hitz egiten dudan euskara goi mailakoa izan ez arren, moldatzen naizelako, eta praktikatzea gustatzen zaidalako, nahiz eta batzuetan ahaleginak egin behar izan".